Azaroak 26
Maialen Aranburu, ELA Irakaskuntzaren arduraduna (artikulu hau Klitto-n argitaratu da)
15-16 urte nituela pairatu nuen lehen sexu erasoa. Edo hobeto esanda, hori da gogoratzen dudan lehena, nigan suposatu zuen inpaktuagatik. Azken intsumisio eguna ospatzen zen Usurbilen, eta festa giro itzela zegoen, lortu zuten/genuen! Erasotzailea nere laguna zen. Berarekin harremana hautsi nuen arren ez nintzen ausartu gertatutakoaz inorekin hitzegiten eta ezinegon, lotsa eta frustrazio sentsazioen pisua barnean eraman nuen hurrengo urteetan. Seguraski berak bazekien hori, horregatik sentitzen zen hain seguru eta eroso konpartitzen genituen espazioetan. 18 urte nituenerako mugimendu feministan nenbilen eta feminismoak eraso hura eta atzetik etorriko ziren guztiak irakurtzen eta kokatzen erakutsi zidan, baina ez hori bakarrik, erasoen aurrean erantzuten ere irakatsi zidan, baita autodefentsa feminista eta sarearen garrantzia ere. Orduan, mutil hari telefonoz deitu, berarekin geratu eta beldurra bandoz aldatzea lortu nuen. Hortik aurrera paperak aldatu egin ziren, bera zen desoroso eta beldurtuta zegoena.
Guretzat egunero eta bizitzako eremu guztietan da Azaroak 25. Antolatu gaitezen, saretu gaitezen eta borrokatu dezagun heteropatriarkatuaren aurpegi guzti hauen aurka
Hala ere, horren atzerik beste asko etorri ziren, mota askotako eraso eta biolentziak: ukituak, jarrerak matxistak, txisteak, lan prekarietatea, bortxaketa saiakerak, kontrola, biolentzia instituzionalak, piropoak, bikotekidearen partetik biolentziak, militante kide gizonen partetik gutxiespenak, txantaia emozionalak, biolentzia sinbolikoa, erreproduktiboa, edertasunaren kanonen biolentziak, komunikabideetakoa… Heteropatriarkatua bere forma eta testuinguru guztietan. Heteropatriarkatua biolentzia baita. Emakume* orok egunero pairatzen duguna, alegia, zuei oso ezaguna egingo zaizue guzti hau.
Biolentzia guzti hauei kolektiboan eta feminismotik egin diet aurre, nere aliatu feministekin, emakumeekin* eraiki dut nire bizi-sarea. Inoiz ez naiz (in)justizia heteropatriarkalaz fidatu. Ezta gizonez ere, orohar, gehienetan (eta hala egin dudanean, gehienetan, kolpe latzak jaso ditut). Beti izan naiz kontziente erasotzaile potentzialak direla, nahiz eta momentu batzuetan ahaztu ere egin zaidan. Beti nahiago izan dut, eraso baten aurrean biktima beste aldekoa izatea, nahiz eta batzuetan ahulak ere bagaren. Eta eskerrak ahulak garen…
Atzo goizean, Donostiako manifara nindoala, trenez, nere ahizpa feministekin, manifara zihoan herriko militante gizon bat gure 4ko eserlekuetako batean eseri da, espazio osoa okupatuz: hankak zabal zabal, ahots ozenez elkarrizketa monopolizatuz… Ez diot ezer esan. Altxa eta beste eserleku batetara joan naiz. Bera lasai lasai eta gustora asko joan da indarkeria matxistaren aurkako manifara. Eskerrak erradikalak garen…
Guretzat egunero eta bizitzako eremu guztietan da Azaroak 25. Antolatu gaitezen, saretu gaitezen eta borrokatu dezagun heteropatriarkatuaren aurpegi guzti hauen aurka. Beldurra bandoz aldatzea posible delako, gure bizitzek merezi dutelako, GORA BORROKA FEMINISTA!!!