Kapitolioan gertatutakoa hemen errepikatzeko arriskuan al gaude?
Maia Beitia, ELA eskuhartze soziala Donostia.
Gai honen inguruan gauza asko esan dira eta erreakzio asko sortu ditu: harridura, haserrea, alarma, e.a. Baina baita indiferentzia ere, zirku baten itxura duelako edota urruti geratzen delako. Baina benetan Euskal Herrian salbu al gaude horrelako ekintzetatik?
Goazen lehendabizi erasotzaileen perfila zehaztera, gehienak gizonezkoa, denak zuriak, supremazistak, fanatiko erlijiosoak, ex-militarrak (gerran ibilitako jendea oraindik gaztea dena) baina denak armatuak baitira. Eta zer da esaten zutena? Demokraziaren alde ari zirela, Amerika berreskuratu eta salbatu nahi zutela beste gauza batzuen artean. Baina norengandik salbatu nahi dute beraiek badira pribilegioak dituztenak eta bestak zapaltzen dituztenak?
5 hildako egon dira, oso gutxi kapitolioa beste kolektibo batek erasotu izan balu egongo liratekeenekin konparatuz, imajinatu denak emakumeak, beltzak edo latinoak balira. Ziur aski ez ziren barruan hain lasai ibiliko ezta hain lasai irtengo. Espektakulu bat izan da, zeinak inpunitate sentsazioa azaltzen zuten.
Baina zergatik da gertaera hau hain kezkagarria? Batetik, errepublikarren erdiek ekintza hau babestu egiten dutelako, alegia, milioika jenderi normala iruditzen zaio bai ekintza bera eta bai aldarrikapenak. Bestetik, Trumpek inolako frogarik gabe iruzurra egon dela aldarrikatu du eta jendeak sinistu egin dio. Azkenik, Trumpismoa, Trump-en anti-politikaren (demokraziaren deslegitimizazioa) erraz hedatzen ari delako: Trump badoa baina Trumpismoa geratu egingo da.
Nola heldu gara egoera horretara?
Nahaste-borraste handia dago kontzeptuekin eta demokrazia denen ahotan dabil gauza kontrajarriak adierazteko. Horregatik, funtsezkoa da ahal den neurrian terminoak ordenatzea eta elementu ideologikoak identifikatzea.
Batetik, 3 ardatz identifikatu ditut, elkarren artean eragina dutenak: klase zapalkuntza, arraza zapalkuntza eta demokraziaren ahultzea.
Bestalde, kontuan izan behar da demokraziaren definizioa bera (herriaren boterea) gatazkatsua gerta daitekeela herria nola ulertzen dugunaren arabera, alegia, nork hitz egin dezakeen eta nork ez, nor den herriaren parte eta nor ikusezin, horren ikuspegi batzuk kontrajarriak izan baitaitezke.
1) Klase zapalkuntza
Langile klasearen pobretzea da, azken finean aberats eta txiroen arteko tartea handitzea. Politika neoliberalek gizarte- ongizatea deuseztatu dute eta zurien artean ere badago beharrizan material horien betegabetzeak eragindako ondoeza. Supremazista hauek arraza aldetik zapaltzaileak diren arren, klase aldetik zapalduak dira eta ondoez horrek eta egoera horretara heldu izanaren atsekabea da eskuin muturrarentzako zoru bikaina.
Egia da fanatiko asko daudela jarraitzaileen artean baina ez denak, eta horiek ezin ditugu gu baino tontoagotzat hartu. Beraien egoera oker hori aldatu nahiak kontatu dizkieten gezur erakargarriak sinistaraztera eraman dituzte.
Euskal Herrian gainera datorkigun krisi honetan langile klasearen beharrak erantzuteko alternatibarik ez bada hartzen, ez al da xenofobia gehituko? Aurrera eramandako politika neoliberalen ordez, ez al digute esango errua etorkinena dela, gu bezalakoa ez denarena?
2) Arraza zapalkuntza
AEBtako demokrazia arrazista egiturazkoa da eta bazterketa horretan oinarritu da bere fundaziotik eta gaur egun arte. Hala ere, 2020. urtean Black Live Matters mugimenduak zapalkuntza hori argitara ekarri zuen eta beltzak subjektu politiko bezala egikaritu zituen. Horrek tentsioa sortu du orain arte zapalkuntza hori naturaltzat jotzen edota eroso zeuden sektoreekin.
Supremazista hauentzat demokraziako “demos”-a, herria, zuria da eta beste guztiak kanpoan uzten ditu. Jende honen imaginarioan hegoaldeko herrialdeak daude oinarrian, konfederalak. Zer egin zuten herrialde hauek? 1860an Abraham Lincoln-ek hauteskundeak irabazi ondoren eta esklabotza indargabetu nahi zuela esan, 7 estatu hauek (Hego Karolina, Mississippi, Texas, Florida, Alabama, Louisiana eta Georgia) batasunetik aldendu ziren eta gerra zibila sortu zuen, egundaino iraun duen arrakala bat sortuz.
Gerra Zibil horretako galtzaileek memoria erromantizatuta dute bere iraganaren inguruan eta “galdutako kausan” sinisten dute, beraien ustez justua eta heroikoa baita. Jende horrek “Amerika berreskuratu eta salbatu” behar dela esaten dutenean, beltzekiko berreskuratu behar dela ari dira esaten, boterea soilik zuriengana itzuli behar dira. Eta horretarako Kapitolioa erasotu behar bada, egin egiten da.
Bestalde, komunikabideek hainbeste azpimarratzen duten fanatikoez gain, badago lehen komentatu dugun herritarren sektore bat bere egoera hobetu nahian istorio horrekin konektatu duena, agian beste alternatibarik ikusten ez dutelako, ziur aski terminoak oso nahastuta dituztelako eta orain arteko politikekin nazkatuta dagoelako. Beraz iraganaren berrirakurtze interesatu eta distortsionatua oso erakargarria suerta daiteke egungo ekintzak justifikatzeko.
Gu, euskaldunok, irakurketa gure historiaren irakurketa interesatu horietatik libre al gaude?
3) Demokraziaren ahultzea
AEBtako sistema benetan demokratikoa benetan ote den erabat zalantzagarria da, bozka nork eman dezakeen eta nork ez erabaki horretatik hasita (Kartzeletan egondakoek ezin dute bozkatu = Kartzeletan dauden gehienak beltzak dira = bozkatu ezin duten gehienak beltzak dira).
Hala eta guzti ere, Trump-ek demokraziaren arau guztiak saltatu ditu: iruzurra babestu (eta egiteko eskatu) du; "ez gara errendituko" eta "hil arte borrokatuko dugu" bezalako esaldiak erabili ditu zeinak gerrako testuingurukoak diren eta, beraz, anti-demokratikoak. Demokrazia eztabaida eta desadostasuna izan behar da, baina enpresen alde ari den zapaltzaile milioidunak guda ez du demokraziaren defentsarako ibiliko, berau deuseztatzeko baizik..
Aipa, baita ere, fanatiko erlijiosoek demokrazia fede kontu bilakatu dutela eta abortuaren aurka egingo duen edozein politikari indarkeriaren bitartez defendatzeko eskubidea dutela uste dutela. Beraz, nire fedeak dioena defendatzeko edozerk balio du, baita demokraziaren arauen gainetik badago ere.
Baina Estatuak zer rol dauka guzti honetan? "Chicago Boys"ek politika neoliberalekin AEBtan egon den Gizarte-Ongizate apurra desagertu zenez geroztik eta pribatizazioak (osasungintza kasu) sekulako triskantza egin ondoren, Estatua oskol huts antzeko bilakatu da, benetan agintzen dutenak multinazional korporatibistak izanik.
Libertarismo horrek dakar, hain zuzen ere, (zergarik ezak eta Estatua merkatuaren kontuetan ez sartzea), baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko tartea handitzea. Eta faxismoa da kapitalismoaren aurpegirik basatiena, indartsu eta zorrotzena,
Ondorioak AEBtan eta munduan
Kapitolioari eraso egin izanak jarrerak erradikalizatu ditu, demokrazia barregarri utzi du eta Estatutik kanpoko eta arau demokratikoak ukatzen dituen, alegia, kolpista den mugimendu antolatu bat sor dezake. Eta mugimendu horren aurka sistema bere horretan defendatu nahi izateak sistema patriarkal, zapaltzaile eta arrazista bat justifikatzera eraman gaitzake konturatu gabe.
Bestetik, erreferente bat sortu zen du mundu mailan Trumpismoa gure artean geratuko delako (urrutira joan gabe Ayuso izan daiteke bere ikaslerik finenetakoa). Bada demokraziak sortzen dituen galderetako bat, joko arauak errespetatu nahi ez eta bortxa erabiltzeko prest daudenekin zer egin behar den. Komunikabideei dagokienez argi dago: ez zaie inolako ikusgarritasunik ez ahotsik eman behar, hori baita eskuin muturrarentzat lehendabiziko garaipena. Beraz, ze paper jokatzen dute komunikabideek horrelako ekintzak behin eta berriro botatzen dutenean? Eredugarritasun horretan zerikusi handia dute eta eskuinaren botoen igoeran konplize zuzenak dira.
Azkenik, alderdi politiko bakoitzak gertaera honen bere erabilera egiten du eta intransigenteenek zilegiak diren besteen protestak isilarazteko erabil dezakete (adibidez "rodea el congreso" bezalako ekintzak).
IKASGAIAK:
1- Benetako demokrazia desadostasuna da, biztanleria anitz guztiek lekua izango dutena eta subjektu politikoak etengabe sortzeko presu horretan ematen diren tentsio horrekin.
2- Ezkerreko politikak behar ditugu hiritarren beharrak asebeteko dituen inbertsio ausartekin: fiskalitate aldaketa, sozietate-zerga igotzea, gastu-sabaia kendu, e.a. Langile klasea txirotzeak ideologikoki muturreko jarrerak hartzea dakar.
3- Kontua izan behar dugu identitate esklusiboekin (gu X gara, zuek ez). Identitate faltsu hau iraganaren irakurketa interesatuan oinarritzen da eta egungo bazterketa eta zapalkuntza justifikatzeko erabil daitezke (Espainian El Cid Campeador bezalako figura edota Euskal Herrian RH negatiboa edota euskal arrazaren mitoa).
4- Hezkuntza behar da txikitatik kontzeptuak ikasteko, eztabaidan aritzeko, izpiritu kritikoan hazteko. Hori da gerora manipulazioetatik libra gaitzakeen ezagutza eta entrenamendu bakarra.
Laburbilduz, orain da garaia Kapitolioan gertatutakoa hemen ez errepikatzeko neurriak hartzeko, demokrazia indartu, denoi lekua egin eta krisiari murrizketak ez diren beste alternatiba batzuk aurkitzeko. Aldiz, ez bada ezer egiten eta hemen ere jarrerak erradikalizatu eta demokraziarekin atsekabeturiko jendeak indarkeria erabiliz beste bide batzuk bilatzen dituenean beraien nahigabea adierazi eta beharrak betetzeko erantzuleak hainbat izango dira, zuzenak (aktiboak) eta ez-zuzenak (hau aurreikusi eta ezer egin ez dutenak).