ELA sindikatuaren urtekaria: 2024ko 100 garaipen sindikalak

2025/02/13
Garaipenak.jpeg
Urtekariak, hilabeteka antolatuta, ia 100 garaipen sindikal jasotzen ditu, protagonistei egindako elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak, zerbitzu juridikoak); gatazka eta akordio bakoitzari buruzko oinarrizko datuak; argazkiak; eta ELAk borroka sindikalaren eraginkortasunerako funtsezko datuak: ELAren diru sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia kutxaren indarra (5.653 pertsonek kobratu zuten 2024an) eta afiliatuentzako zerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.).

Ikusi 2024ko urtekari osoa

ELAk 125 greba antolatu zituen 2024an eta hamarkada osoko estaldurarik handiena lortu zuen (532.500 pertsonek hitzarmen berritua daukate), gainerako sindikatuek baino 0,3 puntu gehiagoko soldata igoerarekin. Bide beretik, 2024ko urtekaria aurkeztu du ELAk, erresistentzia kutxaren eraginkortasuna frogatzen duten ia 100 garaipenekin (5.653 pertsonak kobratu zuten 2024an).

Garaipen eta gatazka sindikalak ez dira ezerezetik sortzen; horren atzean antolaketa lan sistematiko bat dago, lan munduaren merkantilizazio eta indibidualizazioren aurka borrokatzeko.

ELAk bere atal sindikalen antolaketa indartzea erabaki zuen 2021ean, sindikalizazio prozesu berri baten bidez, eredu eta lan modu berrietara egokituta, eremu sakabanatu, ezegonkor eta zailenetan ere konfrontazio gaitasuna irabazteko helburuarekin.

2024an, 250 atal sindikaletan aktibatu zen prozesu hori, ia 900 ordezkari inplikatuta, datozen urteetan konfrontazio moduan fruituak emango dituen antolaketa kolektiboko prozesu batean. Urtekari honetan jasotzen diren garaipenak erabaki estrategiko haren emaitza dira, hain zuzen ere: indibidualizazioari aurre egiteko, sindikalizazioa.

Prozesu horren erakusgarri dira Natra, Amazon, Guimon Klinika edo Zumaiako etxez etxeko arreta bezalako enpreseetan lortutako garaipenak. Garaipen horiek, hain zuen, antolatzeko eta erantzun sindikala emateko modu berriak behar zituzten eremuak ziren, eta haien garaipenak erreferenteak dira sektore osoentzat.