Sexu-hautu librea eta klase harrotasuna
Erakundeetan (ez askotan ere) bandera koloreduna zabaltzen den egun honetan eta “gay friendly” kontsigna nonahi hedatzen delarik, sindikatu garen aldetik gure ekarpenik berezkoena lan-mundutik abiatzen da, eta hau da gure adierazpenaren oinarria.
Aitortu beharra dago, eta inor ez da harrituko, esatean mundu sindikala eta esparru laboralarekin lotutako beste sektoreak ez direla aitzindariak izan LGTB kolektiboen eskubideei dagokienez.
Ustez gure diskurtsoan eta ideia politikoetan badago ere, kolektibo hauen borroka sarri esparru pribatura edo banako kontu baten mailara mugatuta geratzen da; eta badakigu espazio pribatua banakoaren eta isiltasunaren sinonimo dela, gauza publiko eta agerikoen aldean. “Izenik ez duenak ez du izanik”.
Baina zera publikoa eta pribatua, isilpekoa eta agerikoa izatea kontrajartzen diren ekuazio honetan zergatik ez dugu berreskuratuko ideia bat? Alegia, “pertsonari dagokiona ere politikoa da”? Gure etxe eta logelen barnean gertatzen den guztia despolitizatzen bada, hau ez da kasualitatez izaten.
Arau orokorretik aldentzen diren gorputz, nahi eta bizi-hautuek gure jendarte eredua errotik zalantzan jartzen dute. Gure bizimoduaren ardatz heteropatriarkalarekin talka egiten dute, hau jendartearen “koipeztatzaile natural” gisa oharkabean baitago hor. Lan-merkatua beste euskarri normatibo bat bilakatzen da klase eta kasta sozial zein ekonomikoen sistema honetan.
Horrenbestez, esparru laboralean zigortu egiten dira arau orokorrarekin bat ez datozen genero-identitate eta -hautuak, are gehiago emakumeen kasuan. Agian ez da zuzenean izango, baina zeharka lesbofobiak, homofobiak edota transpatologizazioak egitura sozial eta ekonomiko guztietan du eragina.
Gaurko egoeran moralaren eta ohitura zaharren aitzindariak indarrez oldartzen dira eta hierarka neoliberalekin ezkonduta daude; hortaz, “lan-merkatuan pertsona guztiei tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzea” saihestu ezineko printzipioa dugu, eta horri egunetik egunera gero eta kutsu politiko handiagoa eman behar diogu.
Negoziazio kolektiboa eta gure ekintza sindikala edukiz bete behar dugu eta proposamenak egiteko baliatu. Bai, baita LGTB pertsonen eskubideen aldeko borrokan ere.
Lantokietan bete beharreko neurri eta ekintzak lortu behar dira, plataforma erreibindikatiboetatik eta are berdintasun-planetatik hasita. Ezin da onartu lanpostu bat lortzeko unetik bertan jarraitzeko uneraino, edo garapen profesionala erabakitzerakoan, hautu sexual desberdina, arauzkoa ez den genero-identitate bat edota horiek agertzea diskriminazio eta desberdintasun faktore bihurtzerik.
Egungo garaiok gure aurkakoak badira ere, eta olde sozial, moral eta ekonomiko neokontserbadore bati aurre egin behar diogun arren, gizarte-mugimenduek eta sindikalismo erreibindikatiboak bat egin behar dute tamaina horretako erasoen aurka.
Halaber, sakoneko ordenamendua astindu ezean, gure pentsamolde, gorputz eta agenda politikoak aldatzea oso zaila izango da, politika, kultura edo jendarteko pertsona ospetsu bakan batzuk armairutik irten, sexuz aldatu edo noizbehinka gure genero-identitateak zalantzan jarriagatik ere.
Tokiko erakundeek ere azken aldion LGBTen adiskide direla aldarrikatzen dute, baita sentsibilizatzeko kanpainak eta horrelako gauzak egin ere, baina era berean mantendu egiten dituzte sexu-askatasunaren aurkako eta ordena eta arauzko jokabidea sagaratzen dituzten udal-ordenantzak eta idatzi gabeko legeak.
Beraz, aitortuz zaila dela betidanik ezkutuan eta dikriminatuta izan diren LGBT kolektiboen aldarrikapen sozial eta laboralak politizatzea eta agenda orokorrean sartzea, ELAk ekainaren 28 honetan bat egiten du borroka egun honekin, klaseko harrotasunez eta sexu-hautu askea aldarrikatuz.