Euskotarrak gira

2026/10/07
EuskoBiltzarra.png
Joan den irailaren 12an izan zen Euskal Monetaren ezohiko Biltzar Nagusian galdera bati erantzun behar izan zitzaion: Ontzat ematen dugu Euskoaren izena eta irudi grafikoa berehala lagatzea Nafarroako Baztan eskualdean eta Gipuzkoako Oarsoaldean antolatzen ari diren tokiko monetei? Gehiengo handiz urrats hori ez egitea erabaki zen. Zer dela izan zen emaitza hori?

Iñaki Berhocoirigoin, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zuzendaritzako kidea (Enbatan argitaratutako artikulua)

Badira urte batzuek aipatutako bi eskualdeetan Iparraldeko Euskoaren ereduari jarraiki tokiko monetak esperimentu gisa sortzeko asmoa zegoela. Nahiko azkar, Euskoaren eta Euskal Monetaren bazkide historikoen kezka nabari izan zen, azkarregi zihoan erritmoari eta zehaztutako lehentasunei buruz. Izan ere, beldur baitziren jendartean ez zeudela aski errotuta, eta instituzioek gehiegizko pisua zeukatela egitasmo horietan. Ikusi zen proiektua oso goitik beherakoa zela, hots, Euskoa sortzeko bidearen alderantzizkoa. Azkenik, bi esperimentazio-eremuetan Eusko izena erabiltzeko egiten zen premiazko eskaerari goizegi egina zela irizten zitzaion, gobernantzari buruzko funtsezko gaiak artean argitu gabeak baitziren.

Azken hilabeteotan bi ikusmolde bereizi agertu dira egitasmoa gauzatzerakoan hautatu beharreko estrategiaren inguruan: Batetik, erabakitzea Eusko izango zela tokiko diru guztien izena, nahiz eta euren arteko trukerik egiteko aukerarik ez zuten ematen; aldiz, beste kontzeptua zen sinbolismoaz haratago tokiko monetak izen ezberdinekin indartzea eta ondorengo jarraipena elkarrekin erabakitzea, diru bakarra lurralde guztietan zehar mugitzeko oztopoak desagertzen direnean.

Elementu hauek guztiek baldintzatu zuten irailaren 12ko bozketa.

Tokiko monetek zarata handirik gabeko iraultza dakarte. Eraldaketa sozialak eguneroko bizimoduan gauzatzen dituzte. Eusko billeteak erabiltzen ditugunean edo euskoak kontu batean ditugunean, non erabili bilatzen dugu. Esaterako, honez gero tokiko diruari esker jakiak ez ditugu supermerkatuan erosten. Nahiago dugu baserritarrei edota gertuko dendariei erosi. Behin ohitura hau hartzen dugunean ez dugu atzera egiten. Horrela sostengatu egiten ditugu Euskoarekin bat egin duten profesionalak, hau da, Euskoaren balioak aintzat hartzea erabaki dutenak. Zirkulua bertutetsua da.

Eremu zabalago batean, adibidez Euskal Herri osoan, tokiko monetek badute beren lekua. Funtzio bat bete dezakete lurralde barneko loturak indartu eta Euskal Herria eraikitzerakoan. Beharrezkoa da halako monetak nonahi sortzea. Etorkizuneko erabiltzaileak (herritarrak, elkarteak, profesionalak, instituzioak, etab.) dinamika honetan sartu behar dira. Lagun diezaiegun dirua sortu eta zirkulazioan jartzeko pausoak ematen, eta inspiratu ditzagun ezarri beharreko oinarriei dagokienez. Gero, moneta hauek indartzen direnean, guztien arteko sarea osatu ahal izango da. Orduan etorriko da lotzeko, elkarren artean fusionatzeko edo bat egiteko moldeei buruzko eztabaida, baita izen bera eman behar zaien ala ez.

Euskoak, Europako tokiko moneta nagusia izanagatik ere, Iparraldeko finantza-fluxuetan ez du pisu handirik. Bere burua garatzen eta indartzen jarraitu behar du. Baina Euskal Moneta, duen eskarmentua eta ibilbide luzea medio, Hegoaldeko esperientzien gidari eta lagun izan daiteke, "zazpi monetak bat" bidean. Euskal Herriko tokiko diru guztiak egunen batean elkarrekin funtzionatzeko helburua mobilizaziorako ardatz izan daiteke. Hau da guretzat joan den irailaren 12ko Biltzar Nagusiak utzi duen irakaspen nagusia.