Ikaro, euliak eta klima
Joseba Azkarraga Etxagibel, Berria 2015/05/31
Japoniarrek sashimi platera maite dute, eta atungorria omen barietaterik maitatuena. Ba, berriki heldu zait Mitsubishi-k, munduko inperio korporatiborik handienetakoak, eman duela erantzun burutsua: modu masiboan erosi du atungorria, eskuratuz munduko merkatuaren ia erdia. Litekeena delako munduko populazioa jaistea modu dramatikoan, diote. Atungorria inportatu eta -60°Ctan izoztu dute izozkailu erraldoietan. Arrazoia: prezio astronomikoan jar daiteke atungorria baldin eta, aurreikusten den bezala, komertzialki iraungitzen bada Atlantikoko atungorria (atun-ontziak ase ezinik baitabiltza Mitsubishiren eskari asegaitza). Ikuspegi ekologikotik, barrabaskeria morala da. Baina etekina ahalik eta gehien maximotzea bilatzen duen ikuspegi ekonomikotik, operazio logikoa da, baita inteligentea ere: zenbat eta atungorri gutxiago ozeanoan, orduan eta baliotsuagoak izoztegietako gutiziak.
Artikoa urtzen ari dela-eta, ahotsa askatu zitzaion petrolioaren eta gasaren industrian handienetakoa den Roman Abramovitx errusiarrari: «Sinplea da: urtero tenperatura igotzeak izotza urtuko du, eta Artikoan eremu berriak irekiko zaizkigu petrolioaren eta gasaren esploraziorako... Ikertzaileek esaten digute Artikoaren azpian dagoela planetaren lur azpian ustiatu barik dagoen baliabide fosilen laurdena... Ni neu negozio gizon ona naiz; beraz, lanerako garaia da». Giza ale hori nondik atera ote den pentsatuko du bakarren batek. Hitzokin ez ote zitzaion odola lepotik burura igo aurpegia lehertzeraino. Halako txakal bihozgabeak, ikuspegi klinikotik erremediorik gabekoak ote diren, gizarteak marjinaturik ote dauzkan.
Ez juzgatu norbanakoa, ezpada halako ikusmolde gaixoa ernetzen, gorpuzten, legeztatzen deneko zorua. Kontua ez da ziraun itxurako lerdo moralak ote diren; kontua da gaurko munduaren egikaritzea. Bere funtsezko arau kolektiboetan eta instituzioetan dago gakoa: etekin ekonomiko berehalako eta handiena (berdin dio aurretik zer eraman), ez da soilik aukera posible bat, legez horixe da egin beharrekoa. Badago, beraz, halako arduragabekeria estruktural instituzionalizatua. Erakundeturik ditugu suizidio kolektiborako dispositiboak, gordinago esanda.
Segitzen dugu gizartea eta biosfera doitzen ekonomiaren beharretara, ekonomia bera doitu beharrean giza premietara eta biosferara. Akats horrekin zuzen goaz greziar mitologian Ikaro gisa ezagun den heroiaren patura: hain altu egin nahi zuen hegan, non argizarizko hegalak urtu zitzaizkion eguzkiaren beroarekin. Gure hedabideek berri on gisa formulatu ohi dute hazkundea, ariko baikinateke altuera irabazten, galdetu barik zer den hazi dena, nola banatu den, zein efekturekin ikuspegi metabolikotik (zenbat baliabide kontsumitu, zenbat hondakin sortu), norantz garamatzan hazkunde eredu horrek, eta abar luze funtsezkoa. Garaia dugu galdetzeko komunikazio molde hori ez ote den Mitsubishiren edo errusiarraren bertsio soft are onartuagoa. Arduragabekeria insituzionalizatuagoa.
Ez dago gizadiarentzat aldaketa klimatikoa baino mehatxu larriagorik, seguru asko. Eta guk sorturikoa da, ez esleitu inori meritua. Eta, hondagarria izango bada ere hanka bikoon ongizaterako (baita gaur bizirik dirauten askorentzat ere), erantzunak jarraitzen du hotzetik epelera eta epeletik hotzera. Haserretzerainoko urruti dago erantzun eraginkor eta inteligente langatik. Are, munduan gora doaz isurketak, gora doa gehienon karbono aztarna indibiduala ere, ohore eginez bezala Thelma & Louise filman bi emakume protagonistek amaieran eginiko hautuari: behin hona helduta, mon 'amie, zapaldu azeleragailua eta egin gaitezen amildegi.
Beraz, seguruenera ez dago arazo larriagorik; geuk sortua da, eta ez dago erantzun kolektibo inteligenterik. Gehi diezaiogun laugarren faktore bat aldaketa klimatikoari: datu zientifikoak eskuetan, bihar ez, gaur da erabakiak hartzeko unea, saihestu nahi badira geure aparatu kognitiboak nekez irudika ditzakeen jokalekuak.
Naomi Klein analista kanadarrak oraingoan klimaren aldatzeari erreparatu dio. Eta goiburu esanguratsua jarri dio liburu mardul berriari, sustoa oraindik gorputzean itsatsita lukeela dirudi: Honek den-dena aldatzen du. Aldaketa klimatikoaren auziak eroan ei du autorea halako eboluzio intelektual eta politiko adierazgarrira: kapitalismoa arautzearen aldeko jarreratik, funtsezko eta urgentziazko neurri sakonagoak proposatzera. Baztertuz kipularen gainazalean geratzea, hobetsiz muina berrikustea.
Izan ere, nola ari den eulia leihoko kristalaren kontra burukoak eman eta eman, aurkitu ezinik kanporako bidea, halaxe gaude hamarkadatako erreformismo tradizionalaren bidetik, handitzen isurketak, larriagotzen mehatxua, azeleratzen amildegirantz, entzungor eginez komunitate zientifikoaren ohartarazpen gero eta kezkatiagoei. XXI. mendean, babaloreak ere ekologiaren alde egonik, arazoa ez da izango ekintza falta, ezpada ekintza eraginkor falta. Garaiz eta ganoraz erantzutea, bestela esanda.
Euskal gizartean bada jabetu denik desafioaren tamainaz eta 2015ak duen garrantziaz (aurtengo abenduan ospatuko baita Parisen nazioarteko konferentzia erabakigarria). Alternatiben Herrixka dugu: nahi da gizarteko sektore zabalak mobilizatzea, erabakitzaileek senti dezaten kokotean erantzun kolektibo inteligentearen hatsa. 2013ko urrian ospatu zen lehenengoz Baionan, Bizi! mugimenduaren eskutik, hamabi mila lagun bilduta. Bilbon izango dugu berriz urriaren 24an. Lehenago, ordea, Donostiako Antiguan ekainaren 6an, festa giroan alternatibez blaitzeko aukera.
Berandutzen ari zaigu, baina oraindik badira bideak aldaketa klimatikorik larriena saihesteko, urratuz trantsizio ekologiko eta energetikoa, justizia sozialarekin batera. Jakinik protestatzea ez dela nahikoa, gaurtik erein behar dela bestelako gizartegintza. Euliok: badakigu zer egin, badugu aski jakintza metatua gizartegintza berrirako, badakigu leihoaren kontra burukoak emateari utzi eta non den aterabiderako zirrikitua. Indarrak batu behar aginpide tanatikoak hankaperatu eta erabaki inteligenteak hartzeko.