[Argitalpena] Klase miopia: psikologia eta sindikatuak (2/2)

2021/01/12
Emakume sindikalistak AEBtan.
Emakume sindikalistak AEBtan.
Afiliazioa sendotzeko zerumuga berrien bilaketan, sindikatuen joera da sektore feminizatuak, migratzaileak eta beste arraza eta etnia batzuetako pertsonak antolatzea. Hau da, bazterketarekin eta lana eta familia-bizitza uztartzearekin loturiko gaiak hartu dituzte sindikatuek ardatz argi eta esplizitu, eta negoziazio kolektiborako erronka berriak identifikatu dituzte. Hala, soldata duinak, lan-arloko segurtasuna eta osasun- aseguruak eta erretiroak ezartzeaz gain, bestelako aldarrikapen eta hobekuntza batzuk ere eskatzen dituzte: ordutegien malgutasunarekin loturikoak, adineko pertsonen zaintza, haurren zaintza, familia-lizentziak eta lanaldi partziala eta horren onurak sustatzea, besteak beste.

Bernice Lott, Psikologia Departamentua, Rhode Island Unibertsitatea.

(Dokumentu osoa irakurri)

(Irakurri Klase miopia: psikologia eta sindikatuak 1/2)

 

 

Inklusioa eta aniztasuna

[...] 2005ean, emakumea zen negoziazio kolektiboaren babespeko langile guztien %43. Ia 7 milioi dira afiliatutako emakumeak, eta, horrenbestez, “herrialdeko mugimendu feministen artean talde antolatu handiena” dira. Antzeko hezkuntza- eta prestakuntza-mailak izanik ere, sindikalizatuta dauden emakumeek %31 gehiago irabazten dute ez daudenek baino. 2004an, sindikalizatutako emakumeek batez beste orduko 19,18$ irabazten zuten, eta sindikalizatu gabekoek, aldiz, 15,05$. Eta, gainera, sindikalizatutako emakumeek joera handiagoa dute osasun-asegurua, pentsioak, amatasun-sorospena, familia-lizentziak eta lanean malgutasun handiagoa izateko.

1980ko hamarkadatik hona, garaipen sindikal nabarmenenak sektore ekonomiko feminizatuenetan eta arrazializatuenetan lortu dira. Beste era batera esanda, arrakasta sindikal handienak honako hauetan izan dira: sektore publikoan, osasun arloan, etxearen zaintzan, hoteletan, elikadura-zerbitzuetan, manufaktura arinetan, eskoletako zerbitzuan diharduten langileen artean, eta unibertsitateko ikasle eta langileen artean (Bronfenbrenner, 2005; Milkman, 2007). Gaur egungo mugimendu sindikalean ahotsik indartsuenetako bat National Nurses United edo Erizain Nazional Batuena da (Service Employees International Union, SEIU edo International Union Enplegatu Zerbitzuko kide da sindikatu hori) (Sharp, 2011). Gaur egun, AFL-CIO barnean hiru lidergo-postu nagusietatik bi emakumeek betetzen dituzte, eta hainbat sindikatu nazionaletan ere emakumeek betetzen dute presidente kargua.

Cranforden esanetan “emakumeek genero-desorekak modu esanguratsuan birnegoziatzeko ahalmena izan dezakete sindikatuetan”. Garbiketaren sektorean lidergo postuak betetzen dituzten emakumeei buruzko azterlan batek agertu zuen emakumeentzat zer onura ekartzen dituen sindikalismoak: eraldaketa pertsonala eta politikoa, ahalduntze handiagoa, beren ikuspuntuak aintzat hartuak izateko konfiantza handiagoa eta sindikatuetan gehiengoa gizonezkoa delako ustea auzitan jartzea.

Ekintza sindikalaren eraginkortasunaren eta parte-hartzearen pertzepzioa handiagoa da gutxiengo etnikoetako emakumeen artean eta ondoren gainerako emakumeen artean [gizonezkoen aurretik]. Horrela erakusten du AEBetako ipar-ekialdeko tokiko sindikatu bateko afiliatu kopuru handi bati posta bidez eginiko inkesta batek. Sindikatuek gero eta kezka handiagoa agertzen dute lantokian gertatutako sexu-gehiegikerien kasuak tratatzeko, eta batzuek zenbait prozedura jarri dituzte martxan generoaren ondoriozko gehiegikeriak eta bazterketa salatzen dituzten emakumeei laguntzeko. Emakume sindikalisten lagin baten emaitzei erreparatuta, datuek erakusten dute emakumeek prestutasun handiagoa agertzen dutela jarduera sindikaletan parte hartzeko baldin eta sindikatuak sexu-jazarpenarekiko tolerantziarik adierazten ez badu eta horri loturiko prozedura eta politika sindikalak ezarrita baldin baditu (Mellor eta Golay, 2014).

CIO izan zen eskubide zibilen eta berdintasun etnikoaren alde lan egin zuen lehen sindikatuetako bat. Horretarako, presioa egiten du lantokietan, sindikatuetan eta legedi federalean inklusibitatearen bidean eta arraza-bazterketaren aurkako borrokan urratsak emateko. Garbiketako langilek 1968an Memphisen egin zuten greba entzutetsuan, Martin Luther King bere babesa ematera bertaratu zen (han hil zuten), eta langileek “Gizona naiz” zioten kartelak eramaten zituzten (Isaac eta Christiansen, 2002). Gaur egun, langile afroamerikarrak gehiengo zabala dira sektore publikoan, proportzio izugarrian gainera, eta langile beltz guztien %13,4 sindikatu batean afiliatuta dago. Horrek esan nahi du, ehunekotan neurtuta, gainerako talde etnikoetan baino handiagoa dela afiliazioa beltzen artean (Bureau of Labor Statistics, 2013). Langile sindikalizatu beltzek %35 gehiago kobratzen dute, eta sindikalizatutako latinoek %51 gehiago, sindikatu batera afiliatu gabeko etnia berekoek baino. Ez da harritzekoa, beraz, langile ez-zuriek jarrera aldekoagoa agertzea sindikatuekiko zuriek baino, eta “langile-mugimendua funtsezko erakundetzat hartzea, horren bidez arazo ekonomiko, sozial eta politikoei aurre egin ahal izateko” (Chang, 2003). Bada korronte bat langile latinoen prestakuntza helburu duena (horietatik 2,1 milioi sindikalizatuta daude), eta agiririk ez duten etorkinentzat amnistia eta herritartasuna lortzeko lanean diharduena. Maiatzaren Lehena, langile-klasearen nazioarteko eguna, egokiera ezin hobea bihurtu da AEBetako etorkin-komunitateek beren kezken berri eman dezaten.

Sindikatu batzuek ere bat egin dute sexu-gutxiengoen aurkako bazterketa desagerrarazteko borrokarekin, eta, 1997. urteaz geroztik AFL-CIOk talde eratzaile formaltzat onartu ditu LGTB kideak. Sindikatuak ofizialki aintzat hartutako Pride at Work (Lanean Harrotasuna) talde horretan 16 departamentu exekutibo zeuden 2005ean. Beraz, sexu-gutxiengoen aurkako bazterketari aurre egiteko lan horri dagokionez, AEBetako mugimendu sindikala “arazoaren eragile izatetik soluzioaren eragile izatera pasa da” (Hunt eta Boris).

Langile gazte eta etorkinen artean, soldata txikiak eta lanaldi partzialeko eta aldi baterako kontratuak dituztenen artean, nabaritzen da sindikatuekiko interesa birsortzen ari dela. “Ikusezin” bihurtzen diren horien artean, alegia. Haietako askok etxeko lanetan jarduten dute, laneko eta lan-osasuneko araudiek ematen duten babesetik kanpo geratu ohi diren enpleguetan. Halaber, McJobs delakoetan ere egiten dute lan (kalifikazio baxua eskaintzen duten zerbitzuetan, ostalaritzan eta txikizkako salmentan, eta gutxieneko soldataren truke); alegia, normalean “kale itsutzat” hartzen diren enpleguetan. Lan horiek izendatzeko moduak berak gutxietsi egiten ditu, sektore horietako baldintzak hobetzen saiatzeko gogoa kentzen du eta, aldi berean, lotsa-sentimendua sortzen du. Lan horietan batez besteko errotazioa %100ekoa izaten da; izan ere, jardun oso estresagarriak eta errepikakorrak izaten dira, egutegi eta ordutegi aldetik zalantza handikoak. Supermerkatuen sektorean, hobekuntza nabarmenak eskuratzen lagundu dute sindikatuek: soldata igoerak, baldintzen hobekuntza eta tratu txarren eta kaleratzeen aurkako babes handiagoa. Horrela erakusten du supermerkatuen sektorean sindikalizatutako langile gazteei eginiko azterlan batek.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, AEBek dute gaizki ordaindutako lanen proportzio handiena industrializatutako herrialde guztien artean. Hori da, besteak beste, janari azkarra prestatzen duten sukaldarien, hoteletako garbitzaileen, kutxazainen eta ospitaletako zeladoreen kasua. Ikasitako sukaldari batek, lanaldi osoan lan eginda, urtean 19.000$ baino gutxiago irabazten zuen 2012an, eta kutxazainek, 21.000$ baino gutxiago. Gaizkien ordaindutako langileak McDonalds eta gisako janari azkarreko jatetxeetan aritzen dira lanean. Hain zuzen, 2 milioi pertsona baino gehiago daude enplegatuta horrelako tokietan. AEBetako korporazio handienetako zazpitan lan egiten duten langileek urtean 30.000$ baino gutxiago irabazten dute.

Zaintzen sektorean, etxeko arreta pertsonalaren esparruan enplegua azkar hazten ari da, beste sektore batzuekin alderatuta. Hala ere, sektore horretan lan egiten dutenetatik %57 inguru pobreziaren atalasean bizi da. Gutxieneko soldata kobratzen duten langileen artean, gehiengoa helduak dira (%80 gutxi gorabehera), eta enpresa handientzat lan egiten duten emakumeen eta zehazki amen proportzioa neurriz gainekoa da.

Sindikatuek jarraitzen dute ahalegin historikoak egiten “soldata txikiak dituzten langileen bizimodua hobetzeko eta … desoreka murrizteko” (Greenhouse, 2008). Salatzen dute etnia eta generoa direla desorekaren sorburu, baina harago joanez, adina eta prestakuntza-maila apalagoak ere desoreka horren eragile direla salatzen dute. Justizia sozialaren eta eskubide zibilen alde lanean ari diren mugimenduekin lankidetzan, langile horien soldatak handitzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko ekintzak ari dira sustatzen sindikatuak. Oso adierazgarria da New York Cityko janari azkarreko jatetxe-kate batean izan zen grebaren adibidea. Haietan, batez besteko soldata orduan 9$-koa da (urtean 18.500$ lanaldi osoko langile batentzat). Bitmmanek jakinarazten du nola “elikagaien eta txikizkako salmentaren sektoreko langile gero eta gehiago borrokan ari diren oinarrizko eskubideak lortzeko: soldata duin samarra, lan-ordutegi bat, antolatzeko eskubidea, osasun-aseguruak, gaixotasun-sorospena, oporrak eta errespetua”. Lan hori egiteko eta errazteko, SEIUk aholkularitza eta finantza-laguntza ematen diete langile horiei. National Domestic Workers Alliance delakoak (Etxeko Langileen Aliantza Nazionala), sindikatu baten laguntza duen taldeak, hiriguneetan haurrak eta helduak zaintzen eta garbiketan lan egiten duten 2.000 langileri baino gehiagori eginiko lehen inkesta nazionalaren emaitzak argitaratu ditu. Parte-hartzezko metodologia baten bidez, ikertzaileek agerian utzi zuten etxeko langileek jasaten dituzten gehiegikeria eta esplotazioa. Gehienak emakume etorkinak eta afro-amerikarrak dira, eta ez dira ausartzen beren egoera salatzera errepresaliak jasotzeko eta lana galtzeko beldur direlako.

Unibertsitatearen esparruan, 2000ko hamarkadaren hasieraz geroztik, kontratu ezegonkorrak edo behin-behinekoak dituzten fakultateko kideengana jo zuten irakasleen sindikatuek, bi helburu nagusirekin: inklusioa sustatzea eta langile horientzat lan-arloko segurtasun handiagoa, soldata bidezkoagoak eta baldintza hobeak lortzea. Nire unibertsitateak American Association of University Professors (AAUP) edo Unibertsitateko Irakasleen AEBetako Elkartean hiru sekzio ditu: lanaldi osoko irakasleentzat, jada graduatutako laguntzaileentzat eta aldi baterako irakasleentzat.

(Irakurri: Klase-miopia: psikologia eta sindikatuak 1/2)