(Argitalpena) Zorra, menderatzeko tresna

2024/02/29
hands-passing-money-table-corruption-bribery.jpg
Txosten honek zorraren inguruan eraikitako makineriaren hausnarketarako eta ulermenerako hurbilketa izan nahi du. Horregatik, XX. mendearen bigarren erdian kokatu eta gaur egunera arte eramango gaituen begirada bat behar da nahitaez. 2008ko krisia eta krisialdiaren osteko hamarkada aztertu ondoren, nazioarteko zorraren krisi berria eta Europako gobernantzaren esparru berria aztertuko dira, zeinak zalantzarik gabe kontinente osoko langileengan ondorioak izango dituen. Azkenik, zenbait irtenbide proposatzen ditugu, egungo egoeraren paradigma aldatzeko beharrezkoak direnak.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Zorra hasiera-hasieratik erreinuak, inperioak eta herrialdeak menderatzeko tresna gisa erabili izan da. Antzinatik, zordunek era batera edo bestera jasan dituzte zorpetzearen ondorioak, gerra, konkista eta espoliazio moduan. Erdi Aroan, zorra funtsezko elementua izan zen, eta kapitala metatzeko jatorrizko moduetako bat. XIX. mendean ere paper garrantzitsua izan zuen herrialde periferikoak menderatzeko herri kolonizatuen espoliazioaren bidez, eta, beraz, ezinbestekoa izan zen potentzia kapitalista nagusien politika inperialistan.

Zorrak jokatu duen papera urrunetik dator, baina indarrean jarraitzen du mende honetan ere. 2010eko zor subiranoaren krisia eta austeritate-politikek ekarritako zerga-arauak dira horren erakusle. Zor-sistemak, jatorrian, periferia globaleko herrialdeei egiten die erreferentzia, baina sistema horrek ekonomikoki garatuen dauden herrialdeei ere eragin die. Europa hegoaldeko herrialdeen artean, besteak beste, Estatuak diziplinatzeko eta gobernantza neoliberala finkatzeko baliatu izan da.

Gaur egun, zorrak garrantzi berezia du. Gogora dezagun pandemiak osasun sistema kolokan jarri zuela eta baliabide ekonomikorik eza agerian geratu zela. Zorpetzea izan zen gobernuek krisiaren ondorio negatiboak murrizteko hartu zuten aukera, baina, era berean, administrazio publikoen pasiboek nabar­men egin zuten gora. Egia da zor publikoa fokutik kanpo egon zela denbora horretan, baina covid-19aren krisia amaitu eta Europar Batasuneko arau fiskalen etete-aldia amaitutzat eman ondoren, berriro jarri da jomugan.

Garrantzitsua da adieraztea azken hiru urteetako hazkunde iraunkorra eta diru bilketaren igoera gorabe­hera (neurri handi batean inflazio handiaren ondorioz), zor-maila covid-19aren aurreko mailaren oso gai­netik dagoela. Hori dimentsio anitzeko krisi-ingurune batean gertatzen ari da (ekonomikoa, klimatikoa eta geopolitikoa), batere lausengarriak ez diren hazkunde-aurreikuspenekin eta gizarte-premiak handitzen ari direlarik. Beraz, kontu publikoak koadratzea buruhauste bat bihurtuko da administrazio publikoentzat.

Txosten hau hainbat ikuspegitatik aztertuko dugu. Batetik, ikuspegi global batetik, hego globaleko zor-sistemaren helburuen eta emaitzen salaketa egingo dugu, eta, bestetik, Europa-Estatuko esparrutik eta eurogunearen eta Europar Batasunaren barruan egoteak ekarri duena analizatu. Ikuspegi horiek irakurt­zeaz eta aztertzeaz gain, egungo egoera zehatzaren datuetan oinarritutako azterketa kritiko eta zorrotza egitea ere du helburu.

Txostenaren helburua zorra eztabaidaren erdigunean jartzea da, izan ere, bigarren maila batean utzi baita, baina zalantzarik gabe, ezkerreko diskurtso politikoaren elementu nagusietako bat izan beharko luke. Hortaz, txosten honek zorraren inguruan eraikitako makineriaren hausnarketarako eta ulermenerako hur­bilketa izan nahi du. Horregatik, XX. mendearen bigarren erdian kokatu eta gaur egunera arte eramango gaituen begirada bat behar da nahitaez. 2008ko krisia eta krisialdiaren osteko hamarkada aztertu ondo­ren, nazioarteko zorraren krisi berria eta Europako gobernantzaren esparru berria aztertuko dira, zeinak zalantzarik gabe kontinente osoko langileengan ondorioak izango dituen. Azkenik, zenbait irtenbide proposatzen ditugu, egungo egoeraren paradigma aldatzeko beharrezkoak direnak.