Erdialdeko Amerikako meatzaritza-estraktibismoari amaiera emateko premia eta bidezko trantsizio ekosozial baten beharra
2025eko uztailaren 7tik 20ra bitartean, Erdialdeko Amerikako iparraldeko meatzaritza-estraktibismoari buruzko euskal bira Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren izan zen. Biran, Euskal Herriko eta Erdialdeko Amerikako hainbat militantek, akademikok eta kazetarik eskualdeko meatzaritzako megaproiektu nagusien inpaktuak aztertu eta horien aurkako herri erresistentziak lagundu genituen.
Hala, zuzenean ezagutu ahal izan genituen honako megaproiektu hauek eragindako gatazka ekosozialak: Asunción Mita herrian (Jutiapa, Guatemala) kokatutako Cerro Blanco urre-meategia, Kanadako Aura Minerals enpresarena; El Estor herrian (Izabal, Guatemaka) nikela erauzteko Fénix proiektua, Soulway Investments enpresak Fénix Nickel filialaren bitartez lideratua; Los Pinares/Ecotek inbertsio-enpresak bultzatutako burdin oxidoen meategia, Guapinolen (Tocoa, Colon, Honduras) erauzketa eta energia arloetako megaproiektu-konglomeratuaren ardatza dena; eta urrearen eta beste metal batzuen meatzaritza El Corpus herrian (Choluteca, Honduras). Gainera, El Salvadorreko gobernuak 2017tik metalen meatzaritza debekatzen zuen legea indargabetu du. Horrek Cabañas bezalako eskualdeetara meatzaritza itzultzea eragin dezake. Hain zuzen ere, Cabañas izan zen El Dorado meategi historikoaren kokagunea. Eta hori guztia autokrazia neoliberal gero eta handiagoko testuinguru batean.
