[Argitalpena] Azterketak 43. Etxebizitzaren arazoa Hego Eusko Herrian: diagnostikoa eta alternatibak

2022/04/11
portada eus.png
Zenbait datu lortzeko zailtasunak gorabehera, dokumentu honetan etxebizitzaren arazoaren diagnostikoa egingo dugu, baita eremu honetan EAEn zein Nafarroan egiten diren lege eta politika publikoak analizatu ere. Halaber, azken urteetan arazo honen inguruan sortu diren gizarte-mugimenduen eta herri-erakundeen ekintzen berri emango dugu, baita instituzio publikoen partetik dagoen parte-hartze eza ere. Azkenik, etxebizitza duina izateko irtenbideak bilatze aldera ELAk egiten dituen proposamenak zerrendatuko dira.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

 

Etxebizitza erabiltzeko ondasun gisa hartu beharrean kapital ondasun gisa hartzea, horixe da arazoaren muina. Honek ekarri du eraikuntza, higiezinen eta finantza sektoreak, herri-administrazioen onespenaz, lehentasunez salerosteko etxebizitzak eraiki izana, errentagarriagoak direlako. Ondorioz, etxeak edukitzeko era orokorrena jabetza da, eta alokairuaren pisua oso txikia da inguruko beste herrialde batzuekin alderatuta.

Haatik, erosita zein alokatuta dela ere, bizileku bat lortzeko aukera oso zaila da, prezioak oso garestiak direlako. 2008ko krisiaren ondoren finantzatzeko baldintzak zorroztu egin dituzte bankuek, eta jende asko etxea erosi ezinik geratu da lan prekaritatea nagusi den testuinguru honetan aurreztea ezinbestekoa delako. Alokairuari dagokionez, eskaintza murritzak eta gazte jendearen eskari gero eta handiagoak prezioen garestitze jasangaitza eragin du. Garestitze hori gehien pairatzen duen kolektiboa gazteena da; emantzipatzeko adina batez beste 30 urtetikgorakoa da.

Alokairuko eskaintza txikiaren arrazoietako bat da Erabilera Turistikorako Etxebizitzak ugaldu direla. Putre-funtsek ikusi dute negozio hauek errentagarriagoak direla, eta alokatzeko etxeen eskaintza murriztea zein prezioen igoera ari dira behartzen. Horren ondorioz, batetik, auzoetako biztanleak periferiara joan behar izaten dira. Bestetik, iruzur fiskala areagotzen da, esaterako honelako bizilekuak kudeatzen duten Airbnb eta antzeko enpresen aldetik, baita legez kanpoko ostatuen aldetik ere.

Arazo hauei erantsi behar zaie aurreko krisian sortu eta gaur arte iraun dutenak. Etxegabetzeak ohiko praktika dira HEHn, batik bat alokatutako etxeetan. Gainera, ehundaka lagun bizi da HEHko kaleetan; hau gutxi balitz, zenbait udalek, esaterako Bilbokoak eta Gasteizkoak, galarazi egin nahi dute pertsona hauek gutxieneko aterpe edo leku babestuan lo egiteko aukera.

Arazo hauek guztiak hor direlarik, etxebizitza kopuru handi bat hutsik dago, eta hauek irtenbidea izan litezke. Herri-erakundeek kanon bat ezarri ez ezik politikak sustatu behar dituzte ere bizileku hauek alokairuko merkatura atera daitezen, merkatuko prezioen azpitik.

Erakunde publikoek zaindu behar dute etxebizitza benetan eskubide subjektiboa izan dadin eta legeak ez daitezen paper erre bilakatu. Ikusi dugunez, legediak ez dio konponbiderik eman etxebizitzaren arazoari, eta ez da gauza izan alokairuko prezioen etengabeko igoera geldiarazteko. Estatuko Etxebizitza Lege berriarekin, behintzat, ez da honekiko aurrerapauso nabarmenik egingo.

Borondate politikoa neurtzeko modu ona da EAEko zein Nafarroako aurrekontuetan etxebizitzarako zenbat diru jartzen den. Bi kasuetan aurreikusitako kopurua guztiz urria da, eta horrek galarazi egiten die milaka biztanleri etxe duin bat baldintza egokietan lortzeko aukera. Agerian geratu da ere etxebizitza-parke publikoa txikiegia dela ELGAko beste herrialde batzuen aldean, batik bat alokatzeko etxebizitza babestuen kasuan.

Azkenik, etxebizitzaren auziaren inguruan kolektibo eta sindikatu ugari sortuagatik ere, etxebizitza-politiken plangintzan parte-hartzerik ez dago oraindik. Kolektibo hauek, jende zaurgarrienaren eguneroko arazoak ondo ezagutzen dituztenak, oso lagungarriak izan litezke drama sozial honi aurre egiteko benetako ekinbideak taxutzerakoan.

Dokumentuko irudi eta grafikorik esanguratsunak:

irudi 1 etxebizitza jabetza.png

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

(Dokumentu osoa)

portada eus.png