Mafaldak egia borobilak esaten ditu
Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz Institutua.
Azkar batean prestatu nuen bidaiarako behar nuen makutoa, arropa bi, hotzerako jaka bat, eta irakurtzeko Mafaldaren liburuxka bat hartu nuen logelako mahaigainetik. Gero bulegoan, FOESSAren 2014ko Gizarte Bazterkeriaren gaineko txostena inprimatu nuela aprobetxatuz, zorroan gorde nuen -txostenaren laburpena, lan osoak 600dik gora orri ditu eta-.
Burua fresko neukan abiatu nintzenean, eta txostenari heldu nion hasteko. Estatu espainiarreko Gizarte Bazterkeriaren prozesuak aztergai dituela, bete-betean asmatzen du errealitatea ikuspegi multidimentsional batetik marrazten. Maneiatzen dituen datu estatistiko eta grafikoak bezain erakargarria da idazketaren estiloa, lengoaia bera. Pertsonei buruz hitz egiten du, jendarteari buruz, giza kapitalaz, kolektiboaren garrantziaz, antropologiaz...Hitzetan asmatzen jakiteaz gain, hitzak asmatzen ere jakin dute.
Datu bat: espainiar gizartearen muina, “erabat gizarteratuta” dagoen jendartea, gutxiengoa da honezkero. Espainiar estatuan biztanleriaren %25 bazterkeria egoeran dago, 11.700.000 bat pertsona. Hauen artean, 5.000.000 dira bazterkeria larrienean bizi direnak.
Dokumentuak, gizartean errotuta dagoen okerreko ideia bat gezurtatzen du: ez da egia krisiaren kaltetu nagusiak “klase ertainak” direnik. Klase apalenak dira krisiak gogorren zigortzen dituenak. Garrantzitsua da hori argi izatea gizartearen imajinarioatik soluzio posibleak eraikitzerako orduan: klase apalenak egon behar dute politika publikoen jomugan. Analisi desegoki batek, klase apalenak dianatik kanpo uztera desbidera gaitzake. Txostenak argi eta garbi uzten digu, politika publikoak bazterkeria eta pobrezia egoera larrienean dauden haiengana bideratzea ezinbestekoa dela.
Egitura sozialean gertatzen ari dena ulertzeko funtsezkoa da lan merkatuan egosten ari dena ezagutzea. Lehenik eta behin, desenpleguaren izaera estrukturala. Bigarrenik, soldaten debaluazio orokorra: soldatapeko pertsonen artean %15a bazterkeria egoeran bizi da. Hirugarrenik, lan erreformetan jartzen du arreta, eta azkenik, debaluazio okupazionalean.
Azken urteetako agenda erreformistak gizarte-akordioaren haustura dakarkigu eta merkatu-kontratu baterako bidean kokatu gaitu. Gure gizarte-kontratua sinbolikoki merkataritza-kontratu bat bilakatzen ari da. Gizarte ereduaren oinarria definitu eta egituratu duten eskubideak erasotzen ari dira. Eskubideen galeraz gaindi, eskubideetan oinarrituta, oinarrizko beharrizanak asetzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeko baldintzak dira kolokan daudenak.
Guztien ongia litzakeena definitzeko kontsentsurik, ez dago. Aberatsen sezesio morala pairatzen ari gara: aberatsenek ez diote gizarteari ezer zor eta nolabait esatearren gizartetik banandu dira. Norberak merezitakoa (hau da, irabazitakoa) dauka eta estatuaren beraren funtzio birbanatzailea kolokan dago. Gainera, kontuan hartu behar da austeritate neurriak ez direla neutralak birbanaketa terminoetan. Esate baterako, osasunaren esparruan egindako erreformen eraginez, lehen sektore publikoak bere gain hartzen zituen gastuak pribatizatu egiten dira eta familia edota mugimendu sozialentzat zama bilakatzen dira. Kaltetuenak, noski, gizarteko kolektiborik zaurgarrienak dira: gaixo kronikoak, 26 urtetik gorako langabetuak, egoera legalean ez dauden pertsona immigratuak...
Pentsio-sistema eraldatzera datozen erreformak, neutralak izan ordez, zentzu bikoitzean dira larriak. Historikoki, pertsona nagusien kolektiboa zaurgarria izan ohi da. Krisiaren eraginez, pertsona nagusiak euskarri sendoa bilakatu dira beren familientzat: erretiro-pentsioa dute, etxebizitza baten jabe izan ohi dira eta familia harremanak zaindu eta gorde ohi dituzte. Hiru elementu hauen aurka doan neurri orok, pertsona nagusien ongizatea kolokan jartzeaz gain, haien familien egoera ere hondoratu dezake. Pentsio-sistemak onuradun zuzen direnen zahartzaro aktibo eta autonomoa bermatzen dituzte, eta gainera, segurtasun-sarearen oinarria ere badira. Horregatik da larria, bereziki 2010etik hona pentsioen erreformarako joera.
Beharrizan kolektiboei erantzuteko modua eraldatzen ari da. Bizitze sozialaren pribatizazioaren ereduan gaude eta ez da eredu hau antropologikoki zalantzan jartzen. Are gehiago, krisia gainditzeko, eredu honen iraupena ezinbestekoa dela sinestarazi nahi zaigu. Gizarterik gabeko hazkundean murgilduta gaude, eta zilegitasunik gabeko harremanak nagusitzen ari dira: kohesioa, gizarteratzea eta gutxieneko batzuen babesa bermatzeko gaitasuna galtzeaz gain, gizartearen eraldaketarako gaitasunean fedea galdu da.
Txostenaren irakurketa bukatutzat eman nuenenean, Mafaldaren liburuxka hartu nuen, buruari nolabaiteko arnasa emateko. Danoi pasa zaigu, kanta bat entzun eta guretzat idatzia izan dela sentitzea. Aspaldi idatzitako kanta batek, bapatean, gure bizitzako gertaera konkretu bati doinua eta errima jartzen asmatzen du. Mafaldaren binetak atenporalak izanik, nola ote dira gai, gaurkotasunean irauteko? Neska honek eta bere lagunek, FOESSA txostenak beste egia esaten dute.
Ez da kasualitate hutsa. Bidasoa ibaia gurutzatu nuen unean bertan konturatu nintzen, liburuz aldatu arren Mafaldarekin txostenak jorratzen zituen gaietan hausnartzen jarraitu nuela, trantsiziorik gabeko jarraitasunean.
Quinoren neskatoa bere onetik ateratzen da. Nola da posible, arazologo gehiago izatea gure artean, konponbidelogoak baino! FOESSA txostenak, arazoak identifikatzen asmatzeaz gain, zenbait konponbide proposatzen ere asmatzen duela esango nuke. Gutxieneko diru-sarrera minimoen garrantziari erreferentzia egiten dio -tamalez, dokumentu honen 700 orriek ez dute Marotoren hitzek bezain besteko oihartzunik izango-.
Baina testuak egiten dituen aldarrien artean, beste bat nabarmendu nahiko nuke, hain zuzen ere, gizarte-akordio berri baten eraikuntzari dei egiten dion aldarriari. Ildo honetatik, Ekonomia Sozialean dabiltzan mugimenduak eta gizarte mugimenduak deitzen ditu, elkarrizketa zibil baten eraikuntzan parte har dezaten.
Horixe nabarmentzen dut, Mafaldaren lagunak aipatzen duen arkakusoa eta tren-gidaria irudikatu ditudalako. Eta gu danok, arkakusoak garelako.