"Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala" liburuaren aurkezpena
Liburua online hemen duzu eskuragarri: https://labur.eus/YRK0S
Liburua paperean jaso nahi baduzu idatzi email honetara: fundazioa@ela.eus
Liburuaz
Liburu honen edukiak sistema sozioekonomiko kapitalistari, oro har, eta egungo euskal kapitalismoari, bereziki, alternatibak bilatzeko beharretik abiatzen dira. Horretarako, gizarte-ekonomia eraldatzaileari lotutako azterketa-, pentsamendu- eta praktika-ildoak planteatzen dira, estrategia sozioekonomiko subiranista bat eraikitzen aurrera egiteko oinarrizko tresna gisa. Esparru horretan, kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren eta sindikalismoaren arteko harremanari buruzko hausnarketak eta proposamenak egiten dira, baita sindikalismo eraldatzaileak bultzatu beharreko enpresa-eredu edo ekoizpen-unitate motari buruzkoak ere. Horretarako, ezinbestekoa da lanaren eta langile-klasearen kontzeptua birplanteatzea.
Egileak
Oscar García Jurado (koord), Gorka Julio Hurtado, Beñat Irasuegi Ibarra eta Andoni Mikelarena Urdangarin, Talaios-Aholkularitzako kideak dira. Talaios kooperatiban teknologia libreetan oinarritutako tresna digitalen azterketa eta garapenean jarduten dute. Teknologia libreen erabileran prestakuntza ere eskaintzen dute. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan kokatuta erabat, enpresa eredu berriak sortu eta hedatzen laguntzen dute.
Liburuaren koordinatzailea, Oscar Garcia Jurado, Talaios Andaluziako kide ere bada, eta Ekonomia sozial eta solidarioarekin, lurralde-ekonomiarekin edo enpleguarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterlanak egin eta prestakuntzak ematen ditu. Portal de Andalucian idazten du eta argitalpen kontseiluko kide da.