Eric Toussaint: zorra ez da zertan ordaindu behar
Eric Toussaint zorraren auditorietaz aritu da. Herritarrek sindikatu eta mugimendu sozialen bidez zorraren auditoria bat egitearen garrantzia azpimarratua du, sistema deslegitimizatzeko eta jendea gai honetan hezitzeko. Zorraren tabuarekin amaitu behar dela esan du: zorra ordaintzeari uko egin diezaiokegula ohartu behar da jendea, ez dela derrigor ordaindu behar.
Zentzu horretan esan du badagoela legedia horri buruz. Zorra normalean ordaindu egin behar da, legeak dioenez, baina salbuespenak badaude: adibidez baldintzak aldatzen direnean zorra ordaintzeke utzi daiteke. Horietako kasu bat da Behar Egoeran egotea. Greziak adibidez arrazoi hau erabil dezake bere zorra ez ordaintzeko, gobernuak zorra ordaintzeagatik ezin dituelako gutxieneko giza eskubideak bermatu bere herrialdean. Behar Egoeran dago, horregatik zorraren ordainketa bertan behera utz dezake, herritarren behar funtsezkoenei erantzun ahal izateko.
Zor Ez Zilegia da beste kasu bat. Gauza bat da zorrak legalak izatea, baina horrek ez du bermatzen zilegiak direnik. Adibidez, gobernuek azken 15 urtetan kapital eta botere ekonomikoari zergak barkatu dizkiete, eta zerga bidez diru sarrerak murriztuta aurrekontuak finantzatzeko zorra jaulki. Zor hori ez da zilegia, justizia sozialaren eta berdintasunaren kontra doalako. Indar harreman kontua da, ea lortzen dugun indar nahikoa zor hori ez zilegi bezala izendatzeko.
Bada ere Zor Gorrotagarria. Zor Gorrotagarria Troikak Grezia, Irlanda eta Portugali emandako zorra da. Gorrotagarria izateko bete behar diren hiru baldintzak betetzen dituzte Troikak emandako zor hauek: 1) Jendeari ez zaio iritzia galdetu, ez da demokratikoa 2) Eskubideak bortxatzen ditu 3) Hartzekodunek hau guztiaren jakitun ziren. Zorra gorrotagarria bada ordaindu gabe utzi daiteke legez.
Zorra ez ordaintzea posible da. Argentinak 2001etik zorra ordaintzeri uko egin eta 8 urtetan %8ko hazkundea izan du. 2001etik Argentinak ez dio zorrik ordaindu ez Espainia, ez Frantzia ez Estatu Batuei, eta ez da ezer gertatzen. Estatu hauek ez diote ezer. Zergatik? Adibidea beste herrialdeetara zabal ez dadin, guztiek berdina egiteko beldur direlako.