Alda : 5 urte ekinez, 5 urte garaituz

2025/11/25
AG-Alda-2025-photo-collective-5-ans-1080x675.jpg
Larunbat honetan, azaroaren 22an, Aldak mugarri sinboliko garrantzitsua iragan du. Bere Biltzar Nagusian sortu zeneko bosgarren urteurrena ospatu du eta lortutako garaipen indibidual eta kolektibo anitzen bilan mamitsua azaltzeko parada izan du, baita Aldak Euskal Herriko etxebizitzaren egoeran izan duen eragina aztertzeko, auzo eta herritar xumeen eskubideen defentsan eginiko lana ospatzeko eta hurrengo erronkak mahai gainean jartzeko ere

Irakurri 2025eko bilan osoa (frantsesez, sarrera euskaraz)

 

2020ko udazkenean Covid bete-betean sortua, auzo eta herri eremuetako biztanleen eskubideen aldeko elkartea Ipar Euskal Herriko ezinbesteko erakunde bilakatu da 5 urte eskasean.

Bere mobilizazioari esker, egiturazko garaipen anitz lortzen lagundu du, Ipar Euskal Herriaren eta bere 330.000 biztanleen egoeran eragin zehatza izan dutenak: konpentsazio araudia ezartzea etxebizitzak Airbnb moduko enpresen negozio ez bilakatzeko (Hexagonoan Airbnb-ren aurkako lege moduan ezagutzen dena), alokairu prezioak mugatzea gune tentsionatuetan, HLM alokairu etxebizitzetan truke poltsa bat sortzea, Iruzur Alokairuen Aurkako Batzordea abian ezartzea, etab.

Elkartasun tresna

Euskal Herriko hainbat hiritan (Hendaian, Donibane Lohizunen eta Baionan) arreta guneak ireki dira, eguneroko arazo edo bidegabekerien biktima diren guziendako funtsezko tresna bilakatuz. 5 urtean, Aldak 4.000 pertsona inguru lagundu ditu Ipar Euskal Herri osoan: kopuru handia, lurraldeko etxebizitzaren egoera lazgarriaren isla. Boluntario taldeak egituratu dira, eguneroko behar eta eskaera andanari erantzuteko, banakako garaipenak lortzeko eta eguneroko borroka horiek borroka kolektibo bilakatzeko.

Auzo ezberdinetan antolaturiko 6 taldeen bidez Ipar Euskal Herriko herri auzo guzietan Alda aldizkariaren 41.000 ale banatzen dira doan. Etxebizitza parke sozialean maizterrak ordezkatzen dituen elkarte nagusia bihurtu da. Edota etxebizitza eskubidearen egunarekin batera Auzloan jardunaldiak antolatu ditu. Egindako guziaren bidez, Alda egiazko elkartasun tresna bilakatu da, laguntza, formakuntza, elkarri babesa eskaintzen duena eta egiazko elkartasun kolektiboa berreskuratzen laguntzen duena, maila guztietan erabakiak baldintzatzeko eta bere ahotsa entzunarazteko gaitasuna duen tresna.

Geroz eta gehiago gara

Biltzar Nagusiak azken urteari buruzko informazioa ere eman du: 937 pertsona eta familia sostengatu ditu (urtero emendatzen den kopuru bat), 1.150 afiliatu ditu hilabetean 5 edo 10 euro ordaintzen dutenak, Donibane Lohizuneko (Alda Urdazuri) auzo talde berri bat sortu da eta existitzen diren kolektiboak sendotu eta hedatu dira, Auzolan – Etxebizitza Eskubidearen Egunaren 2. edizioa antolatu du, 4,200 pertsona elkartuz (lehen edizioan 1.000 pertsona elkartu ziren).

Tamaina handiko erronkei egin zaie aurre azken urtean: konpentsazio araudiaren defentsa eta horren kontrolaren eta aplikazioaren zaintza, alokairuak mugatzeko neurriaren aplikazioa eta alokairuak hobetu eta luzatzearen aldeko mobilizazioak, iruzur alokairuen aurkako borroka, etxebizitza sozialetako eguneroko lana maizterren ahotsa entzunarazteko, lurren eta etxebizitzen salmenta prezioak mugatzeko neurrien ezartzea. Aldak bere proposamenak defendatu ditu toki guztietan: tokiko hautetsiekin, Asanblea Nazionalean, baita Europako Parlamentuan ere.

Biltzarrena parte hartu duten 102 kidek bilan moral eta finantzarioari babesa adierazi diote eta heldu den urteko helburuak onartu dituzte.

2026ari begira

2026ak erronka ugari dakartza berarekin. Alokairuei muga jartzeko eta hobetzeko borroka jokoan dago (Echaniz diputatuak abenduaren 4az geroztik eramanen duen lege proposamen bat aztertuko da batzordean) eta Euskal Herriko maizterrei urtean 45.500 € aurreztea ahalbidetu dien neurri guztiz sozial baten patua ebatziko da.

Herriko hauteskundeek etxebizitza jokoan jarriko dute: Aldak Herrian Bizi – Se loger au Pays plataformarekin batera etorkizuneko hautetsiak interpelatuko ditu etxebizitza politika handinahi batendako giltzarri diren 17 neurrien zerrenda aurkeztuz.

2026an HLM maizterren hurrengo hauteskundeak iraganen dira udazkenean. Parke sozialean, Aldak urtea hasiko du hezetasunak maizterren osasunean dituen ondorioak dokumentatuz.

5 urte, eta motibazio eta delibero berarekin jarraitzen dugu entzunak ez direnen ahotsa entzunarazteko eta Ipar Euskal Herrian gauzak aldatzeko!

Aupa Alda!