Inguru Gaiak 5: Euskal Herrirako energia-eredu iraunkor baterantz
INGURU GAIAK 5: Euskal Herriko energia-eredu iraunkor baterantz
Gorka Bueno, Telekomunikazio-ingeniaritzan doktore; Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko irakasle titularra (UPV-EHU)
Energiarekin lotura estua du gure zibilizazioaren iraunkortasunik ezak. Izan ere, gizateriaren aztarna ekologikoaren alderdi nagusia, gaur egun, “karbono-aztarna” deritzona da. Jarduera baten karbono-aztarna da giza jatorriko CO2-emisioak neutralizatzeko behar den baso-azalera. Erregai fosilen (petrolioa, gas naturala eta ikatza) errekuntzaren ondorio dira, gehienbat, emisio horiek. Aztarna ekologiko osoaren erdia baino gehiago da gure zibilizazioaren karbono-aztarna, eta Lurraren azalera bioproduktiboaren hiru laurden baino gehiagori dagokio.
Energiaren alorrean, berriz, Lurraren kapital naturalaren agortzeak eta ingurumenaren hondamenak mehatxu bikoitza (izugarria) dakarkiote gizateriari. Alde batetik, agortzen ari dira jatorri fosileko energia-erreserbak mundu osoan. Energiaren Nazioarteko Agentziak 2010ean aitortu zuenez, 2006an jo zuen goia munduko petrolio-ekoizpen konbentzionalak: 70 bat milioi upel eguneko (IEA, 2010). Bestetik, klima-aldaketak mehatxupean jartzen du gure zibilizazioaren bideragarritasuna.
Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren 15. Konferentziak (Kopenhage, 2009) aitortu zuenez, 2 ºC-ren azpitik eutsi behar zaio berokuntza orokorrari, zeinak 0,7 ºC egin baitu gora azken mendean, aurreikusi ezinezko ondorioak ekarriko dituen klima-aldaketa katastrofiko bat saihestu nahi bada behintzat. IPCCren aurrerapenari buruzko bosgarren txosteneko lehen zirriborroak (2013ko urrian argitaratua) zioenez, bi graduz behetiko berokuntza orokorrarekin bateragarria izango den egoera hipotetiko bati eusteko, % 80 inguru murriztu beharko dira berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak 2050erako, eta erabat galarazi 2070etik aurrera (IPPC, 2013).
“Bi mehatxuri egin behar die aurre munduak, eta biek dute lotura energiarekin: energia-hornidura egokia eta bermatua, arrazoizko prezioan, eskuratzeko modurik ez izateari, eta gehiegizko energia-kontsumoak ingurumenean eragiten duen kalteari”
Orokorrak, globalak dira bi mehatxu horiek (jatorri fosileko energia-baliabideen agortzea eta klima-aldaketa), eta urtetik urtera jatorri fosileko energia gutxiago kontsumitzera behartzen gaituzte. Gure planetako biztanle guztioi eragiten digute mehatxuok, Euskal Herrikoak ere barne garela, noski. Hego Euskal Herrian, baina, hirugarren mehatxu bat gehitzen zaie aipatutako biei: gure herriaren kanpoarekiko energia-mendekotasun izugarria. Gerora eman beharreko urratsak baldintzatu egiten ditu mendekotasun horrek, hein handi batean.
Energiaren Nazioarteko Agentziak —ELGAren mendeko erakundea; hortaz, Mendebaldeko ekoizpen- eta instituzio-sarearen interesei estu lotua— hau zioen 2006ko urteroko txostenaren laburpenean: “Bi mehatxuri egin behar die aurre munduak, eta biek dute lotura energiarekin: energia-hornidura egokia eta bermatua, arrazoizko prezioan, eskuratzeko modurik ez izateari, eta gehiegizko energia-kontsumoak ingurumenean eragiten duen kalteari” (IEA, 2006). Energia-eredua aldatu beharra dagoela zioen txostenak, nabarmenki eutsiezina baita. Egungo energia-ereduari eusteko ezintasuna dugu gure zibilizazioaren krisi sistemikoaren bektore nagusietako bat, eta krisiaren beste alderdi batzuei estu loturik dago: klima-aldaketari eta ingurumenaren hondamenari, baliabideen agortzeari, eta hazkunde ekonomiko iraunkor bat lortzeko ezintasunari.
"Hego Euskal Herrian, baina, hirugarren mehatxu bat gehitzen zaie aipatutako biei: gure herriaren kanpoarekiko energia-mendekotasun izugarria"
Dokumentu honen helburua da energia-ereduak ezinbesteko duen aldaketaren zenbait alderdi argitzea, Hego Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta betiere. Horretarako, lehenbizi, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoko (NFE) energia-adierazle nagusiak aztertuko ditugu, nazioarteko testuinguru hurbilenean. Azken bi hamarkadetako energia-kontsumoaren azterketako emaitzekin batera, datuok lagundu egingo digute gure energia-alorreko iraunkortasun-gabezia nagusiak atzematen. Bigarrenik, euskal administrazio autonomikoek hurrengo urteotarako dituzten energia-politiken ardatz nagusiak jorratuko ditugu, eta Europar Batasunak (EB) datozen hamarkadetarako jarritako helburuen arabera ebaluatuko. Lehenengo bi atal hauekin kenduko diegu mozorroa administrazioen mezu eta planek zabaldu ohi dituzten amarru eta makillajeetako batzuei. Esan dezagun, bide batez, plan horiek oso urruti egon ohi direla EBk jartzen dituen helburuetatik, nahiko epelak horiek ere. Hirugarren atalean, berriz, Euskal Herriko energia-eredu iraunkor batek behar dituen elementu nagusiak jorratuko ditugu. Etorkizuneko eredu iraunkor horrek, baina, kontuan izan behar ditu gure herriaren testuinguru geofisikoaren ondoriozko mugak (ukaezinak). Laugarren atalean jardungo gara muga horiei buruz, baita desafio bereziki garrantzitsu batzuei buruz ere.