Soldatak jomugan
Haimar Kortabarria, ELAko Zerbitzu Juridikoak (artikulu hau Landeian argitaratu da)
Tamalez, negoziazioaren beraren edukiarekin eta taktikarekin lotutako zailtasun horiei zailtasun legalak gehitu behar zaizkie. Izan ere, negoziazio kolektiboaren baitan, lan harremanen osotasunean gertatzen den bezala, erabakigarria da negoziazioa zein esparru juridikotan gauzatuko den ezagutzea, sinatutakoak benetako eraginkortasuna izatea nahi bada behintzat.
Azken bost urteotan goitik behera aldatu da negoziazio kolektiboaren esparrua definitzen duen araudia. Eta aldaketa horiek ez dira kasualitateak eragindakoak izan. Soldatak enpresen beharretara moldatzeko beharraz, malgutasunaz, eredu zaharkituaz hitz egin diguten guztien nahiak betetzera etorri da legedi berria. Soldatak jeistera, alegia. Helburu hori lortzeko ekaitz perfektua sortu dute krisiaz geroztik inposatu dizkiguten lan-erreforma guztiek, ustezko sozialisten eskutik lehenengo eta liberal peto petoen ekimenez geroago. Denek helburu bera: soldatak jomugan.
Azken bost urteotan goitik behera aldatu da negoziazio kolektiboaren esparrua definitzen duen araudia. Eta aldaketa horiek ez dira kasualitateak eragindakoak izan
Langile pobre nahi gaituzte
Soldatak jomugan ditu hitzarmenen iraunaldiari buruzko erregulazio berriak –ultraaktibitateari dagokionak, alegia–. Hitzarmena sinatzeko epe bat jartzeak eta epe horren amaieran amildegia ezartzeak ez ote du ba akordio erregresiboa bilatzen? Amildegia hitzarmen gabe geratzea da edo, kasurik onenean, zure lan baldintzak soldata apalagoa jasoko duen estatuko hitzarmen baten menpe geratzea.
Soldatak jomugan dituzte lan baldintzen funtsezko aldaketarako zein hitzarmenak aplikatzeari uzteko legean jaso diren prozedurek. Enpresariaren aldebakarreko erabakia inposatzen da akordio bidez eraiki zenari bizkarra emateko, aldebakarreko erabaki hori legean "bidezko kausez"jantzita ageri bada ere. Hitzarmena ez aplikatzeko bidezko kausa al da ba enpresa aurreko urteko hiruhilabeteko berberean irabazitakora edo saldutakora ez iristea?
Sektoreko hitzarmen probintzialek eraso bikoitza jasan dute: behetik, bertan jasotako baldintzek gutxienez errespetatu beharreko baldintza izateari utzi diotelako; eta baita goitik ere, sektoreko estatu mailako hitzarmenei azpiko eremuetako negoziazio kolektibo sektorialaren egitura ezartzeko gaitasuna eman zaielako
Eta soldatak jomugan ditu, ezbairik gabe, inposatu zaigun negoziazio kolektiboaren egitura berriak. Sektoreko hitzarmen probintzialek, hamarkadatan zehar gure negoziazio kolektiboko egituraren zutabe izan direnek, eraso bikoitza jasan dute: behetik, bertan jasotako baldintzek gutxienez errespetatu beharreko baldintza izateari utzi diotelako –legeak enpresa hitzarmenei emandako erabateko lehentasuna dela medio–; eta baita goitik ere, sektoreko estatu mailako hitzarmenei azpiko eremuetako negoziazio kolektibo sektorialaren egitura ezartzeko gaitasuna eman zaielako, hau da, zer eta non negoziatu daitekeen ezartzeko aukera dutelako. Estatu zein enpresa mailetan polarizatutako sistema ezarri nahi digute. Helburua argi dago, lan baldintzei buruzko erabakia estatu mailako hitzarmenetara bideratzea, bertako hitzarmenetako baldintzak –soldata barne– okerragoak direlako. Horrez gain, enpresa eremua –non langileak ahulago izan ohi diren– beti zabalik izango da berez kaxkarragoak diren baldintza horiek doitzeko.
Espainiako alderdi sozialistak 2011. urtean ezarritako egitura berri hori baliatzen ari dira estatu mailako hainbat eta hainbat hitzarmen gure negoziazio eremuetan esku hartu eta zer negoziatu dezakegun eta zer negoziatu ezin dezakegun inposatzeko. Negoziazio kolektiboaren birzentralizazio prozesu hau ahalbidetu duen 2011ko erreformak birrinduta utzi du 1994ko lan erreforman ezarri zen eta negoziazio kolektiboren deszentralizazioa bermatzen zuen Langileen Estatutuaren 84. artikulua: enpresaz gaineko edozein hitzarmen estatuko hitzarmenen gainetik zegoen. Hemerotekara jota, 1994an CCOO zein UGT kezkatuta agertu ziren deszentralizazioa bermatzen zuen araudi hori "estatuko lan markoaren haustura" gisa ikusi zutelako. Orduko lan arloko ministro sozialistak zera erantzun zien: "ezer ez da apurtzen, gertatu dena negoziazio kolektiboaren artikulazio are eta demokratikoagoa da". A ze paradoxa!