Sindikatu eta komunikabideen arteko elkarlana lan esplotazioa azaleratzeko: AHTren kasua
Urko Apaolaza, ARGIAko kazetaria ("Globalizazioa, lana eta botere sindikala" mintegian egindako komunikazioa)
Proiektu jasangarri eta probetxuzkoa balitz ere, hipotesi hori ez litzateke onargarria izango euren izerdia eta odola kondizio miserableetan saltzera derrigorturik aurkitzen diren horien esplotazioan oinarriturik baldin badago. Ez da etikoa, ezta gizalegezkoa ere. Eta aspektu horretan AHTko obretan gertatzen ari dena eta ikusi duguna oso urrun dago XXI. mendetik eta oso gertu XIX.etik. [...]
Azpikontratazioak erasandako eraikuntzaren sektorean izaten diren amarru eta gehiegikeriak zein diren jakitea ez da batere zaila, ezta AHT bezalako obra batean ere. Gure ondorioa da lan-ikuskaritzak ez duela bere lana behar bezala egiten zenbait obratan, AHTn ikusi dugun bezala
Abiadura handiko treneko obretara lehen bisitak egiten hasi nintzenean, eskandalizaturik itzultzen nintzen etxera bertan ikusitakoarekin. ELAko Gipuzkoako eraikuntza eta obra publikoetako arduradun Igor San Jose izan dut bidelagun, eta pausoz pauso nire begiz frogatu ahal izan dut egia direla berak askotan aipatutako lan erritmo “esajeratuak”, gehiegizko orduak eta soldata eskasak. Egia direla paga-estrarik eta oporrik gabeko nominak, egia dietarik gabeko errepideko bidaia luzeak, lan-ordu korrituak, lanik gabe geratzeari zaion beldurra. Espainiako Langileen Estatutu hutsala ere ez dute errespetatzen askotan. Azpikontratazioaren zirrikituak aprobetxatuz eta euskal konbenioei muzin eginez ordaintzen diete euren sorterrian apenas bizirauteko sosak adina, eta deserriaren babesgabetasuna baliatzen dute hori ezkutatzeko gainera. Langabeziatik ihesi datoz, askotan hipotekaren labana zintzurrean dutela, euren herrian lan eta bizitzeko esperantza galduta. AHTn ari diren beharginen %80 kanpotarrak dira, baina ez dira mertzenarioak, izatez, erbesteratu laboralak dira.
ARGIA eta Manu Robles-Arangizen arteko elkarlana
2016ko urtearen amaieran hainbat bilera egin ondoren elkarlanari ekin genion Manu Robles Arangiz fundazioak eta ARGIA aldizkariak. Bi eragile hauen arteko harremanak oso ohikoak ziren lehendik, ezagutzen genuen elkar, ARGIAk bere proiektu komunikatiboa berrantolatu zuenetik fundazioa aldizkariaren iturrietako bat zen maiztasun handiz. Konfidantza eta ezagutza horretan oinarrituta ekin genion elkarlanari. Zehazki, ELAk bazuen material handi bat pilatuta AHTko obretako lan-baldintzen inguruan eta esperientzia eta harremanak zituen bertako langileekin. Horri guztiari aterabidea ematea zen gure egitekoa. Beraz, ELAk lehen eskuko informazioa pasako zigun abiadura handiko obren inguruan gertatzen ari zenaz eta ARGIAk bere komunikazio tresnak erabiliko zituen horiek zabaltzeko.
Nolabait esateko, badago “Anaia Handi” bat guri begira, edo hori sumatu dugu behintzat etengabe: Abiadura Handiko Trenaren obretara bisitak egiterakoan, langileekin egon garenean edo artikulu bat publikatzerakoan
Onurak bi norabidetan dira nabariak. Alde batetik, hedabide batek nekez lortuko lukeen informazioa dauka esku artean sindikatuak, bere eguneroko egitekoaren bidez lortua. 2011tik hona etengabe aritu dira ELAko kideak abiadura handiko trenaren lanetara bisitak egiten, hango langileak eta haien egoera ezagutu dituzte eta, garrantzitsuena dena, langileak inplikatzea lortu dute, informazioa eskuratu eta lan-baldintza duinagoen alde borrokatu daitezen. Zentzu horretan, hainbat esplotazio eta lan-irregulartasun kasu azaleratu ditu sindikatuak, horietako batzuk nabarmentzearren: Tolosako Agotran garraio enpresaren kasua –langileak baldintza prekariotan edukitzeaz gain kamioiak modu irregularrean zeuzkan–; langileei milaka euro zor zizkien IMI azpikontratarena –Hernaniko saihesbidea eta AHTren zati bat egiten ziharduen eraikuntza hitzarmena bete gabe–; eta Sogeprovi kasua. Azkeneko enpresa honen praktikak azaleraziz lortu zuen ELAk demostratzea lan-ikuskaritzak “beste aldera” begiratzen duela AHTko obrei dagokienez. Donostiako Tabakalera eraikitzen ari zen, langileak oso baldintza kaskarretan zituela. ELAk hori salatu ondoren lortu zuen erakundeen eta enpresaren konpromisoa kultur-zentroko obretan Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzeko eta lan-ikuskaritzak ere onartu zuen gertatutakoa. Horren ondotik ikuskaritzari jakinarazi zion AHTn enpresa berak langile berak zeuzkala hitzarmena bete gabe, baina ikuskaritzaren jokabidea oso bestelakoa izan zen: hasiera batean erantzunik ez zuen eman, ondoren irregulartasunik ez zuela ikusi erantzun zuen, eta azkenik erdizka onartu behar izan zuen salatutakoa –ordurako ia hiru urteren pasa ziren–. Auzi horien inguruko informazio eta albisteak agertu izan dira prentsan noiz edo noiz, baina orain ARGIAk aukera izango zuen barne dokumentazioa kontsultatu, iturri zuzenak erabili eta langileekin aurrez aurre egonik haien testigantza jasotzeko.
Bestaldetik, ELAk, informazio kopuru handi horri “forma” emateaz gain, ARGIAren laguntzari esker lortuko zuen orain arteko auzien inguruko kontakizun jarraitu bat egitea eta iritzi publikoan zabaltzea ere bai. Orain arteko pertzepzioa zen sindikatuaren salaketek ez zutela behar bezalako oihartzunik, larriak izanik ere, erabilitako hiztegia teknikoegia zelako agian edo eremu laboral soilean geratzen zelako. Hala, lehen momentutik ikusi genuen beharra kazetariak kaltetutako langileak patxadaz elkarrizketatzeko, haien bizimoduaren berri jakin eta egunerokoan izaten dituzten zailtasunak ulertzeko. Horren guztiaren jabe eginik soilik transmititu diezaiokegu irakurleari AHTko lanetan gertatzen denaren egoera modu “humano” batean, kontzientziak pizteko eta jendartean eragiteko alegia.
ARGIAk behin baino gehiagotan azpimarratu du kazetaritza konprometitua egiten duela, gure helburua dela jendarte justuago bat lortzeko bidean eraldaketa bultzatzea, baina hori soilik egin daiteke kode deontologikoa errespetatuz eta enpresenganako menpekotasun ekonomikorik gabe, ez dago zertan neutrala izan beharrik –zein hedabide da “neutral”?– benetako kazetaritza egiteko. Horrela erakutsi dugu, adibidez, “herri harresien” berri eman dugunean edo erraustegiaren kontrako Gipuzkoa Zutik mugimenduan izan ginenean, nahiz eta ARGIAko kazetariek batzuetan euren larrutik ordaindu duten konpromiso hori eta Espainiako legedia injustua ere ezarri izan diguten –nazioarteko erakundeek erabat arbuiatu duten “Mozal Legea” erabiliz isuna jarri dioten Espainiako Estatuko lehen kazetaria da ARGIAko Axier Lopez–. [...]
Ondorioak
Ikerketa honetan izandako esperientziatik hainbat ondorio atera ditzakegu:
- Azpikontratazioak erasandako eraikuntzaren sektorean izaten diren amarru eta gehiegikeriak zein diren jakitea ez da batere zaila, ezta AHT bezalako obra batean ere. Lehen momentutik jakin dugu behargin gehienei ez zaiela lurraldeko hitzarmen kolektiboa aplikatzen, kasu askotan langileen estatutuak dioenera ere ez dira iristen, soldata edo ordu-estrei dagokienez. Zentzu horretan, gure ondorioa da lan-ikuskaritzak ez duela bere lana behar bezala egiten zenbait obratan, AHTn ikusi dugun bezala. Zergatik? Bistan da obra horietan lurralde hitzarmena ezarriko balitz ezin izango litzatekeela trenbidea diruz eta denboraz oraingo epeetan amaitu. Eta gogoratu behar da jadanik hamar urteko atzerapena pilatu dutela obrak hasi zirenetik.
- Arestian aipatutako bi kasuekin, Sogeprovi eta Encofrados, frogatu ahal izan dugu enpresak, eta obra zibilaren kasuan administrazio publikoa, eremu sindikal eta sozialetik bat eginda ematen ditugun urratsei adi daudela. Nolabait esateko, badago “Anaia Handi” bat guri begira, edo hori sumatu dugu behintzat etengabe: Abiadura Handiko Trenaren obretara bisitak egiterakoan, langileekin egon garenean edo artikulu bat publikatzerakoan. ARGIAn bi azpikontrata horietako lan-esplotazio kasuen berri eman dugun bakoitzean erreakzio bat egon da enpresaren eta administrazioaren aldetik.
- Sindikatuak hurbiltzen direnean eragile sozialengana eta euren artean konfidantzazko harreman iraunkor bat sortzen denean, enpresa batean eragiteko gaitasuna biderkatu egiten da. Zentzu honetan, eta mintegi honen gaiari jarraiki, sindikatuek globalizazioaren aurrean dituzten erronkei erantzuteko aukeretako bat izan daiteke jendarteko beste sektore batzuekin aliantzak egitea. Botere baliabide horiek lortzeko ezinbestekoa da sindikatuak etengabe elikatzea harreman hori, kasu honetan gertatu den bezala: ELAko eta Manu Robles-Arangizeko kideak denbora osoan izan ditugu alboan laguntzen.
- Komunikazioaren esparruan asko dago irabazteko horrelako aliantzekin. Komunikabideak irabazten du lehen eskuko informazio eta iturriak dituelako; eta sindikatuak irabazten du oihartzun handiagoa lortzen duelako. XXI. mendeko gatazka laboraletan komunikazioa borrokarako oso tresna garrantzitsua bihurtu da; ikusi besterik ez dago Bizkaiko erresidentzietako emakume langileen aldarrikapen kanpainak nolako indarra izan duen. Komunikazio borroka hori hedabide batekin elkarlanean eta modu koordinatuan egiten bada, lor liteke une jakin batean kolpe mediatikoa bideratzea administrazioetara eta hauek enpresak mugiaraztea langileen lan-baldintza aldatu ditzaten. Sindikatu bat eta komunikabide bat elkartzen diren bakoitzean –eta biak independenteak eta kritikoak direnean–, botere ekonomikoek eta haiei zerbitzen dieten administrazioek “hotzikara” txiki bat sentitzen dute. AHTren kasuan horrela ikusi dugu behintzat.