Absentziaren zauriak osatzeko
Arantxa Iraola (Berrian argitaratutako artikulua 2015eko abenduaren 15ean)
Usu, guraso rola berriro hartzen lagundu behar zaie; erremintak eman behar zaizkie seme-alabei bidean laguntzeko». Gipuzkoako Bidez Bide elkartean arta ematen diete sorterrian lagatako familia ekartzeko ahaleginetan diharduten etorkin familiei, eta bertan dihardu Soraya Ronquillok. Azaldu du ama bakarrak izaten direla sarri askotan, umeen zaintza amonaren edo izebaren baten esku utzita sorlekutik irtendakoak, eta hainbat urteren eta eragozpenen ostean —Euskal Herrian indarrean dauden legeriek baldintza zorrotzak ezartzen dituzte familiak elkartzeko— berriro ondora ekarri nahi dituztenak. Familia guztientzat une hori ondo prestatzea garrantzitsua dela ohartarazi du; aski desiratua izaten delako, baina korapilatsua. «Berriz batzea ez da erraza izaten zenbaitetan, urte askotan elkarren berri izan ez duten pertsonak baitira; demagun umeak 4 urte zituenean alde egin zuela amak, eta 12-13 dituenean datorrela, nerabezaroaren atean: berriz ezagutu behar dute elkar, eta zailtasunak izaten dira, sarri, bidean. Horregatik da garrantzitsua harremana nola berregingo den aztertzea», azaldu du: «Habia egitea». Bidean, migrazio prozesuek sarri dakarten minari aurrez aurre begiratu behar zaio: absentziaren zauriak osatzeko.
Nancy Juape: «Ama askok, esaterako, sorterrian utzi zuten umetxoa izaten dute gogoan, denbora pasatu ez balitz bezala; eta aldaketak izan dira, jakina»
Gertuko harremana dute Bidez Biden esperientzia horretan murgilduta dauden pertsonekin. «Zenbaitetan, familiak presio lapikoen antzekoak direla ikusten dugu; ikusten da tentsio egoeretan daudela, eta leher daitezkeela», azaldu du elkarteko kide Katia Reimberg Castello Brancok. Horretan oinarrituz eskaintzen dituzte sendi horientzako baliabideak. Oraintxe urtebete, esaterako, gida bat plazaratu zuten, eta berriki tailer batzuk egin dituzte. Lantzeko gai asko egoten direla esan du Ronquillok: «Deserrotzea, dolua, nahigabea...». Eta andreen kasuan, bereziki, erruduntasun sentimendua: minberatsua. «Ama txarraren ideia hor egoten da: senik gabeko amarena». Emozioak azalmintzaren azalean ekartzen dituzte seme-alabek ere. «Ezezaguna zaien mundu batekin egiten dute topo: hizkuntza, eguraldia, eskola... Dena da ezberdina. Lagunak sorterrian utzita etortzen dira, eta, aspaldi ikusi ez duten amarekin hasi behar dute bizitzen, edo aitarekin, eta, zenbaitetan, horiek orain duten bikotekide berriren batekin: den-dena da berria».
Nancy Juape Chamaya psikologoak ere alorrean dihardu. Familia Terapiako Eskola Nafar Euskaldunak sendi etorkin eta mistoei arta emateko atondutako Etorbide zerbitzuan aritzen da, besteak beste. Bat dator: «idealizatutako» ametsa izaten da, askotan, familia elkartzekoa, eta, behin lortuta, zailtasunak zama izaten dira usu. «Ama askok, esaterako, sorterrian utzi zuten umetxoa izaten dute gogoan, denbora pasatu ez balitz bezala; eta aldaketak izan dira, jakina». Egoera berrira moldatzen eta berriro ere «atxikimendua» eraikitzen saiatu behar izaten dutela azaldu du: «Eta ez da beti erraza». Sendi horiei laguntzeko baliabide gehiago behar direla uste du. «Izan ere, familiek elkartzen jarraituko dute». Nekeak neke.
Elkar ulertu ezinik
Usu, esaterako, gurasoek kezka izaten dute seme-alabek ez dituztelako beren arauak betetzen. «Zenbaitetan berriz sorterrira itzuli nahi dutela ere esaten diete, eta gurasoen artean larrimin handia sortzen duten mezuak izaten dira horiek», azaldu du Ronquillok. «Halako ahalegina egin, eta behin ametsa beteta hori entzun beharra gogorra da. Horregatik da garrantzitsua gurasoei hori hor egon daitekeela esatea». Era horretan, seme-alaben «doluaren» mina onartzen laguntzen diete. «Umeek, esaterako, sarri, han utzitakoen falta sentitzen dute etorri berritan; amonarena, edo izebena». Esan ezinak ere badituzte:«Kosta egiten zaie 'zure falta nabaritu dut', 'abandonatuta sentitu naiz'... halakoak esatea; garrantzitsua da sentimendu horiei hitza jartzen laguntzea».
Handitu ahala, seme-alabek etorri nahi ez izatea ere gertatzen da, ihes egina izaten baita zenbaitetan ordurako haurtzaroa. Adin nagusi horietan tokatu zaie ikustea haurrek gurasoekiko portaera desegokiak izatea ere. Reimbergek azaldu du, esaterako, seme rolera egokitzea kostatzen zaiela zenbaitetan mutilei: «Badira, amaren gaineko kontrola egin nahi dutenak». Seme izan beharrean, kontrolatzaile izaten dira, eta arazo iturri izaten dira tankera horreta0ko erlazioak. Eskolako bidea sarri ez da erraza izaten, eta herrialde elebidun batera heltzea ere buruhauste izaten dela onartu du Ronquillok. «Baina migrazio proiektuaren helburua hemen geratzea bada, euskara jakitea garrantzitsua dela azaltzen diegu, gainerakoen aukerak izateko».
Zaintza lanen gaineko gogoetara bultzatu behar du gai horrek guztiak Ronquilloren ustez; zaintzaileak andrazkoak izaten direlako kasurik gehienetan. Han, eta hemen. «Emakumezko horietako asko Euskal Herriko etxeetan adineko pertsonak edo haurrak zaintzen ari dira, eta, paradoxikoki, beren haurrak beren jatorrizko herrialdeetan beste emakume batzuek zaintzen dituzte».