Hego Euskal Herriko ekonomiaren trantsizio ekosozialerako ELAren proposamena

2023/06/29
PortadaTrantsizioEkosozialaELAalbisterako.jpg
Larrialdi ekologikoaren aurrean, materialen eta energiaren kontsumoa murriztea, energia sektorea publifikatzea, ekonomia birkokatu eta garraio sistema eraldatzea proposatzen du ELAk, besteak beste, trantsizio ekosozialerako proposamena biltzen duen txostene honetan.

Irakurri txosten osoa

Azken urteetan krisi ekologikoaren ondorioak gogorragoak izaten ari dira eta ez dira beharrezkoak diren neurriak hartzen ari. Klima aldaketaren eraginak urrun ikusten ziren, baina eguneroko bizitzan gero eta inpaktu nabariagoak izaten ari da, baita enpleguan ere. Ziurgabetasunez beteriko etorkizun horren aurrean, ELAk trantsizio ekosozialerako bere proposamena landu du.

Hego Euskal Herriko ekonomiaren antolaketak egoera honen aurrean ahultasun egoeran dago, ekonomia kanpoko faktore askoren esku utzi baita. Ez da ekonomia zirkularra, energia fosiletan eta estraktibismoan dago oinarritua. Berriztagarriak eta birziklagarriak ez diren materialen menpekoa da eta horien kudeatzaile gisa funtzionatzen du: kanpotik datozen erregai fosilak eta mineralak transformatu eta berriz ere bere mugetatik kanpo esportatzen ditu. Petrolioaren menpeko garraioaren eta munduko merkatuaren menpekotasun handia du ekonomia globalizatuan. Ekoizpena, banaketa eta kontsumo eredu horrek, ingurumenari sortzen dizkion kalteez gain, menpekotasun egoera larria eragiten du.

Egungo egitura ekonomikoa etorkizunean mantentzea ezinezkoa da. Gero eta urriagoak dira ekonomiak behar dituen materialak. Eta energia berriztagarriek ez dute ekonomiaren energia fosilen kontsumoa guztiz ordezkatu. Beraz, Hego Euskal Herriko ekonomia, nahitaez, sakon eraldatu beharko da bere funtzionamendua aldatzeko. Erronka horiei aurre egiteko, ELAk hainbat neurri exijitzen ditu:

  • Materialen eta energiaren kontsumoa murriztu muga ekologikoen barruan egon arte eta justizia irizpideei jarraituz.

  • Energia sektorea publifikatu, energia berriztagarriak gartau eta energia fosilen ekoizpena gelditu.

  • Ekonomia birkokatu, ekonomia lokala eta zirkularra garatuz, elikadura burujabetza lortuz, eta ekoizpen eredua eraldatuz eta dibertsifikatuz.

  • Garraio sistema eraldatu, merkantzien mugikortasuna gutxituz eta pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarrituz.

  • Aberastasunaren banaketa eta lanaldiaren murrizketa.

  • Zerbitzu publikoak indartu eta zaintza lana erdigunean jarri.