Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean
Xabier Letona, Argiako kazetaria (artikulua argia.eus-en argitaratu zen otsailaren 23an)
Iaz dozenaka herritan egin ziren kontsulta soberanistak Euskal Herrian eta aurten ere 60tik gora herritan egingo dira, lehenak martxoaren 19an Oarsoaldean. Kataluniako Arenys de Munten 2009an egin zen lehena. “Hura izan zen egungoaren hasiera”, erantzun zion Artur Masek entzule baten galderari. Horra atzoko ekitaldiaren klabe bat: aurtengorako Gure Esku Dagok antolatu dituen kontsultak. Ekitaldiari hasiera emateko, elkarte honen bozeramaile Zelai Nikolasek argi utzi zuen herri honek bere etorkizuna erabaki nahi duela. Samara Velte Berria-ko kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia.
Eta beste hiru horien artean bada beste laugarren korrontea ere, oraintxu ELAko idazkari nagusi ohi Joxe Elorrietaren liburuak azaleratu duena
Gure Esku Dagok eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gidatzen duen Agirre Lehendakari Centerrek antolatu zuten atzoko klasea Donostiako Kursaalean. Bi lehendakari ohi 1.800 pertsonen jarrera beroaren aurrean, Kataluniako prozesua zertan den eta erabaki eskubidearen nondik norakoak azaltzeko prest. Bazen morborik. “Ekitaldi akademikoa da hau”, zehaztu zuen hainbatetan Ibarretxek, baina ekitaldi akademikoetan entzuleek ez dute irakasleetako bat independentzia oihuekin hartzen honek hitz egin behar duenean, atzo Masekin gertatu bezala.
Edo ekitaldi akademiko batean xehetasun gehiago jarri beharko zukeen Ibarretxek Estatutu Berriaren proiektuaren porrotaren nondik norakoez eta haren argi-ilunez; besteak beste, ikaslegoak hausnar ahal dezan egoera hartaz eta euskal soberanismoak berriz harri bertsuekin estropezu egin ez dezan. Erabaki eskubidea aurrera ateratzeko, instituzioek eta herritarrek elkarrekin egin beharreko bidea giltzarri zela aipatu zuen Ibarretxek; Ibarretxe Planeko garaian horrek zergatik huts egin ere gustura entzungo genukeen bertaratutako ikasleok, sikiera labur-labur.
Zein urrun den Everest
Everesteko metafora erabili zuen Ibarretxek Euskal Herriko eta Kataluniako igoera saioak konparatzeko. Joan den hamarkadan berak bultzatutako estatutuaren erreformarekin II. Kanpamentura iritsi zirela eta orain katalanek lortu dutela III. Kanpamendura heltzea. Munduan estatu berriak sortzea posible dela azpimarratu zuen: “1945ean NBEn 51 herrialde ziren eta 2011n 193”. 2030ean estatu berri gehiago izango direla gehitu zuen eta Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria horien arten ikusten dituela.
Korronte zabal honetan, neoliberalismoaren eztabaida prozesu soberanistaren erdigunean nahi da
Nola heldu gailurrera? Gizarte soberanista eta instituzioak elkarrekin joanda. Maltzagaren metafora berriz azaleratuz, abertzaleak elkarrekin abiatuta. Katalunian aurrera doazela eta hemen ere bai, asko garela erabaki eskubidearen aldekoak. Eta une horretan bota zion amua berau irensteko prest zegoen entzulegoari: “Zenbat gara”? Eta ekin zion Benito Lertxundiren abesti ezagunari, eta publikoak gogotsu jarraitu ere. Oso agerikoa da Ibarretxek arrastoa utzi zuela EAJko bere jarraitzaileetatik oso harago, bereziki abertzaleen artean.
Mas da iparra Euskal Herrian
Altxatu zen Mas bereari ekiteko, eta publikoak “independentzia” oihuekin hartu zuen. Eta zutik. Ikurriña eta estelada ere agertu ziren. Aparretan zen Mas, aparretan daraman moduan azken asteak, bereziki 10 urteko inhabilitazioa eskatzen dion epaiketa jasan ondoren. Mas-en itzulera da hau, sufritu du itzalean, baina Carles Puigdemont Generalitateko lehendakariak aurkeztuko ez dela iragarri ondoren, bere txanda da, oraindik bere alderdiak ofizialki izendatu ez duen arren. Noiz eta nola ez dago garbi, lehenbizi ikusi behar baita hauteskundeak noiz egingo diren, erreferendumik izango den, eta baita bere inhabilitazioa noiz etorriko den ere. Baina itzuli da, hortaz ez da zalantzarik.
Subjektu soberanista hori zen atzo Kursaalen falta zena. Gaur egun ez dira kontrajarritako bi norabide, baina burujabetza prozesua bultzatu nahi dutenek adostu beharko dute zein bide eta nola
Egia esan, Kataluniako prozesuaren azken zazpi urteetan esaldiren bat entzun bada beste askoren artean honakoa izan da: “Ausartuko da Mas?”. Ausartu zen, eta nola gainera. Hori bere motxilan dauka jada. Horrexegatik bakarrik euskal soberanismoaren ikurretakoa da, besteak beste, honek ere horrelako bat nahiko duelako jeltzaleen artean. Ibarretxe saiatu zen, baina testuinguruak eta bere alderdiak ez zioten utzi aurrera egiten. Eta bistan da Urkulluk ez duela Mas izan nahi. Euskal soberanismoak ez du Masena moduko figurarik eta faltan botatzen du.
Hiru klabe eta lau une
Masek sinple eta pedagogikoki azaldu zuen Kataluniako prozesua. Ez zuen ezer berririk azaleratu, baina ondo laburbildu zituen prozesuaren oinarriak, hiru klaberekin eta lau unerekin. Klabeak: Bat, prozesuaren oinarria herritarren eta gizartearen esku dago, haiek ari dira bultzatzen berau; bi, prozesua baketsua eta integratzailea da, eta azaldu zuen Kataluniako herritarren %70 ez dela katalan jatorrikoa, eta hala ere gehiengoa erabaki eskubidearen aldekoa dela; eta hiru, prozesua erabat demokratikoa dela eta legalitatearen aldeko apustu tinkoa egin dela, “milioika pertsona izan dira kalean azken urteetan eta ez da edukiontzi bat erre edo kristal bat apurtu”.
Lau uneak hala laburbildu zituen. Lehena 2012an berak Mariano Rajoyri itun fiskala irtenbide gisa eskaini zionean: “Erantzuna ezezko borobila izan zen. 1,5 milioi herritar atera ziren kalera erantzun gisa independentzia eta estatua eskatuz. Bigarren unea, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta izan zen: “Debekatu zuten eta egin genuen. Mezu argi bat atera genuen: beldurra galdu diogu Estatuari”. Baina hura ez zen nahikoa eta horregatik deitu ziren hauteskunde plebiszitarioak. Hori zen hirugarren unea, 2015eko hauteskundeak. Junts Pel Sí eta CUPek gehiengo osoa lortu zuten eta lehen legebiltzar independentista, “eta boto guztien %48ra ere iritsi ginen”.
Laugarren unea 2016ko urtarrilean gertatu zen, mingarria beretzat, “beto dinamika batean murgildu ginelako” esan zuen CUPek bere lehendakaritzari emandako ezezkoa deskribatzeko. Eta Masek horren gustuko duen beste une epikoa eskaini zion entzulegoari solemnitate osoz: “Erretiratu egin nintzen, eta berriz egingo nuke berdin: lehenengo herria, gero alderdia, eta ondoren pertsona!”. Entzulegoak txalo zaparradarekin erantzun zion.
"Tentsio handiko uneak biziko dira"
Egungo une zehatzari ere egin zion erreferentzia Masek eta azaldu zuen Kataluniako mugimendu soberanista ekintza-erreakzioan oinarrituta dagoela, Espainiako gobernuak eraso egiten diola Kataluniari eta honek bere burua defendatzen duela. “Guk Mediterraneoko Danimarka egin nahi dugu!”. Txalo beroak. Bi ideiekin amaitu zuen. Lehena: “Arrakastaren gakoa da erabaki eskubidea indarrean jartzea, ez bakarrik aldarrikatzea. Eta hori egingo dugu berriz 2017an. Bozkatzea bera irabaztea da”. Bigarrena: “Batasun politikoa eta mobilizazioa. Instituzioek bakarrik ez dute Estatua garaitzeko indarrik”. Batzuetan begiak igurtzi behar izan nituen, baina bai, CDCko idazkari nagusi izan zen Artur Mas bera zen.
Eta zer gertatuko da 2017 honetan? Galdetu aurretik berak erantzun zuen. Estatuak epaiketen eta errepresioaren bidetik jarraituko du, “baina zenbat eta epaiketa gehiago, are eta gehiago handituko da esparru independentista. Pentsatzen duten kontrakoarekin egingo dute topo”. Tentsio handiko uneak iragarri zituen, bereziki deskonexio legeak onartzen direnean –Estatuak berehala baliogabetuko dituenak– eta erreferendumaren unean. Eta Estatuak eskaintza on bat egingo balie?, galdetu zioten. “Aurrera jarraituko genuke. Alternatiba amore ematea litzateke –“tirar la toalla”– eta ez dugu hau guztia egin horretarako”.
Euskal burujabetzaren dilema
Aho zapore ona utzi zion ekitaldiak bertaratu zen entzule soberanistari, ohera gustura joateko modukoa, Kataluniakoa hemen noiz errepikatuko den amesteko prest. Ezker Abertzaleko buruzagiak –tartean Arnaldo Otegi eta Joseba Asiron– izan ziren ekitaldian, EAJko asko ere bai, besteak beste GBB eta BBBko buru Joseba Egibar eta Itsaso Atutxa; baita Markel Olano Ahaldun Nagusia ere.
Euskal soberanismoak, ordea, ez du garbi zein bide jorratu behar duen. Asko sintetizatu eta sinplifikatuz, EAJren ikuspegi ofizialak ez du Kataluniarekin ezer jakin nahi, Gernikako Estatutuaren erreformaz PPrekin aldebiko akordioa lotu nahi du eta kito. Nahiko du kudeaketarekin eta Espainiako herritarrak baino hobeto egotearekin. EH Bilduk ez du estrategia argirik, EAJren bueltan ari da batetik, hura gabe jai dagoela sinetsita, baina haren enrokea nola gainditu asmatu ezinik.
Bien korronteen erdian ari da Gure Esku Dago bere kontsultekin, Maltzagako izpirituaren eredurik bikainenean, kolore anitzeko abertzaleak bilduz, baina oraingoz Kataluniako ANCren botere faktiko izaeratik urrun. Lortuko al du alderdien akuilu izatea, sikiera neurri txiki batean, kontsulten uholdearen amaierarako? Zer bide jarriko da kontsulten ondorengorako bildutako adore soberanista etsipenean gal ez dadin?
Eta beste hiru horien artean bada beste laugarren korrontea ere, oraintxu ELAko idazkari nagusi ohi Joxe Elorrietaren liburuak azaleratu duena: EAJk ez du soberanismoan aurrera egin nahi eta, beraz, ezkerreko soberanismoak aurrera egin behar du EAJrik gabe, beste indar harreman bat lortu eta EAJ horretara behartu arte. ELAk uste du bide gaitza dela, soberanismoa ahul dagoela, baina badela zumerik horretarako: ELAren eta LABen jarduera bateratua, eta gizarte mugimenduan ari diren beste hainbat aktoreren arteko aliantza, hori da aktibatu behar dena sindikatuaren ustez. Bide horretara eraman nahi ditu Sortu eta EH Bildu ere.
Neoliberalismoa
Korronte zabal honetan, neoliberalismoaren eztabaida prozesu soberanistaren erdigunean nahi da. Maltzagako teoriei jarraiki, Gure Esku Dagok ihes egin izan dio “abertzaleak banatzen” dituen horri: erabaki eskubidea eta kito. Baina erabaki eskubidea gero eta hedakorragoa da gizarte mugimendua gizentzen duen sektore gero eta zabalagoan: erabaki zergez, erabaki erraustegiez, erabaki norbere gorputzaz, erabaki elikaduraz… edo gutxienez, eragin horietan guztietan ere.
Subjektu soberanista hori zen atzo Kursaalen falta zena. Gaur egun ez dira kontrajarritako bi norabide, baina burujabetza prozesua bultzatu nahi dutenek adostu beharko dute zein bide eta nola. Besteak beste, artikulu honetan hitz egin ez dugun euskal En Comú ere gure artean delako, eta bide soberanistan, Katalunian eta hemen, giltzarri izango delako.