Austeritate politikak bueltan dira
Sarrera
Amaitu da “barra librea”. Egonkortasun eta Hazkunde Ituna (EHI) lau urtez etenda egon ondoren COVID-19ak eragindako krisiagatik, Europako Batzordeak jakinarazi du estatu kideek 2024. urterako gerrikoa berriro estutu beharko dutela. Hau da, zorpetzeari esker gastu publikoa lau urtez handitu ondoren, 2024an Europar Batasunak zorra murrizteko ezartzen duen esparru ekonomiko zurrunera itzuli beharko dute estatu kideek.
Zalantza zen ea “barra librearen” amaiera egungo Egonkortasun eta Hazkunde Itunarekin edo Batzordea lantzen ari den gobernantzaren erreforma-proposamenarekin etorriko zen, zeina dokumentu honetan aztertuko dugun. Azken hau oraindik onartu ez denez, eta 2024ko aurrekontu- politikarako epeak presakoak direnez, Batzordeak indarrean dagoen araudia mantendu egingo du, proposamen berriaren zenbait elementu erantsiz. Esparru ekonomikoa edozein dela ere, kontua da 2024an gastu publiko murriztaileetara itzuliko garela, eta defizita eta zor publikoa murrizteari lehentasuna emango zaiela zerbitzu publikoen eta
kalitatezko gizarte-prestazioen aurretik.
Dokumentu honetan, Europako politikek 2008ko krisiaren ondoren izan duten ustezko aldaketa aztertuko dugu, eta, zehazki, gobernantza ekonomikoaren marko berria. Estatu kideen zorpetzemaila eta arau fiskalek Europan izango dituzten ondorioak ere ikusiko ditugu, baita Hego Euskal Herrian ere. Azkenik, txostenaren ondorio nagusiak aurkeztu dira.
Ondorioak
“Barra librea” amaitu da eta lau urtez babes-klausula aktibatu ondoren, 2024an zor-ratio handiak dituzten herrialdeetara itzuliko da diziplina fiskala. Ez du egingo EHIarekin, baina ezta proposamen berriarekin ere. 2024an bi markoen hibrido bat ikusiko dugu.
Pandemiaren ondoren, badirudi EBko politikek norabidea aldatu dutela, 2008ko krisiaren ondoren hartutako politikek porrot egin ondoren. Hala ere, ez dago egiturazko aldaketarik, ez eta eredu-aldaketarik ere. Iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko haustura areagotzen ez duen agertoki batera aldatu da. Horren adibide da gobernantza-esparru berria.
Zalantzarik gabe, proposamen berriaren izaera kontinuista da. Epeak eta plan nazionalak “neurrira” zabaltzeak alderdi positiboak dirudite, baina Europako erakundeen kontrola areagotuko da ere. Estatu kideek aurrekontuak garatzerakoan duten subiranotasuna gero eta mugatuagoa izango da.
Herrialdeen gastua mugatuko da, baina lehentasunezko gaietan (trantsizio berdea, digitala eta gastu militarra, esaterako) inbertsio batzuk bermatuz, beraz, datozen urteetan zerbitzu publikoetan eta gizarte-prestazioetan gastu txikiagoa izango da. Gainera, hamarkada bat baino gehiagoko higadura bizi izan dugu arlo sozialean. Batzordearen proposamenak ez du aurreikusten Europa mailako erreforma fiskalik, diru-sarrerak handitzeko eta gastu publiko nahikoa bermatzeko.
Estatu espainiarra da EBn zor publiko handiena duen herrialdeetako bat; beraz, datozen urteetarako bere plan nazional fiskala aurkeztu beharko du. Horren ondorioz, gastua mugatu egingo da zorra beheranzko bidean jarri arte, eta ondorio berak izango ditu EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan.
Izan ere, NGEU funtsekin edo Europako politika gehienekin gertatzen den bezala, erabaki-eremuak gero eta urrunago daude Hego Euskal Herritik. Madril arduratzen da iturria irekitzeaz eta ixteaz, eta euskal erakundeek inongo oztoporik jarri barik gobernantza-eredu hori barneratzen dute. 2024tik aurrera ikusiko dugu EAEko eta Nafarroako aurrekontuak gastu-arauarekin mugatuta daudela berriro, eta horrek ondorio kaltegarriak dituela gure zerbitzu publikoetarako eta gizarte-prestazioetarako.