Katalunia: nondik gatoz, non gaude eta norantz goaz
Jordi Muñoz, Bartzelonako Unibertsitateko politologoa
Kataluniako egoerari buruzko koiuntura-analisia eskatu zidaten. Ez da erraza horrelako analisi bat egitea, azken hilabeteotan eta bereziki azken asteotan ez baitago beste konturik, baina ariketa ondo etorri zait ideiak antolatzeko.
Analisia hiru zatitan banatuko dut, gaia zertxobait ordenatze aldera. Honaino nola iritsi garen azaltzen saiatuko naiz; hau da, nondik gatozen esplikatzen. Ondoren, uneotan non gauden azalduko dut, eta, amaitzeko, gutxi gorabehera norantz goazen zehaztuko dut.
Nondik gatozen ulertzeko, datu bat emango dizuet: 2006. urtean, inkesten arabera, katalanen %13 zegoen independentziaren alde
Nondik gatoz?
Nondik gatozen ulertzeko, datu bat emango dizuet: 2006. urtean, inkesten arabera, katalanen %13 zegoen independentziaren alde. Hortik gatoz. Horixe zen abiapuntua, eta gaur egun, berriz, oso bestelako lekuan gaude. Nola iritsi gara honaino?
Ulertu behar da, independentismoaren aldekoak gutxiengoa izan arren, autogobernua berreskuratzeko nahia oso zabalduta zegoela. Autogobernua berreskuratzeko nahi hori Estatut berriaren erreforman eta idazketan hezurmamitu zen; zehazki, 2003an abiatu zen erreforma hori CiUren gobernua erori eta Tripartit-a (PSC-ERC-ICV) Generalitatera iritsi zenean. Prozesu luzea eta neketsua izan zen, eta, azkenik, 2005ean, Kataluniako Parlament-eko bozketarekin amaitu zen. Bozketa hartan onartu zen Estatut berria, eta ondoren Gorte Nagusietara bideratu zen, eta han etorri zen aurreneko murrizketa esanguratsua. Estatut berriaren kamuste nabarmena.
Gaur egun asko hitz egiten dugu Konstituzio Auzitegiaren 2010eko sententziaz, baina independentismoaren zati handi batentzat, 2005ean Parlament-ak bozkatu zuenetik 2006an Gorte Nagusiek bozkatu zutenera gertatu zen murrizketa aski esanguratsua izan zen; izan ere, hor hasi zen agerian geratzen zein diren autogobernuaren mugak. Gogoan izan behar da 2006an, Estatut-ari buruzko erreferendumean, ERCk aurkako botoa eskatu zuela.
Horren ondoren, Konstituzio Auzitegiaren sententzia etorri zen, baina ez hori bakarrik. Prozesuaren legezko alderdiaren analisi hutsera mugatzen bagara, alde batera uzten ari gara historiaren zati garrantzitsu bat:
Espainiako eskuinak Kataluniaren aurkako kanpaina abiatu eta normalizatu zuen garai horretan (irainak, iragarkiak Andaluziako irratietan esanez katalanek dirua kendu nahi zietela Andaluziako haurrei bereei emateko…), eta oldarraldi ia katalonofobo horrek, neurtzen zaila izan arren, haustura sentimentalago bat sortu zuen Kataluniako gizartean. Bide batez esanda, gure gizarte honetan familien gehiengoak senideak ditu Estatuko hainbat tokitan, eta hartu-eman naturalak toki horietako jendearekin. Hor nolabaiteko haustura sortu zen.
Aurkibidea
3 Nondik gatoz?
8 Non gaude orain?
12 Norantz goaz?
16 Ondorioa
17 Galderak eta erantzunak
Urkulluren bitartekaritzari buruz
Kataluniako sindikalismoaren jarrera
Europar Batasunari buruz
Hurrengo urratsak
Diskurtso ekonomikoa
CiUren ingurunea
Hizkuntzaren eta kulturaren garrantzia