Formica: bukaeraraino borrokatuko dugu

2012/11/16
P1080115.JPG
Gertatu izan da langileak oporretatik lanpostura itzuli, ingurura begiratu eta ez dutela ezer ikusten, hitz egin eta oihartzuna baizik ez dutela entzuten: enpresariak makinaria guztia beste egoitza batera eraman du. Haatik, Formican langileak izan dira enpresariari aurre hartu diotenak, eta irailaren 17tik lantegian itxita daude.

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua

Jose Luis Velez (ELA) enpresa batzordeko presidenteak argi utzi zuen Ingalaterrako batzorde europarreko bileran: “Ez duzue torloju bat bera ere aterako Galdakaoko lantegitik.” Bilera amaieran Velezen itzultzaile eta jada lagunari malkoek ihes egiten zioten “ezin dizuete hau egin”. Valentziako lantegiko batzordeko presidentea ere liluratuta gerturatu zitzaion “nik hori esaten badut, Valentziako langile guztiak kalera goaz”.

Iñaki San Vicente, Formicako langile eta ELAko afiliatuari irribarrea marrazten zaio valentziarraren hitzak entzuten dituenean “gauzak nola diren, 2001ean Valentziako enpresa erosi genuen, eta orain Ingalaterratik agintzen digute hemengo makinaria hara eraman eta gu kalera joatea.”

Multinazionalaren atzaparretara 2007an

Formicako ELAko 9 afiliaturekin eseri gara mahai batean, langileek 52 egun itxita daramaten biltegian. Eraikineko sarbide guztiak palet mordo batekin daude estaliak. “Behintzat hemen sartu nahi dutenean lan apur bat egin dezatela” diosku Velezek. “Kate batzuk ere baditugu etortzen direnean geure buruak kateatzeko. Herriko jendeari ere abisua eman diegu suziriak entzutean laguntzera etortzeko, gu kanporatzera etorri diren seinale izango da eta.”

Mahaia zabala da. Oraindik gosariko arrastoak ditu. Gure atzean pare bat mikrouhin labe usatu, berriak zirenean zuriak seguruenik. Kubiertoak, basoak, platerak ongi pilatuak. Apur bat harago bi hozkailu zahar paperez josiak: Galdakaon egindako manifaren kartela, “Formica ez itxi!”, eta nola ez, falta ezin zuen ezkutua: Athletic Club de Bilbao. Jose Luisi haurtzaroko oraoimenak datozkio “txikitan aitarekin etortzen ginen hona, jolasean ibiltzen ginen, erregeen opari bila etorri... gehienok hemen hazi garela esan genezake. Kontuan izan enpresa honek 66 urte daramatzala Galdakaon, eta ia herri guztia nolabait lantegi honekin lotuta dagoela. Zeinek ez du senide edo lagunen bat hemen lanean?”

“hauek bilatzen duten gauza bakarra da ingelesak pozik utzi eta postuak igotzea.”

Formican lan egiten duten 205 pertsonetatik 169 EREn daude, 121 kaleratuak. Enpresa batzordeak 9 ordezkari ditu (5 ELA 3 LAB eta CCOO 1), eta 92 langile ELAko afiliatuak dira. “Gauzak 2007an hasi ziren okertzen” diosku Iñaki San Vicentek, “Fletcher Building multinazional neozelandarrak Formica erosten du eta Ingalaterran ezartzen du egoitza nagusia. Lantegi hura elikatzen dute guri eskaera, bezeroak, eta merkatua kenduz. 2009rako 183 langileri eragiten zion ERE bat ezartzen digute, eta azkenean 48 pertsonen kaleratzea adosten da antiguedadea kontuan hartuta. Orduko gerenteak aurre egin zion multinazionalari bere politikarekin bat ez zetorrelako, eta hura ere kalera bota zuten. Hortik aurrera zuzendaritza berria ekarri zuten enpresa kanpotik. Hau ezagutzen ez zuen jendea zen, gaitasunik gabea eta lantegi honen etorkizuna bost axola zitzaiona.” Berna Zuloaga elkarrizketan sartzen da “hauek bilatzen duten gauza bakarra da ingelesak pozik utzi eta postuak igotzea.”

Hemengo makinaria ez doa inora

Itxialdia hamar pertsonako txandatan egiten dute. Taula batean apuntatzen dira, bakoitza hobe datorkion egunetan eta nahi duen jendearekin. Horrela giro ederrean egon ohi dira. Beti dago sukaldean gustura ibiltzen den norbait bazkariak eta afariak egiteko prest, baina askok etxetik ekartzen dute guztiekin partekatzeko etxean prestatutako janaria. Inguruko tabernariek, ere, eskaini izan dizkiete patata tortillak eta botila ardoak.

Talde bakoitzak bi gau egiten ditu. Lo egiteko suit-ak apaletan antolatu dituzte, kartoiekin ongi estaliz, habitxoan argirik sar ez dadin. Ongi egiten dute lo, baina egunak geroz eta luzeago egiten dira. “Lehen egunetan dena da berria, gogoz puztuta sartzen zara, baina egunek aurrera egin ahala gauzak gogortzen joaten dira” esaten digu Javier Palenciak. “Hori mobilizazioetan ere igartzen da” gehitzen du Iñaki San Vicentek, “maiatzera arte hitzarmena negoziatzen ibili ginen, eta akordio bat ixtear ginela mahaitik desagertu ziren. Ez genuen beraien berririk izan ekainaren 28a heldu zen arte. Orduan esan ziguten enpresa itxiko zutela. 4 eguneko greba egin eta uztaila guztia gelditu gabe pasa genuen: pankartak egiten, boletinak, elkarretaratzeak, karabanak, martxak... Abuztuko geldialdiaren ostean irailean gauzak lasaiago hartzen.”

Irailaren 17an zuzendaritzak dio makinaria desmuntatzen hasi behar dela gauzak Valentziara eramateko. Orduantxe ixten dira langileak biltegian eta 18an greba mugagabea abiatzen dute.

Egunero lantegiko sarrera nagusian elkartzen dira. Txandak dituzte eginak presentzia eta rotazioa ziurtatzeko, baina beti agertzen da jende gehiago gauzak nola doazen jakiteko eta elkarren artean hitz egiteko. “Irailaren 21ean Madrileraino joan ginen” dio Patxi Riañok, “Zelanda Berriko enbaxada aurrean egin genuen elkarretaratzea Fletcher Building salatzeko. Egin ditugu ere pare bat manifestazio jendetsu Galdakaon, Guggenheimen kontzentrazioa, giza katea Eusko Jaurlaritza eta Confebask aurrean...” Egunero dute zereginen bat.

Zuzendaritzaren erridikulua eta herriaren babesa

Biltegian bertan pankartak dituzte zintzilik. “Enpleguaren defentsan”. “Pankarta hori eta beste guztiak hemen bertan egiten ditugu, eskulanen txokoan” azaltzen digu Jose Luis Velezek bertara eramaten gaituela. Pintura latak, spray pote erabiliak lurrean, plastikoa, kartoizko plantilla, “Formica ez itxi”. Paretean pintada bat, “Olano soCabron”. “Zuzendari hauek inkonpetente hutsak izateaz gain, Ingalaterrako txotxongiloak dira” argitzen digu Berna Zuloagak. “Hau modu egokian konpondu behar genuela esaten ziguten, baina agerian gelditzen dira. Olano, giza baliabideetako burua, gu zatitzen saiatzen da joko zikina erabiliz: enpresa batzordeko bilera deitzen du kontzentrazio bat dugunean, Valentziara joateko 30eko kupo bat jartzen du eta aurkezten diren 12 boluntarioak errefusatzen ditu... Behin ertzaintza berari gezurra esatera heldu zen eta ikuskizun ederra antolatu zigun hemen kanpoan. Guri izugarrizko publizidadea egitearekin gustora ez, eta ertzain burua behartu zuen bertan geunden guztion aurrean bera ebidentzian uztera.”

Gauza nola izan zen kontatzen digu: “Bilbon prentsaurreko bat deitua genuen. Hemen 6-7 gelditu ziren itxialdian. Hitz egiten hastera gindoazela heldu zen deia: zatozte azkar, Olano ertzainekin etorri da gu desalojatzera! Medioen mikrofono guztiak mahai gainean utzita ahal izan genuen moduan etorri ginen. Herriko jendea ere bertan zegoen heldu ginenerako. Olanok ikusita ezin zuela sartu gurekin negoziatzen hasi zen. Denbora pasata ertzain batek isilarazi zuen: “Zertan gabiltza hemen? Ez al diguzu esan txosten bat jaso behar zenuela, eta zure segurtasunagatik beldurtuta zinela?” Giza baliabideetako buruak eskainitako ikuskizunari esker medioak Formicako langileen egoeraz arduratu ziren, eta ahultzen zihoan metxa berrindartu zuten.

Eutsi goiari!

Itxialdiak eta grebak aurrera darraite. Langileak indarrez daude. “Indarra Galdakaoko jendeak ematen digu. Jakin dezatela beraien babesa nabari dugula. Ez dakigu nola eskertuko ditugun” dio hunkituta Josu Izagirrek. “Herrian egin diren bi manifestazio jendetsuak gogorrak egin zaizkit, oso gogorrak, eztarrian korapilo bat egiten zaidalako nire alaba, izeba, laguna kalean ikusten gu babesten, besarkatzen, animatzen ikusten ditudanean; badakite hemen jokoan dagoena herriaren etorkizuna dela.”. Eta azken hitzak ateratzen zaizkio ahotik: “ez dakit hau guzti hau nola amaituko den, baina guk bukaeraraino borrokatuko dugu.”