Euskal Herria burujabe: klimaren erronkari aurre egiteko lurralde burujabe, jasangarri eta solidarioa eraikiz
2018ko urte hastapenaz geroz, lan bat abiatu dugu, BIZIn, lurralde burujabe, jasangarri eta solidario baten egitasmoa idazteko. Pentsatzen dugu eztabaida orokorrerako ekarpen baliagarria izan daitekeela,
Euskal Herriarentzat, bistan dena, baina baita eraldaketa soziala eta ekologikoa hasi nahi duten lurralde guzientzat ere.
Ekarpen teorikoa da, argitaratzen ohi ditugun testuez bestelakoa, proiektu orokorra, BIZIn eta beste egituretan egunero obratzen ditugun engaiamenduen iparrorratz gisa.
Lagundu behar gaitu gure kanpainak bideratzen, ikuspegi orokor batekin, ulergarriak izan daitezen.
Euskal Herria Burujabe dokumentuarekin, trantsizio bideak pentsatzen hastera entseatu gara, Euskal Herri burujabe, jasangarri eta solidariora buruz joateko.
Dena suntsitzen ari den globalizazio kapitalistaren parean, gure lurraldean berriz finkatu nahi dugu, hori baita mende honetan dauzkagun planeta mailako desafioei molde iraunkorrean erantzuteko bide bakarra.
Bizi! mugimendua Ipar Euskal Herrian finkatua da eta, egunerokotasunean, Ipar Euskal Herrian lan egiten du: beraz, erreferentzia zehatzenak Euskal Herriaren parte horri buruzkoak dira, nahiz eta, gure ustez, dokumentu horrek Euskal Herria bere osotasunean hunkitzen duen.
Gure helburua: lurralde burujabe, jasangarri eta solidarioa
Jende orok bizitza duina lor dezan, premiazkoa da logika aldatzea. Gure bizi-baldintzez birjabetzea baitezpadakoa da:
Lehenik, sistema ekonomikoak gehien mehatxatzen dituenentzat: aterpe gabekoak, ama isolatuak, pertsona ezinduak, zaharrak, langabeak, errefuxiatuak, langile pobreak...
Gure bizi-baldintzez birjabetu behar dugu
Gure bizi-baldintzek ez dute mugarik, klima ere gure bizi-baldintzen barne da, gainontzeko guztia klimaren menpe baita. Gure bizi-baldintzak gure inguruan daude, gure etxeetan, gure baitan... gure lurraldea dira. Gure bizi-baldintzak defendatu eta hobetu behar ditugu, orain, gure lurraldea gu denak hartzeko eta elikatzeko gai izan dadin, baita ondoko belaunaldientzat ere.
Gure bizi-baldintzez berriz jabetze hori da burujabetza deitzen duguna.
Lurrarekin eta atmosferarekin bat egiten duen lurralde batean bizi nahi dugu. Bizia, bai gurea, bai besteena, lehenetsiko duen lurraldean. Bere baliabideen mugetan ongi kokatzen den eta klima aldaketan eta kutsadura orokorrean parte hartzeari uzten dion lurraldean, emazte eta gizonen arteko parekotasuna bermatuko duena, pertsonen beharrak erdigunean kokatu, non komunitateak pertsonen ongizatea eta zaintza bermatuko baitira, horrek inplikatzen duen lana onarturik eta oraingo genero-banaketa gainditurik.
Xede unibertsal horiek gauzatzeko, lurraldeen aniztasuna eta bakoitzaren berezitasun sozial, ekologiko, ekonomiko eta kulturalak kontuan hartu behar dira.
Burujabetza berriz konkistatu behar dugu, arlo anitzetan
Euskal Herriko borroka sozial, ekologiko eta kulturaletan engaiatuak garen biztanle gisa, Euskal Herria hautatu dugu burujabetza horiek birkonkistatzeko.
Arlo anitzetan:
• Elikadura
• Energia
• Etxebizitza
• Ekonomia
• Lana
• Gure gorputzak eta sexualitatea, bortizkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko
• Gizarte alorrekoa
• Kultura
• Burujabetza solidarioa
• Burujabetza irekia
Lurraldea ekintzarako eremu aproposena da
Klima, lurra -bai bizitzeko, bai lan egiteko-, ura eta airea, lantokiak, atseden-guneak, sorkuntza, janaria, haizea, eguzkia, ura eta egurra, energia, eman zaizkigun eta elkarrekin eraikitzen jarraitzen ditugun historia eta kultura... guzti horrek gure lurraldea osatzen du.
Bi zangoak lurrean finkatu behar ditugu
Hezurmamitzen gaituzten gauza horiekiko loturak alde batera utzi edo balio ekonomikora mugatu dira. Hurbil genuena urrundu da, gu egiten gaituena gure eskuetatik kendu, lurretik deslotua den eta hazkundea baizik bilatzen ez duen ekonomia garatu da, gure biziraupena bera mehatxatzeraino.
Zangoak lurrean berriz finkatu behar ditugu, bizi garen lurraldera itzultzeko, hondatuak izan diren loturak berriztatuz.
Ez gure paisaiak karta postal bat bezala atxikitzeko, baina paisaia horiek egunero sortzen segitzeko, bizia aterpetzeko duten gaitasuna sendotuz. Elkarrekin presta gaitezen datozen arazo klimatikoei aurre egiteko.
Gure mailako lurralde batek energia, lurralde antolaketa, garraioa, zaborrak... hobeki kudeatzeko gaitasuna ematen digu.
Neurritasuna, eraginkortasuna eta energia berriztagarrien iturriak, tokiko mailan:
Berotegi Efektuko Gasen isurketak murrizteko ekintzen % 50etik 80ra eta egokitzapen ekintzen ia % 100 Estatu maila baino maila txikiagoan eramaten dira.
Munduko lurralde bakoitza babestu behar dugu
Lurralde batekiko eta jende talde batekiko atxikimendua ezin da bereizi klima, bioaniztasuna, migranteak, justizia soziala edo herri pobreek beren baliabideez jabetzea bilatzen duten engaiamenduetatik.
Lurralde honi atxikirik gaude, babesten dugu, ez dugu onartzen bipildua izan dadin, gerlen ondorioz txikitua, alferrikako proiektu erraldoiengatik suntsitua, gertakari klimatiko handien ondorioz kaltetua, erresiliente bilakatzeko aukerarik eman gabe.
Eta horrez gain, ez diogu beste lurralde bati patu hori jasanarazi nahi.
Erronka klimatikoari aterabide globala bilatu nahi omen diotenek, gehienetan, sentimendu onez margotutako aitzakia bat besterik ez dute azaltzen, baina, orain arte, ez dute sekula erronkaren mailako ekintza koherenterik sortu.
Lurraldeen mailan ekitea gure esku dago eta unibertsalak diren arazoei aterabideak eraikitzeko aukera ematen digu. Ez dugu mundu unibertsal abstraktu bat babesten, baizik eta munduko lurralde bakoitza.
Komunitate bakoitzak bere bizi kulturala du, baita erronkei bere erantzunak eraikitzeko modua. Mundu ezberdinak aterpetzen eta babesten ahal dituen mundu komun baten eraikitzea da Lurreko bizitza, bere forma guzietan, bermatzeko bide nagusia. Kultura bakarrak ahultzen du, baina aniztasunak, aldiz, indarra ematen du.
Mundu mailako elkartasuna baitezpadakoa da
Gizadiaren historian lehen aldiz, mundu mailako desafioa daukagu: klima aldaketa. Estatu batek klimaren borrokari ez heltzea, edo berotegi efektuko gasen isurketen murrizketan ez parte hartzea beste herri guztien aurkako erasoa da, horrek munduko klimaren oreka zuzenean mehatxatzen baitu.
Klima aldaketa mugak gainditzeko zorian dagoen une honetan, zalantzak daude, batzuetan: klimaren alde aritu behar dugu, ala gure lurraldeen tokiko erresilientzien alde? Non da lehentasuna?
Batzuek uste dute sistema aldatzeko berantegi dela eta lehertze bidean gaudela. Ikusmolde horren arabera, berehalako aldaketa horiei aurre egiteko prestatzea hobe litzateke.
Alta, berotegi efektuko gasen isurketak murriztea eta gure lurraldeak erresiliente bihurtzea (gure energia berriztagarria ekoiztuz, laborantzako lurrak bizi berrituz, ondasun materialak berrerabiliz, tokiko moneta bat baliatuz...) borroka beraren bi parte dira.
Euskal Herrian, klimaren desafioa altxa dezagun!
Hurrenez hurren 12.000 eta 15.000 pertsona bildu zituzten Alternatiba 2013 eta Alternatiba 2018 alternatiben herrixkek, klimaren eta justizia sozialaren arloan, herritarren mobilizazio mugimendu garrantzitsua bultzatu dute, 7 herrialde ezberdinetan banatuak diren 120 Alternatiba eta ANV-COP21 talde baino gehiagorekin. Baiona izan zen orain nazioarte mailakoa bilakatua den mobilizazio honen sehaska.
Euskal Herria Burujabe, hedadura handiko ekitaldi berriak, gure esku diren klima-aldaketaren saihesteko aterabideak erakutsiko ditu, eta horietatik asko tokiko mailan direnak. Eskala horretan, ideia abstraktuak (krisi klimatikoa, baliabideen eskasia…) arazo konkretu bilakatzen dira, urrunak diruditen arazoek gure eguneroko bizia hunkitzen dute, eraldaketak gehiago sumatzen dira eta errexkiago ekiten dugu.
Klima-aldaketa gure biziak nahasten hasten delarik, erantzunak oraino sobera osatugabeak eta ahulak dira kalteak behar bezala mugatzeko esperantza atxikitzeko. Jendarte maila guzietan, oraindik gehiago itxoin gabe, ekiten ahal dugu Euskal Herriko metamorfosi ekologikoa plantan emateko.
Urteetako eragile askoren ekintzak Euskal Herriarentzat lurralde proiektu zehatzagoa marraztea ahalbidetzen du.
Euskal Herria Burujabe, urriaren 7 eta 8an denak Baionara!
Urriaren 7 eta 8an, jendea karrikaz karrika ibiltzen ahalko da zazpi auzo tematikoetan barna –Elikadura eta Laborantza, Etxebizitza, Energiak, Mugikortasunak, Elkartasunak, Politika, Ekonomia–, lurralde eraldatua aitzinikusten dutenekin topatuz eta lurraldearen eraldatzeko, ekintza palanka indartsuak deskubritzeko.
Hitzaldi-programa batek tokiko hizlariak eta Estatu edo nazioarte mailako pertsonalitateak nahasiko ditu, esperientzia arrakastatsuak eta inspiratzaileak partekatuak izanen direlarik. Asteburuan zehar, aktibitateak eta jokoak, bazkari handiak, kontzertuak eta besta giroko animazioak izanen dira familiarekin edo lagunekin deskubritzeko den ekitaldi honetan, jakin-nahia dutenentzat bai eta adituentzat ere.
7 jauziak, Euskal Herria Burujaberen aitzin gustua, probintzia bakoitzean!
Zazpi ekitaldi, jauziak izenekoak (euskal dantzei erreferentzia eginez), apiriletik irailera iraganen dira Euskal Herriko zazpi probintzietan. Jauzi bakoitzak gai bat nabarmenduko du, metamorfosia aitzinaraziko duen angelu zehatz bat erakutsiz eta lurraldeko aktoreen lana aitzinean emanez.