Gure diru-sarrera publikoak, Europako azken postuetan
ELAren Azterketa Bulegoko Egoeraren Azterketa 124-tik aterata
Ohikoa den bezala, espainiar estatua 2012an gastu publikoan batezbesteko mailatik behera geratu da (hori da datuak argitaratu diren azken urtea), barne produktu gordinaren (BPGd) %47,8 erabili zelarik. Bestalde, EB-28ko batezbesteko gastu publikoa BPGd-aren %49,3koa izan da (1,5 puntu gehiago). Euroguneko gastu publikoa zertxobait handiagoa da, BPGd-aren %49,9koa (espainiar estatukoa baino 2,1 puntu gorago).
Bilakaerari dagokionez, espainiar estatuan gastu publikoa BPGd-arekiko 2,1 puntu gehitu da, eta 1,6 puntu, 2009koaren aldean. Hazkunde hau ez da gastu publikoa eurotan gehitzearen ondorioz gertatu, BPGd-aren beherakada medio baizik.
BPGarekiko diru-sarrera portzentajerik txikiena duten lurraldeak ari dira estuasunik handienak izaten (Irlanda, espainiar estatua, Portugal...)
Gastu handiena duten estatuekiko aldea oso handia da. EB-28ko gastu publikorik handiena duen estatua Danimarka da, BPGd-aren %59,5arekin, eta ondoren frantses estatua eta Finlandia (biek ere %56,6a dutelarik). Gastu publikorik txikiena duen estatua Irlanda da (%42,6), ondoren Luxenburgo (%44,3) eta Alemania (%44,7) daudelarik.
Alde horrek esan nahi du espainiar estatuko gastu publikoa batezbesteko maila europarreraino gehituz gero (BPGko 1,5 puntu) 15.435,03 milioi euro gehiago gastatuko litzatekeela. Defizit kontuan, berriz, tasarik handiena honakoek dute: espainiar estatuak, %10,6arekin, Greziak (%9,0), Irlandak (%8,2) eta Portugalek (%6,4). EB- 28ko batezbesteko maila %3,9an dago.
Desberdintasunik nabarmenena diru-sarrera publikoetan datza. Espainiar estatuak BPGaren %37,1 jasotzen du, eta batezbesteko maila europarra %46,3koa da. 9,2 puntuko alde honek esan nahi du espainiar estatuak diru-sarrera publikoen batezbesteko maila europarra iritsiko balu urtean 94.668,19 milioi euro gehiago bilduko lukeela. Bestalde, diru-sarrera publikoak maila europarrera eramenez gero defizita (BPGaren 10,6 puntutan dagoena) BPGaren %1,4raino jaitsiko litzateke, hots, EB-28ko batezbestekotik (%3,9) askoz beherago.
Beraz, datuok hainbat ondorio ateratzeko aukera ematen digute; lehenik, BPGarekiko diru-sarrera portzentajerik txikiena duten lurraldeak ari dira estuasunik handienak izaten (Irlanda, espainiar estatua, Portugal...). Bigarrenik, defizitaren auzia - gobernu guztiak egiten ari diren murrizketa latzen ustezko arrazoia- diru-sarrera txikiagoak dituzten lurraldeetan gertatzen da, ez gastu publiko mailarik altuena dutenetan.
Horrenbestez, ondoriozta daiteke arazoa ez dela gastu publiko handia izatea, diru-sarrera urriak baizik.