"Lana gustukoa izateak ez du esan nahi edozein preziotan lan egin behar dugunik"

2019/05/08
UbikTabakaleraGreba.jpg
2018ko abenduaren 22tik greba mugagabean diren Tabakalerako Ubik liburutegiko grebalariak elkarrizketatu zituzten Euskadi Irratian apirilaren 30ean. "Ongi gaude. Ez da erraza greba luze batean egotea. Gora beherak ditugu. Talde sendoa dugu. Elkartzen gaituena da eskatzen duguna duintasuna dela, ez dugu pribilejiorik eskatzen. Hori garbi izanda, taldea kohesionatua dago. Bukatzeko gogoz, baina jarraitu behar bada, jarraitzeko indarrarekin ere bai."

Donostiako Tabakalerako liburutegia da Ubik. Tabkaleran bixita gehien jasotzen duen zerbitzua da, 180.000 bixita urtean. Hurrengo zerbitzu bixitatuenak, erakusketa gelak 100.000 bixita jasotzen ditu. "Hau hala izanda, eta eskatzen duguna Tabakaleraren urteko aurrekontuaren (6 milioi euro 2019rako) %1,6ra ez dela iristen jakinda, ez dugu ulertzen zer erresistentzia duten hau konpontzeko".

 "Ez dugu eskaera martzianorik egiten. Goi mailako lizentziaturak ditugu, urtean 14.000 euro kobratzen dugu igande eta jai egunetan lan eginda (Gipuzkoako batez besteko soldata 28.000 euro da), eta oporrak eskatzeko zailatasunak ditugu, eta ez dira ordainduak."

"Kultura zaindu egin behar da eta horrek eskatzen du kulturan lanean daudenak ere zaindu egin behar direla, lan baldintza duinak bermatuz."

Tabakalerako administrazio kontseilua Donostiako Udalak, GIpuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute. "Egin ditugun bilera guztietan onartzen dute gure lan baldintzak txarrak direla eta hobetu behar direla, baina ez dute arazoa konpontzen".

Ubik liburutegiko langile azpikontratatuak dira, Tabakalerak SEDENAazpikontratari esleitu zion zerbitzua. "Gure egoraren berri eman genion Tabakalerari iaz, eta nahiz eta jakin nola gintuzten, azaroan berriro beraien esku utzi zuten zerbitzua."

"Argi dago konta ez dela dirua. Tabakalerak 48 langile zuzen ditu, eta berriki soldatak handitu dizkieta: 28.000 eurotik 32.000. Gu 13 langile besterik ez gara, Estatuko hitzarmen bat aplikatzen digute, eta eskatzen duguna da Gipuzkoakoa aplikatzea, hemen bizi baikara."

"Kultura zaindu egin behar da eta horrek eskatzen du kulturan lanean daudenak ere zaindu egin behar direla, lan baldintza duinak bermatuz."

"Guk ikaragarri gustuko dugu lana. Hiru urte eta piku daramatzagu lanean hemen, baina iritsi gara puntu batera ezin genuela gehiago. Lankide askok utzi egin behar izan dute ezin zutelako bizi baldintza hauekin. Lana gustukoa izateak ez du esan nahi edozein preziotan lan egin behar dugunik."