Ez dugu baimenik eskatuko, soldata arrakalaren kontrako borroka hau geraezina da

2020/03/07
AneZelaia.jpeg
Ane Zelaia, ELA Zerbitzuak (testu honek martxoaren 6an ELAK Donostian egin zuen "Zuena zuriketa morea, borroka feminista gurea" ekitaldiko hitzaldia jasotzen du)

Egun on, emakumeak!! Ospakizun eguna da gaur, baina batez ere aldarrikapen eta borrokarako eguna.

SOLDATA ARRAKALA

Borroka feministaz asko dakite gure federazioko emakumeek. Soldata arrakalaz ere, tamalez edo zorionez, asko ikasi dugu.

Oso era generikoan hitz egiten digute soldata arrakalari buruz: Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, soldata arrakala %24koa omen Euskal Autonomi Erkidegoan. %24a entzun eta gutako askoren lehen erreakzioa zein da? Arrakala normalizatu eta pentsatzea: “Beno, emakume asko kualifikazio gutxiko sektoreetan daude, normala da gutxiago kobratzea”. Baina sindikatuan buelta bat eman diogu honi. Arrakalak kualifikazioarekin zerikusi gutxi du, eta asko ordea sistema kapitalista eta heteropatriarkalarekin. Tradizionalki emakumeen soldata senarren osagarri gisa ikusi izan da. Ordutxo batzuk lan egin eta dirutxo bat etxera eramatearekin nahikoa omen genuen.

GARBIKUNTZAN

Galdetu diezaietela garbikuntza sektoreko emakumeei. Oso adibide grafikoa da garbikuntzan gertatzen dena. Normalean arrakalari buruz hitz egiten dugunean estatistika orokorrak baino ez ditugu konparaketa egiteko. Kasu honetan, ordea, sektore berdinaren barruan bi azpisektore daude: bat feminizatua eta bestea maskulinizatua. Feminizatuan, eraikin eta lokalak garbitzen dituzten emakumeak. Maskulinizatuan, kale garbikuntzako gizonezkoak. Jakin nahi zenbatekoa den arrakala azpisektore hauen artean? %80 artekoa kasu batzuetan. Hau da, eraikin eta lokalen garbikuntzan, kasu askotan, sektore feminizatua izate hutsagatik, gizonezkoek kobratzen dutenaren ia ERDIA kobratzen dute.

ENTZUNDAKOAK

Arrakalaren aurkako borroka hasi genduenetik denetik entzun behar izan dugu: ezinezkoa dela, zoratuta gaudela, langileak manipulatzen ari garela diskurtso honekin. Inork esaten al zien Bizkaiko Metaleko grebalariei manipulatuta zeudela? Zergatik izan ohi dira emakumezkoen sektoreak manipulatuta daudenak? Kriterio propiorik ez dutenak? Manipulatzeko errazak? Ez al gara nahikoa azkarrak, nahikoa autonomak, gure kasa konturatzeko gure zapalkuntzaz?

ADMINISTRAZIOAN

Gure federazioan badira jada urte batzuk borroka hau hasi genduela. Momentuz sektore publikoan zentratu dugu eztabaida gehien bat. Zergatik? Administrazioa delako eredu ematen lehena izan behar duena, eta azpikontratazioaren bitartez sistema diskriminatzaile hau betikotzearen erantzule zuzena delako gainera.

Kale garbikuntza zerbitzu publikoa da beti, azpikontratatua ehuneko handi batean. Eraikin eta lokalen garbikuntza ere administrazio gehienetan dago azpikontratatua. Azpikontratazio hori zein baldintzetan gauzatzen den administrazioak berak erabakitzen du: Udalak, diputazioak, mankomunitateak,… Haiek erabakitzen dute azpikontrata horretako emakumeen soldata arrakala zenbatekoa izango den. Adjudikazio pleguen bitartez Administrazioek badute gaitasuna egoerari buelta emateko eta soldata arrakalaren aurkako neurri ekonomikoak hartzeko. Borondate politikoa da falta dena.

Udal batean aurrekontua erabakitzen denean, zerbitzuentzako partidak erabakitzen direnean egiaztatzen da administrazioaren ildo politiko eta soziala. Eta hor genero desberdintasunak betikotzen dira. Gure borrokarekin eskatzen dugu gauza bakarra da martxoaren 8an haizatzen dituzten hitz ederretatik ekintzetara pasatzea.

Edozelan ere, jakizue ez dugula baztertzen borrokarako eta negoziatzeko inolako esparrurik. Zein esparru hautatu erabakitzean indar harremanak, batzordeetako gehiengoak, afiliatutako kolektiboa... hartzen ditugu kontuan.

ERANTZUNAK

Inork ez du onartu nahi bere erakunde edo enpresan diskriminazioa praktikatzen duenik. Eta sektore honetan arrakalaren datua hain deigarria da, denetariko erantzunak entzun behar izan ditugula: “Beno, kale garbikuntzako langileek hainbat arriskuri aurre egin behar diote, horregatik ezberdintasuna”. Gozatu egiten dugu erantzunaren momentu honetaz, hor harrapatzen baititugu. Soldata arrakala kalkulatzeko alderaketa egitean kontuan hartzen ditugu kaleko garbitzaileek duten arrisku eta penositate plusak. Oinarrizko soldata soilik alderatzen dugu.

Erantzun hori ematen dugun bakoitzean, isilune bat egiten da mahaiaren bestaldean. Sumatzen da dena-delako alkatea, zinegotzia, enpresaria, diputatua edo funtzionaria buruari milaka buelta ematen ari dela, modu desesperatuan soldata ezberdintasun horri arrazoi bat bilatzeko, beraien buruetan ezinezkoa baita aintzatestea ez dagoela baliozko arrazoirik. Inork ez baitu onartu nahi genero diskriminazioa praktikatzen duela bere erakundean.

Ohizko beste erantzun bat izan ohi da: “kale garbikuntzan baditugu emakume batzuk, eta gizonezkoen berdina kobratzen dute!”. Jakina, horregatik da sektore maskulinizatua eta ez maskulinoa. Egoera eta erantzun hauek gizartean oso barneratuta dauden ideien islak baino ez dira. Erreakzio hauek jaso izan ditugu kolore guztietako Udaletan: eskuinekoetan, ezkerrekoetan, koalizioetakoetan,…

GARAIPENAK

Garaipenerako bidea, ordea, zabalik dago jada. Gipuzkoako Aldundiko garbikuntzan arrakala desagerraraztea lortu genuen. Gipuzkoako komisaldegi eta Epaitegietako langileek borrokaren atea zabaldu ziguten, 9 hilabeteko greba gogor baten ondoren, arrakala %70 batean gutxituz. Elorrioko Udaleko garbitzaileek, 5 hilabeteko greba sutsu baten ondoren, %20 batean areagotu zituzten soldatak eta lanaldiak, batazbestez. Gipuzkoako probintzialeko langileak ere hasi dira dinamika honetan eta abenduan greba egun bat egin eta gero martxoaren 30ean beste astebeteko greba egingo dute. Gorlizko Udaleko garbitzaileek ere 2 asteko greba hasi dute aste honetan. IMQko garbikuntza egiten duten Gizatzeneko langileak 2 asteko greba aurreabisatu dute aste honetan berdintasun planaren defentsan.

Eta bide honi jarraituko diogu ahal dugun leku guztietan. Tokirik toki arrakalaren mapa eta diagnostikoak egiten ari gara federaziotik, eta aurreko ereduek ereindako hazitik sortuko dira etorkizuneko borrokak: Galdakaon, Basaurin, Ugaon, Durangon, Osakidetzan, Bizkaiko Epaitegietan, Bizkaiko Aldundian, Legazpin, Zumarragan, Tolosan, Arrasaten, eta prest dagoen beste edozein kolektibotan egingo dugu lanketa.

ITXIERA

Kateak hautsi nahi baditugu kateatuta gaudenaren konziente izan behar dugu. Aipatutako emakumeek bidea eta begiak ireki dizkigute. Kateak biziki sentitzen ditugu orain garbikuntzan, eta erre egiten digute. Baina emakume eredugarri horiek ereindako hazia nahitaez ureztatu behar dugu, denon artean. Sindikatuaren arima eta baliabide guztiak horretan jarriko ditugu, emakumeen soldatak gizonezkoen soldataren osagarri izateari utzi arte. Gure bizitzaren jabe inoren limosnarik gabe izan ahal izan arte.

Bide honen lehen zatia bakar-bakarrik egin beharko dugu kasu askotan. Aliatu gutxi dugu borroka honetan. Baina borroka politenak, epikoenak, horrela hasi ohi dira. Garaipen ereduak biderkatu behar ditugu, eta eredu horren atzetik etorriko dira nahitaez gainontzeko aliatuak. Horregatik, borroka esparru gehiago zabaltzeko oso garrantzitsua da hauteskunde sindikalak irabaztea, kolektiboak sindikalizatzea, langileak ahalduntzea eta ikusgarri egitea.

Erraza balitz ez litzateke borroka. Eta borroka ez balitz ez litzateke iraultzaile. Sistema errotik aldatuko dugu eta klase borroka feminista izango da gure arma soldata arrakalaren aurkako gudan. Baliabideak sindikatuak jarriko ditu, borroka emakumeok egingo dugu eta garaipena denontzat izango da. Ez dugu baimenik eskatuko, borroka hau martxan da eta geraezina da.