‘Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak' liburua, aktibaziorako tresna

2026/03/31
20260331_112328.jpg
Aberri Egunaren atarian, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzea, eta horretarako proposamena da 'Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak' liburua, Txalaparta argitaltxeak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratuta.

euskal-errepublikarantz-txalaparta-eus.jpg

Unai Oñederra ELAko estrategia subiranistako arduradunak eta Manu Robles-Arangiz fundazioko lehendakariak adierazi duenez, Euskal Herrian “impasse” egoera batean gaude, nazioartean aldaketa betean izanagatik ere. “Eta gauzak ez badira mugitzen, atzerantz egiteko arrisku handia dago”. Kezka hori izan da liburuaren abiapuntua. Euskal Errepublikarako bidean, “burujabetzan aurrera egiteko norabideak” eskatu dizkiete Euskal Herri osoko zazpi egileei, besteak beste, feminismoaren, ekonomiaren, lan arloaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik jarduteko. “Burujabetzan aurrera egin nahi badugu, hobekuntza sozialak eta burujabetzan urrats bat dakartzaten aldarrikapen zehatzak egin behar ditugu, eta horiek lortzeko ezinbestekoa izango da gizarte zibila aktibatzea, antolatzea eta konfrontazio demokratikoa bultzatzea”.

Ane Eslava Txalapartako editoreak zehaztu ditu liburuko parte hartzaileak: “Alor sozialeko, akademiako eta sindikalgintzako egileak dira”, eta “ziklo politiko berri bat aktibatzeko gakoak mahaigaineratu dituzte”. Hain zuzen ere, honako egileekin: Unai Apaolaza (filosofoa), Uzuri Aboitiz Hidalgo (EHUko ikerlaria eta antropologoa), Andrea de Vicente Arias (EHUko irakaslea, Lan Harremanen eta Gizarte Laguntzaren fakultatean), Iñaki Lasagabaster Herrarte (EHUko Administrazio-Zuzenbideko katedraduna), Roser Espelt Alba (ELAren Azterketa Bulegoko kidea), Ainize Butron Arana (Alda elkartearen zuzendaritzako kidea) eta Amaia Alvarez Berastegi (NUPeko irakaslea).

Izan ere, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gogorarazi du egungo politika instituzionalek, kapital handiekiko menpekotasunak eta burujabetza faltak euskal langileriaren lan eta bizi baldintzak okertu dituztela. Birzentralizazio prozesuak areagotu dira, eta aldebikotasuna hutsean geratu, dio. EAEko estatus berriko elkarrizketak gizarteari bizkar emanda negoziatzen ari direla gaineratu du, eta Nafarroako parlamentuko batzordea eztabaida insituzionalera mugatzen ari dela. Horregatik da hain beharrezkoa “norabidea aldatzea eta alternatiba sozial eta politiko sendoak” eraikitzea, “gizartea aktibatuta” eta alderdiei zain egon gabe. Are gehiago adostasunak aldarrikatzen diren honetan: “adostasunak ezin dira eraiki zapalkuntzak betikotzeko”. Ipar Euskal Herriak hori erakutsi du Batera plataformarekin zein Laborantza Ganbara, Bizi! eta Alda mugimendu eta elkarteekin, besteak beste; agerian geratu da herritarrak eta behar sozialak erdigunean jarri behar direla. Konfrontazioa eta polarizazioa beharrekotzat jo ditu Lakuntzak:“Ez da askapen nazionalik justizia sozialik gabe, eta ez dago justizia sozialik erabakiak hartzeko tresna eta botere politiko propiorik gabe”. Ziur da liburuak ere horretarako balio dezakeela, egile bakoitzak norbere ikuspegitik hainbat gako plazaratzen dituelako.

 

EROSI LIBURUA