366 milesker!
Jean Noel Etxeberri: "Frantziak bortizkerian gakotu nahi gaitu" (Berria)
"Tentsioaren estrategia erabiliz, Frantziak bortizkerian gakotu nahi gaitu, baina guk ez dugu zepo horretan erori behar", adierazi du atzo Jean Noel Etxeberri Txetx-ek, Baionako komisarian hiru egunez atxilotua izan ondoan. Etxeberri eta Jacques Mourio militante okzitaniarra ostiral arratsean libre utzi zituzten, kargurik gabe, Parisko Marie Antoinette Houyvet epailearen aitzinean pasatu ondoan. Bi militanteak asteazkenean atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Baionan eta Pauen (Frantzia). Le Vert eta Houyvet epaileek eman zuten atxilotzeko agindua, 2004ko urriaren 3an Frantziako Poliziak egin atxiloketekin lotura dutelakoan. Orduan Poliziak Mikel Albisu eta Soledad Iparragirre atxilotu zituen.
"Frantziaren estrategiak gure haserrea eta herra baizik ez ditu nahi", adierazi du Etxeberrik, atzo Baionan emandako prentsaurrekoan. "Jazarpen eta haserre sentimenduak izanik ere, bortizkeriarik gabeko bideetarik jarraitu behar dugu; bide demokratiko horietatik ez dugu zentimetro batez ere baztertu behar. Frantziak eta Espainiak ez dute besterik nahi", erran du Etxeberrik, ELAk eratutako Manu Robles Arangiz Fundazioaren izenean.
Atxiloketaren xehetasunak ere kontatu ditu Etxeberrik. Asteazken goizean atxilotu zuen militante abertzalea, 06:00 aldera, etxean. "Sakelako telefonoa eta ordenagailua bahitu dizkidate, nire laneko tresnak", azpimarratu du Txetxek. "Hortz-eskuila eta oheko mihisea ere eraman dituzte, nire eta beste pertsonen DNA hartzeko".
Frantziako Poliziaren "metodoak" ere salatu ditu Etxeberrik. "Ez zuten nire atxilotze beharrik. Baina zernahi elementu zutela nire kontra erran didate berehala". Poliziaren arabera, Robert Arricauk, 2004an atxilotu zuten militante okzitaniarrak, adierazi zuen Etxeberrik eta Mouriok ETArentzako azpiegitura lanak egiten zituztela. "1996 eta 1997ko Gazteriak mugimenduaren bilkurak iragan ostean, ETAko militanteak ezkutatzera eramaten genituela erran zuen Arricauk Poliziari. Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalean ere ETAko kide garrantzitsuekin harremanak izan zituela kontatu zuen Arricauk".
Arricau delakoa ez duela ezagutzen azpimarratu du, ordea, Etxeberrik. "Gazteriak-en bilkuretan ez nintzen hor izaten ahal, 1995. urtean utzi bainuen mugimendua. Eta EHZ denboran, doi-doia ikusirik oroitzen naiz, besterik gabe". Arricaurekin elkarrizketa nahiko lukeela jakinarazi du Etxeberrik. Militante okzitaniarraren adierazpenetan oinarrituta, Jean Francois Lefort Askatasunako bozeramailea atxilotu zuen 2004an Frantziako Poliziak. Urtebete preso egon ondoren, libre utzi zuten, Arricauk adierazpenak faltsuak zirela erran ondoren.
Eta Etxeberrik ez du ulertu zergatik orain atxilotu duten, afera hori iragan eta lau urteren buruan. "Helburu politikoa izan du atxiloketa horrek", Txetxen iduriko, batez ere Houyvet epailearen jarrera ikusirik. "Egia bermatu nahi zuela erraten zuen... Baina nik errandakoak ez zitzaizkion komeni, iduriz. Ez du neutraltasun izpirik erakutsi galdeketa denboran".
DEMOEN EKINTZA. Txetxen ustez, tentsio politikoaren beste harri bat izan da bere atxiloketa, "beste atxiloketei eta ilegalizazioei gehitzen dena". Demoek, beren aldetik, Sarkozyren "garbiketa politika" salatu dute, atzo goizean egindako ekintza batean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Frantziako presidentearen itxura zuen Demo bat ageri zen herriko tabernetako kide bat eta ELBko laborari bat Karcher batekin garbitzen zituela. Euskal Herria "bakean uzteko" erran diote Sarkozyri.