2.500tik (edo gehiago) 1.690ra (asko jota)

2017/11/07
errepideak-2.jpg
Pozik daude Urola-Deba 2014 UTEko langileak. Eta badute bai pozik egoteko motiborik. Berriki euren lan eta bizi baldintzak hobetzen dituen akordioa lortu dute. Hala aitortzen du ELAko ordezkari Igor Etxanizek. “Gure borrokaren nondik norakoak ulertzeko gure sektorearen errealitatea ezagutu behar da. Gu errepideen mantenuaz arduratzen gara, horrek suposatzen duen guztiarekin. Errepideen mantenua urteko egun guztietan egin behar da, egunero-egunero, 24 orduz. Edozein unetan gertatu liteke ezbeharren bat edo gure lana beharrezkoa egiten duen gertakizunen bat”.

Gorka QuevedoGorka Quevedo, ELAko komunikazio saila (artikulu hau Landeia 224-n argitaratu da)

Egoera honetan ekin zioten borrokari. Langileek argi izan zuten hasieratik zein izango zen euren lehentasuna negoziazio mahaian. “Urtean 2.500 ordutik gorako lanaldiak izan ditugu; pentsa, Gipuzkoako Eraikuntzaren hitzarmenak 1.690 ordutako lanaldia jasotzen du. Hori jasangaitza zen, bizitza duin bat aurrera eramateko aukera kentzen zigun. Familia edo lagunekin oporrak antolatzea ezinezkoa zen; uneoro egon behar ginen edozein arazori aurre ekiteko prest, eta horrek gure aisia izatea edo kontziliatu ahal izatea ezinezkoa egiten zuen”.

“18 langile izatetik 30 langile izatera igaro gara, %40 gehiago. Honek txandak beste modu batetara antolatzeko eta lanaldia izugarri murrizteko aukera ematen digu." Igor Etxaniz

Lehen urrats bezala langileek egutegi bat hartu eta euren lanaldiak jarri zituzten bertan. Ondorioa begi bistakoa zen: demostratua geratzen zen ez zegoela langile nahikorik zerbitzuak eskatzen duen guztia betetzeko, eta gabezia horiek langileen gehiegizko orduekin betetzen zela. “Behin soldata igoera bezalako gaien inguruko akordioa lortuta, gure indar guztiak abusuzko lanaldiarekin amaitzean jarri genituen. 18 langile ginen, eta 6 laguneko 3 txandatan antolatzen ginen. Lanaldia 07:00etatik 15:00etara zen.

Ondoren 6 lagun horietatik 3k prestutasun osoa izan behar zuten, hurrengo eguneko lanaldira arte. Ordu horiek, gainera, ez zuten lanordu bezala zenbatzen. Edozein momentutan jaso zenezakeen dei bat, eta dena utzi eta sortutako ezbeharrari aurre egin behar zenion. Horrela ezinezkoa zen bizitza duina aurrera eramatea”.

Eman bostekoa garaipenari

Euren lan eta bizi baldintzen alde borrokatu ostean, azkenean Urola-Deba 2014ko langileek akordio bikaina sinatu dute. “18 langile izatetik 30 langile izatera igaro gara, %40 gehiago. Honek txandak beste modu batetara antolatzeko eta lanaldia izugarri murrizteko aukera ematen digu. Orain, akordioari esker, aste bat goizez gaude, aste bat laguntza-guardian eta aste bat libre daukagu. Eta, laguntza-guardian gauden denbora lanaldi bezala zenbatzen da”.

Garaipena Urola Deba“Akordioari esker orain presentziazko 800 eta piku ordu egiten dugu lan; denbora honi laguntza-guardian egongo garen denbora batu behar zaio, noski, baina ondo-bidean nekez helduko gara eraikuntzaren sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen 1.690 orduetara. Hau izugarrizko aldaketa da guretzat; zenbait lankideren urteko lanaldia erdira jaitsiko da, 2.500 ordu baina gehiago lan egitetik sektoreko hitzarmenak ezartzen duen lanalditik behera egotea. Orain posible izango dugu aldez aurretik oporrak antolatzea, bizitza eta lana bateragarri egitea, lanetik kanpo igarotzen dugun denbora antolatzea...”.

Igor Etxanizek azpimarratu nahi du akordio bikain hau soilik posible izan dela langileen mobilizazioari esker. “ELAren babesik gabe hau ezinezkoa izango litzateke. Afiliazioa, borroka eta antolakuntza. Ez dago besterik. Langileek erakutsi duten borrokari esker izan da soilik posible, besteak beste, gure lanaldia ia erdira jaistea”.