ELAren urtekaria: 2023ko 114 garaipen sindikalak

2024/02/13
Garaipenak.jpg
ELAk, aurten ere, aurkeztu du bere Urtekaria, "Antolatu, borrokatu, irabazi" izenburupean. 48 orrialdetan 2023an lortutako 114 garaipen sindikalak jasotzen ditu. Urtekariaren 105.000 ale banatuko dira, eta afiliatu guztien etxeetara bidali da.

2023UrtekariaPortada.jpgIkusi urtekari osoa

Argitalpen honen bigarren edizioa da, eta iaztik urtero editatzen da. Bertan agertzen da oso modu argian zein den ELAren indarra: bere militanteen konpromisoa eta borrokak, negoziazio kolektiboaren fruituak eta zerbitzu juridikoen ezinbesteko lana.

Urtekaria hilabeteka antolatuta dago, eta 114 garaipen sindikal jaso dira bertan, protagonistei egindako elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak, sindikatuetako abokatuak); gatazka eta akordio bakoitzari buruzko oinarrizko datuak; argazkiak; eta ELAk borroka sindikalean duen eraginkortasuna azaltzen duten funtsezko datuak: aurrekontuetako diru-sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia-kutxaren indarra (6.991 lagunek erabili zuten 2023an) edo afiliazioari eskaintzen dizkion zerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.).

Urtekariak Mitxel Lakuntzaren (ELAko idazkari nagusia) elkarrizketa ere jaso du. Bertan greba egiteko gaitasuna nabarmentzen du ("Negoziazioa bukatzen denean, bidegabekeriaren aurkako urrats bat harago egiteko tresna greba da"), baita bere autonomia politiko eta ekonomikoarena ere. Ondokoa da guzti honen gakoa, bere hitzetan: "Euskal Herriko borroka sindikalak lantokiz lantoki egiten den borrokan oinarria du".