Ivan Gimenez: «Lehen, posible zen burgesa eta euskararen aldekoa izatea»

2013/07/02
Agerre_y_Garcila_519f0d936d812.jpg
Antzekotasun bati tiraka hasita erabaki zuen XX. mendeko Iruñeko bi pertsonari buruzko lana osatzea. Datu historikoak kanpoan utzi baditu ere, lan ulerterraza egin du, eta irakurleek baieztatu diote hori. Liburuko protagonisten oinordekotza faltak eta denboraren joanak hala eraginda, egungo iruindarrek Jose Agerreren eta Raimundo Garciaren ezagutza handirik ez badute ere, iluntasuna argitzeko ahalegina egin du Ivan Gimenezek azken liburuan.

Elkarrizketa hau Nekane Zinkunegik egin zuen eta Berria egunkariko Igandea gehigarrian azaldu zen 2013/06/16an

Zerk bultzatu zaitu, zehazki, liburua idaztera?

Kasualitatez irakurri nuen Josu Txueka historialariaren izkribu batean egun berean hil zirela Jose Agerre eta Raimundo Garcia Garcilaso. Egun berean, ia ordu berean, eta ia leku berean. Agerre, Nafarroako Gorteen kalean, eta Garcilaso, bi kale harago, Arrieta kalean. Oso kasualitate deigarria iruditu zitzaidan. 1962ko urriaren 19an gertatu zen hori, eta iaz bete zen gertakariaren 50. urtemuga. Heriotzaren kasualitateari tiraka hasi nintzen ikertzen, eta ohartu nintzen bazeudela antzekotasun gehiago ere. Bururatu zitzaidan denak bildu eta lan bat egitea, eta, azkenik, liburu bihurtu da.

Garcilasoren hasierako jokabidea asko aldatu zen gerora. Euskaltzale sutsu gisa mintzo zenak «kazetaritza politiko autoritarioa» egiten zuela aipatzen duzu liburuan. Zergatik aldaketa hori?

Zaila da hori asmatzea. Esan behar da, ordea, XX. mendeko Iruñean idazten zuten ia guztiek, kazetariek, idazleek edo intelektualek Arturo Campionengandik zetozen irakaspenak jaso zituztela. Campion oso euskaltzalea zen, baina arlo sozialean oso kontserbadorea. Orduko Iruñeko burgesiaren defentsan, beraz, bi alde zeuden: karlistak zein monarkikoak, batetik, eta jeltzaleak, bestetik. Gaurko ikuspegitik ulertzeko zaila den arren, oso posiblea zen bi ezaugarriak uztartzea. Hau da, euskararen aldeko mugimenduan parte hartzea eta Nafarroako burgesiakoa izatea aldi berean. Garcilasori dagokionez, berriz, Diario de Navarra-ko zuzendaritza hartu zuenean, 1912an aldatu zen. Ordukoak dira Lehen Mundu Gerra, Errusiako Iraultza eta Espainiako greba garrantzitsuak. Hala, hemengo burgesek, eta tartean Diario de Navarra-ren jabeek, ikusi zuten sozialismoaren ideien aurka egin behar zutela, eta horren tresna bihurtu zuten Garcilaso.

Hemengo burgesek, eta tartean Diario de Navarra-ren jabeek, ikusi zuten sozialismoaren ideien aurka egin behar zutela, eta horren tresna bihurtu zuten Garcilaso

Frankismoari leial izanagatik, kargu garrantzitsuetarako proposamenak jaso zituen. Baina ia guztiei esaten zien ezetz.

Luxurik gabeko gizona zen, eta dirua ez zuen gustuko. Gainera, bazuen Diario de Navarra-ko botere absolutua, eta ia Iruñekoa ere bai. Esku artean zuena oso garrantzitsua zen harentzat Madrilera alde egiteko, lortutakoa arriskatzeko beldurra zuen; kontserbadorea zen horretarako ere.

Agerre 36ko Gerran falangistek atxilotu zuten La Voz de Navarra-ko egoitzan, eta gero, oharkabean ibiltzera behartua geratu zen. Egungo Iruñean ezagutzen al du jendeak?

Ba Garcilaso oso gutxi ezagutzen dugu, eta Agerre are gutxiago. Haren gertukoek izango dute euren memorian haren oroitzapena. Baina, bilobarik izan ez zuenez, asko murriztu da hori ere. Haren memoria berreskuratzeko, garrantzitsua izan da duela hiruzpalau urte hil zen Joxemiel Bidadorrek egindako lana. Hiru liburu kaleratu zituen Bidadorrek, eta horri esker berreskuratu ahal izan da Agerreren lana. Baina kalean edonori galdetuz gero, ez du inork ezagutzen.

Informazioa bilatzeko orduan, zailtasunak izan dituzu?

Bueno, lehenik eta behin, idatzitako iturrietara jo nuen. Agerreri buruz lan dezente argitaratu zituen Bidadorrek. Lan horiez gain, Diario de Navarra, La voz de Navarra eta garaiko beste egunkari batzuen hemeroteketara jo nuen. Lerro nagusiak zehaztuta, xehetasunetan sartu nintzen. Data jakin batzuetako gertakarien berri izateko, hemeroteketako artikuluak baliatu nituen, eta, ondoren, pertsonengana jo nuen. Baina testigantzak jasotzea zaila izan da. Izan ere, Garcilaso ez zen ezkondu, ez zuen seme-alabarik eta anai-arrebarik izan, eta, gainera, kanpokoa zen. Ondorioz, gertukoen hari hori galduta neukan haren kasuan. Eta Agerrerekin ere berdintsu ibili nintzen. Seme bat eta alaba bat izan zituen, Joxemiel eta Mirentxu, baina horiek ere ez zuten oinordekorik. Kontua da Agerre oso pertsona ezaguna zela lehen Iruñean, eta Angel Ruiz de Erentxun abokatua haren auzokidea zen, eta hark hainbat datu eman zizkidan. Horrez gain, Patxi Zabaleta politikariak ere asko idatzi zuen Agerreri buruz.

1936ko uztailaren 19an, Mola jenerala eta Garcilaso elkarrekin irten ziren Iruñeko kaleetara egun hartan izandako kolpe militarra ospatzera. Ordu horietan, Agerre La voz de Navarra-ko egoitzan zen

Heriotza egunak batu zituen azkenean; patua ote?

Ez dakit patua existitzen den, baina antzekotasunak bai, behintzat. Hil zirenekoa da horietako bat, baina bada garrantzitsua den beste bat ere. 1936ko uztailaren 19an, Mola jenerala eta Garcilaso elkarrekin irten ziren Iruñeko kaleetara egun hartan izandako kolpe militarra ospatzera. Ordu horietan, Agerre La voz de Navarra-ko egoitzan zen, eta falangistak bertan sartu ziren, hura atxilotu, torturatu eta giltzaperatzeko. Benito Santesteban errekete karlista izandakoaren laguntzaz irten zen giltzapetik, eta hari esker ez zuten fusilatu.

Garcilaso «bete beharrekoa beteta» hil zela esan ohi da, Francok sinatutako dolumin eta guzti. Agerre, berriz, klandestinitatean. Azkenari jaso gabeko omenaldia egin diozu?

Orain dela hiru bat urte, omenaldi xume bat egin zien Eusko Alderdi Jeltzaleak hari eta haren lau jelkideri. Patxi Zabaleta politikariak Euskaltzaindiaren izendapena jaso zuenean ere egin zion aipamentxoa. Baina omenaldi horiek ez dute Agerreren inguruko iluntasun hori argitzea lortu. Nire lanak horretarako balio badu, asko poztuko naiz.

Historia bat da, baina bitxikeriak ere tartekatu ditut, eta uste dut garai hartako Iruñea ezagutzeko lan baliagarria izan daitekeela.

Kritika onak jaso dituzu. David Mariezkurrenak irakurtzeko atsegina dela dio.

Ni kazetaria naiz, eta urte askoan aritu naiz horretan lanean; ez naiz historialaria, kontu horiek gustuko ditudan arren. Liburua egiteko lan akademiko batzuk irakurri ditut, baina idazteko orduan, nik nahi nuen moduan aritu naiz. Datu asko utzi ditut kanpoan, eta lan irakurterraz bat egiten saiatu naiz. Irakurri dutenek esan didate hasiz gero segitzeko gogoa ematen duela. Historia bat da, baina bitxikeriak ere tartekatu ditut, eta uste dut garai hartako Iruñea ezagutzeko lan baliagarria izan daitekeela. Liburua ez da bukatzen Agerre eta Garcilaso hildako unean, ordutik honako 50 urteetako gertaerak eta haien memoriaren bilakaera ere ageri baitira.

Javier Ederrek, ordea, hitzaurrean dio zure lanak ilunago deskribatzen duela Garcilaso, haren jarraitzaileek idatzitakoarekin alderatuta. Errezelorik sortu du?

Oraindik ez, baina egonen dira. Hala ere, ez dut uste horien berri emango denik. Garcilasoren oinordekoak hor daude, baina haren memoria ez du inork publikoki aldarrikatuko gaur egun.