Prekarietatea: lan istripu hilgarrien arrazoia

2013/10/31
LanOsasuna.JPG
Administrazioek, lan istripuen kontra egiteko neurriak indartu beharrean, istripu hauen kausa eta eraginen irakurketa partzialak baino ez dituzte egiten. Askotan estatistiketan oinarritzen dira justifikatu ezin dena arrazoitzeko, lan istripuen kopuruan eman den murrizketa azpimarratuz eta istripuen zergaiti nagusiena zorigaitza dela nabarmenduz.

ELAren Lan Osasuneko 13. buletinetik hartua

Hala ere, istripu jakin baten kausatik haratago (erorketak edo harrapaketak...), lan- ezbeharren benetazko eta egiturazko arrazoiak apropos alde batera uzten dira. Alboratze honek badu bere zergatia: egiturazko arrazoi hauei ekitea, lan istripuen arrazoiak bultzatzen dituztenen kontra egitea da.

Irailean sei lan istripu hilgarri izan genituen. Hildakoen artean, bi langilek ez zuten lan-kontraturik, autonomoak ziren eta zuhaitzak mozten ari zirela izan zuten istripua. Beste bik, obra publikoetan lan egiten zuten, azpikontrata batean, eta beste langile bat bere lantokitik kanpo zegoen

Lan prekarietatea, langileok jasaten duten segurtasun gabezia eta lan baldintzen berme eza gisa ulertzen badugu, administrazioei lan baldintzen kontrola eta hobekuntzak suspertzeko jarduerak exigitzeko arrazoiak ez zaizkigu falta.

Lan merkatuaren desarautzeak edo hitzarmenen behin-behinekotasunak, (nahiz eta onartutako erreformekin hitzarmen guztiak behin-behinekotzat ulertzen diren), segurtasun ekonomiko eza ekartzen du, hau da, soldata murrizketak. Eraikuntzaren kasuan, adibidez, langileek soldata duinak jasotzeko legeak ezarritako lanaldi luzeagoak egitera behartuta daude.

Lan-bizitzaren luzapena edo enpresetan egitura eta lan tresnetan mantentze lanetan inbertsiorik ez egitea, egiturazko prekarietate elementuak dira, eta egin beharreko lanak langile ugari bere bizitza arriskatzeko punturaino behartzen ditu.

Tamalez, azken egunetako istripuek egoera horixe dela egiaztatzen dute. Irailean sei lan istripu hilgarri izan genituen. Hildakoen artean, bi langilek ez zuten lan-kontraturik, autonomoak ziren eta zuhaitzak mozten ari zirela izan zuten istripua. Beste bik, obra publikoetan lan egiten zuten, azpikontrata batean, eta beste langile bat bere lantokitik kanpo zegoen. Obra publikoaren kasuan, istripuak bereziki larritzat jo ditzakegu, kasu hauetan administrazioari baitagokio erantzunkizun zuzena. Jakina da obra publikoen eskaintzetan prezioak asko jaisten direla, eta honek badu bere eragina, batetik lan hitzarmenak aintzat hartzen ez direlako, eta bestetik, segurtasun eta osasun neurriak betetzen ez direlako.

Bai Osalanek eta bai administrazioek ere enpresen eta sektoreen benetako egoera ondo baino hobeto ezagutzen dute. Litekeena da krisia hasi zenetik lan ezbehar kopuruak gutxitu izana, baina azpimarratu beharra dago langileek, istripu asko sortarazten dituzten segurtasun elementuak salatzeko geroz eta arazo gehiago dituztela, lanpostua galtzeko beldur baitira.

Lan ezbeharren kontrako ekintzarik benetan egin nahi baldin bada, langileok lan baldintza duinak izateko eskubidea errespetatu beharra dago, bai soldatei, baita lanaldi eta lan erritmoei dagokienez ere. Azpikontratazio espekulatiboarekin bukatu behar da, eta lan baldintzak gizatiartu behar ditugu. Paperezko prebentzio eta estatistiken analisietatik, lantokietan ekintzetara pasatu behar dugu.

Diagnostikoa argia da, eta lan baldintzak hobetzeko eta kontrolatzeko tresnak dituztenek ekintzak martxan jartzeko balio beharko luke. Helburua langileon segurtasuna eta osasuna bermatzea da. Erreformak eta murrizketak bultzatzea lan-ezbeharrekin jolastea baino ez da, hemen aipatu den guztiaren kontra egitea.