EiTBko zuzendaritzak koronabirusaren krisian gobernu eta patronalaren ikuspegiaren alde izan duen jokabide informatiboak arriskuan jartzen ditu adierazpen askatasuna, informaziorako eskubidea eta demokraziaren kalitatea
Koronabirusaren krisiak EiTBren kudeaketa informatiboaren atal tamalgarrienetako bat utzi digu. Espainiako Gobernuak gaixotasunaren hedapenari muga jartzeko asmoz funtsezkoak ez diren jarduerak zortzi egunez eteteko hartutako erabakiaren aurrean, erakunde publikoko zuzendaritzak ildo editoriala Confebasken eta Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiarekin eta argudioarekin eraikitzea erabaki zuen.
Horrela, albistegiak ireki zirenetik, aukeraturiko irudiek, bidalien informazioek, elkarrizketek edo hautatutako hizartzeek patronalaren eta gobernuaren kontakizuna neurriz kanpo eraikitzera bideratuta egon ziren, erabakiaren ikuspegi katastrofista emanez, neurri horiek ez hartzearen ondorioak ezkutatuz edo anekdotara murriztuz, osasuna eta bizitza lehenesteko funtsezkoak ez diren jarduera guztiak bertan behera uztearen alde egiten zuten erakunde edo eragileen ahotsak.
EITBko zuzendaritzaren erabakiaren eta jardunaren larritasuna ikusita, komenigarria iruditu zaigu ELAk, honen inguruan, 2018ko azaroan EiTBren erreforma integralerako legebiltzarreko batzordeari azaldu zizkion gogoeta batzuk berreskuratzea.
Kontrako norabidean doazen gobernu eta komunikabide publikoen jardunak, herritarrak eta iritzi publikoa manipulatzen saiatzeaz gain, adierazpen askatasunaren, informaziorako eskubidearen, ekitatearen eta demokraziaren aurkako eraso larria dakarte.
“Hedabide publikoen eginkizuna funtsezkoa da sistema demokratikoetan, eta jendarte guztiari eman behar diote hitza, baita babesgabeen dauden sektoreei ere, edota korporazio pribatuek eta gobernuek isilarazitako proiektu alternatiboei. Beraz, klase, genero, etnia, jatorri edo aniztasun funtzionala medio sortutako desberdintasun eta diskriminazioak orekatzen saiatu behar dira”. “Pluraltasuna hedabide publiko baten ikurretako bat izan behar da.”
“Hedabide publikoak kontrapuntu izan behar dira, korporazioekiko kontrabotere, hauen interesak lehenago ere sistema demokratikoa eta bere erakundeak, zein sistema mediatikoa zeharo kutsatuta baitituzte. Jendartean hedabide pribatuak badirenez, sektore politiko eta ekonomikorik boteretsuenak badute presentzia espazio publikoan. Beraz, hedabide publiko batek jendarte osoari presentzia eta sarbidea bermatu behar dio. Bereziki zainduz gizarte-mugimenduen, gutxiengoan daudenen, kolektibo diskriminatuen, mugimendu emergenteen, gune haustaileen eta abarren presentzia.”
“Komunikazio-sistema publikoak beti izan behar du kontutan iritzi publiko anitz eta desberdinak daudela, baita interes alderdikoi desberdinak ere, eta gairik beroenetan beti izan ohi dela konfrontazioa, baina baita establishment-aren ahalegina diskurtso ofiziala edo hegemonikoa onartzen ez duten iritzi eta posizioak isilarazteko, estigmatizatzeko edo indargabetzeko. Honen adibide argia dugu botere finkatuarekiko erakunde alternatibo edo kritikoak nola isilarazten, zokoratzen eta baztertzen diren.”
“Hedabideek, halaber, zer esan handia dute gobernuen ekintzarako eremua neurriz kanpo handitzeko eta era aktiboan zein pasiboan klase xeheen interesen kalterako diren ekimenen oihartzuna murrizteko, edota aro neoliberalean errealitatea politika publikoak mugatzen ari diren ildo estuara mugatzean, eta horietatik kanpo dauden alternatibak ezkutatzean. Eztabaida politikoa horrela, hain zorroz zedarritzeak, talde ekonomiko, politiko eta kultural hegemonikoen ugalpen ideologikoarentzako marko bilakatzen du. Hil ala bizikoa da hedabide publikoetako arduradunak botere-mekanismo hauen jakitun izatea, kontrol-sistema eta neurriak bermatzea eta medio publikoek herritarren iritzi-eremua zabaltzea.”
“Guk nahi dugun hedabide publikoa herritarren zerbitzura egon behar du. Horretarako gobernu, botere ekonomiko eta alderdiengandik independente izan behar da, eta finantziazio nahikoa jaso behar du. Gure iritziz independentzia da modu bakarra hedabide publikoek egin ahal ditzaten sistema demokratikoan dagozkien eginkizun garrantzitsuak. Batez ere dimentsio informatiboarekin lotutako eginkizunak. Beraz, gobernuarekiko loturarik gabeko sistema baten alde gaude, informazio interesgarri guztia eta gure herriko antolakunde eta talde sozial orori lekua emango diona.”
“Komunikabide publikoek erabateko gardentasuna bermatu behar dute, eta jendarteari kontuak eman behar dizkiote. Egun gizarteak ez du EITBren gaineko jarraipen eta krontola egingo duen mekanismorik, ELAk Arartekoari hel arazi dizkion salaketetan behin eta berriro agerian geratu den moduan. Horregatik, dauden organoak hobeto eta modu demokratikoagoan arautzeaz gainera, jendartearen parte hartze eta kontrol organo berriak sortu behar dira. Jendarteak informazio guztia izan behar du erabaki- eta zuzendaritza-organoen osaeraz, hautatzeko irizpideez, funtzionamenduaz, ildo estrategikoez, ildo editorialak garatzeko edo ordezkaritza eta partehartze alderdikoerako ezartzen diren banaketa irizpideez eta, oro har, hartzen diren erabaki guztiez.”
Hemen EiTBren erreforma integralerako legebiltzarreko batzordean azalduriko txosten osoa