Euskal Herriak ez du erregerik
Xabi Anza, ELAko trebakuntza arduraduna
Diktadorearen aginduak, 1975ean hil eta egun batzuetara, Juan Carlos Borboikoa tronuan jartzea ekarri zuen, errege, estatuko eta ejerzitoaren buru bezala. Ondoren, 78ko Konstituzioa, frankisten mehatxu armatupean eta indar harreman oso txarrean negoziatua, transakzio huts bat izan zen. Askatasun-esparru baten truke, Espainiako herritarrek eta estatuaren barruan mendean hartutako nazioek monarkia onartu behar izan zuten (erregearen izaera bortxaezina eta arduragabea barne), eta horrekin batera estatuko aparatuak ez depuratzea (botere judiziala, ejerzitoa, polizia, guardia zibila, unibertsitateak, funtzionarioak...), frankismoaren krimenak epaitzeko ezintasuna, eliza katolikoarekin sinaturiko konkordatoa, hauteskunde-legea, eta Euskal Herriaren kasuan ere autodeterminazio-eskubideari uko egitea... Pakete horri guztiari "78ko erregimena" deitu zaio urteotan.
Halere, Euskal Herrian erakunde monarkikoari uko egin zaio urte hauetan, horretarako erabilgarri izan dituen tresna gutxirekin. Konstituzioa ez zen behar bezala berretsi gure herrialdean, eta ezezkoa eta abstentzioa izan ziren nagusi. Eta gaiari buruzko inkestek (azkena duela aste batzuetakoa) argi eta garbi erakusten dute gure herrialdearen izaera errepublikanoa eta antimonarkikoa. ELA jarrera horrekin konprometituta dago, bat bait dator bere posizio historikoarekin.
Espainiako monarkia, bestetik, ez da neutrala izan, ezta eredugarria ere. 40 urtez Espainian agintean egon den pertsonaren delituak, krimenak, irregulartasunak eta arduragabekeriak kontaezinak dira. Horren aurkako salaketak aurkeztu dituztenek gainera, gainera, mespretxua eta mehatxuak baino ez dituzte jaso hamarkada hauetan. Bitartean, komunikabide nagusiek, indar politiko eta ekonomikoek eta Espainiako eliza katolikoak babesa besterik ez diote eskeini denbora horretan guztian.
Bere anaiaren hilketa; diktadorearen pertsonarekiko eta legatuarekiko leialtasuna; saharar herria abandonatzea, Marokoko monarkiarekin bat eginez; Espainiako Kongresua bahitu zuen operazio politiko eta militarrean parte hartzea, 23-F deiturikoan, eta golpista ezagunekin, Armada eta Milansekin adibidez, zuen adiskidetasuna; errege-etxea aberastea (bildutako ondasunak biderkatu egiten ditu Estatutik etorri zaizkion diru iturri oparoak); bere bizitza pribatuko eskandaluak; lujoaren erakustaldia eta bere zaletasunen gehiegikeria, baita klase herrikoiak austerizidioak kondenatzen zituenean ere; oligarkekin eta gaur egun babesa ematen dioten diktadoreekin duen gertutasuna; enpresetako komisio eta opariak... Kontaezinak dira fiskaltza eta auzitegien esku egon behar zituzten kontuak. Eta horrela izanik ere, PSOEk eta PPk Juan Carlos Borboikoaren abdikazio expressa "agindu" zuten, monarkiaren eta 78ko erregimenaren jarraipena bermatzeko.
Juan Carlos Borboikoa auzibidean jarri beharra dago. Baina ez hori bakarrik. Egungo erregeak, bere oinordekoak eta, beraz, diktadorearen oinordekoak, bukatutzat eman behar du Espainiako monarkiaren historia, aurretik hartutako herentzia guztien kontuak ondo erakutsita gainera (estatuko buruzagitza barne); bere bortxaezintasunari uko egin behar dio, eta monarkiak herritarrekiko eta estatuko herri eta nazioekiko duen zorra aitortu behar du. Espainiako herritarrek, bestalde, estatu formari buruzko iritzia emateko askatasuna izan behar dute…
Eta guri dagokigunez, gogora dezagun beste behin: Euskal Herriak ez du erregerik.