Bihotz-sustangarriak diren emaitzak
Dante Edme-Sanjurjo, Eusko-aren lehendakaria. (Artikulu hau Xabier Harlouchetek idatzi du eta Landeian 194 zk. argitaratu da)
Apirilaren 12an ospatuko duten bigarren Biltzar Nagusia aurretik Euskoaren lehen emaitzen ezagu- zeko parada ezin hobea da. Dudarik gabe, jendartearen eraldaketa ekologiko eta sozialaren bai eta ber-euskalduntzearen aldeko tresna berri bat errotzen ari da Ipar Euskal Herrian.
-Urte bat eta gero, nola doa Eusko-a?
-Euskoa, 2013ko urtarrilaren 31an oso indartsu hasi da. Urte osoan berdin jarraitu du, abenduan 2700 pasa erabiltzaile zituelarik eta 500 pasa komertzio, enpresa eta elkartetan erabiltzen ahal zelarik. Euskoa oso laster hautatua izan da esparru ezberdinetako ehunka jendeetaz.
"Gaur egun orotarat 260.000 eusko daude zirkulazioan. Bere 500 enpresa, elkarte eta komertzioekin"
Hori, ber denboran euskara, tokiko komertzio, enpresa eta elkarteak laguntzen dituelako, eta era berean, Euskoa tresna eraginkor bat delako ingurumenaren eta tokiko enpleguaren babesteko, ekonomia ber tokiratuz.
-Zer mailatan zuen itxaropenak gaindituak izan dira?
-Proiektua hasteko 126.500 eusko inprimitu genituen, pentsatuz horrekin 2 urte iraungo genituela. Hori aurre ikusi ginuen konduan hartuz Europako tokiko moneta dinamikoenaren bilakaera, hots chiemgauer-arena, 2003an Bavaria-ko hegoaldean sortu zenarena. Haiek 2007an gainditu zituzten 100.000 chiemgauers-ak… Gu aldiz 4 hilabetetan 126.500 euskoak zirkulazioan sartzea behartuak izan gira eta ondotik 350 000 eusko inprimitu ditugu ekainean.
"Enpresa bat Euskoren kide bilakatzen delarik, bi urtez bi desafioren gainditzerat engaiatzen da. Bata ingurumenaren alde. Bestea euskararen alde"
Gaur egun orotarat 260.000 eusko daude zirkulazioan. Bere 500 enpresa, elkarte eta komertzioekin, Euskoaren sarea bilakatu da urte batean bakarrik Frantses Estatuko lehen tokiko moneta eta Europa mailan, dakigunez, 2. edo 3.a. Horiek hola, Estatu mailako hedabideek asko jarraitu dute Eusko-aren ibilbidea.
Horrez gain, Hegoaldean ere badira tokiko moneten proiektuak. Asko gurekin harremanetan sartzen dira, eta interesantea litaike Hegoaldea eta Iparraldearen artean sistema amankomun bati pentsatzea. Amankomuna, bai, baina ez bakarra, zeren bi justizia eremu ezberdinetan gira. Hegoaldeko proiektuei dagokie ikusterat ea nahi duten Euskoarekin oso diferentea den tokiko moneta bat sortu, ala euskoa beren lurraldeari egokitu, geroan trukaketak errexteko.
-Euskoaren sarea osatzen duten 500 enpresa, komertzio eta elkarteak engaiatzen dira 2 desafioren gainditzerat. Zer erran nahi du horrek?
-Desafio horiek dira Euskoaren eragina eguneroko bizian irudiztatzen duten molde argienak. Enpresa bat Euskoren kide bilakatzen delarik, bi urtez bi desafioren gainditzerat engaiatzen da. Bata ingurumenaren alde. Bestea euskararen alde.
"Hegoaldean ere badira tokiko moneten proiektuak. Asko gurekin harremanetan sartzen dira, eta interesantea litaike Hegoaldea eta Iparraldearen artean sistema amankomun bati pentsatzea"
Ingurumenari dagokionez, enpresa edo elkarteak bertako hiru ekoizpen guttienez erabili behar ditu, ezinean, guttienez Eusko sareko hiru kiderekin elkarlana ukan behar du edo bere aktibitatean zaborraren gaikako tratamendua segurtatu behar du. Jada enpresen %40k aitortzen dute Eusko-ari esker tokiko hornitzaile bat gehiago hartu dutela.
Euskarari dagokionez, enpresetan harrera euskaraz segurtatu behar da, edo AEKrekin 20 orduko iniziazio bat hartu, edo publikoari zuzenduak diren idatziak euskaraz eskaini behar dira. 100 bat komertziok iniziazioaren hautua egin dute, 200ek afitxaketaren euskaratzearen hautua.
-Geroari buruz zer dira oraino posibilitateak ?
-Herrikoak eta euskoaz arduratzen den Euskal Moneta elkarteak izenpetu dute hitzarmen bat, Eusko-Herrikoa izeneko inbestimendu fondo baten sortzea finkatzen duena. Fondo hori, Herrikoaren erreserbekin osatua da eta zirkulazioan diren euskoen kopuru berekoa da, hau da, 260.000 euro memento honetan. Kopuru hori ekonomiaren birtokiratzea, euskararen sustengatzea, gizarte edo eta ingurumen arloan aitzinatzea helburutzat duten proiektu iraunkorren sustatzeko erabilia izaiten ari da.
Euskoaren sarearen aurkitegia inprimitzea amaitzen ari gira eta enpresen arteko ordainketen biramendu bidez egiteko parada ikertzen ari gira ere. Geroan, garapen posibilitate ezberdinak badira, haietarik bat, ordainketa molde elektroniko baten martxan ezartzea litaike.