Mixel Berhokoirigoin: “Ganbararen kudeaketa politikoa laborarien esku izatea nahi dugu”

2017/02/08
ehlg.jpg
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) Mixel Berhokoirigoin kideari elkarrizketa egin dio Mikel Asurmendik Argia astekarian.

Mikel Asurmendi, Argia 2017/02/07

Michel BerhocoirigoinIparraldeko laborantza, ofizialki, Departamenduko Kontseilu Nagusiaren politikaren menpe dago. Zer aldaketa ekarriko du Euskal Elkargoaren sorrerak Euskal Herriko Laborantza  Ganbaran?

Hasteko, ez da bidezkoa betebehar bera duten bi instituzio izatea herrialde berarentzat. Alabaina, Departamendua oraindik hor dago, eta aldi berean, guk geure instituzioa daukagu. Herriko auzapez eta hautetsi askok nahikari handia ezarri dute laborantzan. Paueko instituziotik atera behar dugu, hemen antolatzen hasteko, baina poliki. Dena den, engoitik ez gara egoera berean.

Euskal Herriko Laborantza Ganbara ez da ofiziala. Ofizialtasuna lortu lezake euskal instituzio berriaren bitartez?

Bai, baina hori ez da aste batetik bestera eginen, hori lortzea instituzioaren dinamikan sartzen da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak ofiziala izan behar du, alta, lehenik, guk kudeatzen dugun laborantza mota ontsa zaindu behar dugu. Gure sailak eta proiektuak aitzinatzen segitu nahi dugu. Lurraz arduratzen den laborarien erakunde publikoa izan nahi dugu. Une honetan, egokiena, Laborantza Ganbarak eta Departamenduko Laborantza Ganberako Ipar Euskal Herriko adarrak laborari guztien ordezkari ofizialak izatea da.

Ongi moldatzen al zarete biak?

Ganbera ofizialaren funtzioak bi dira: nekazaritza sektorea ordezkatzea eta garapenaren animazioa egitea. Alta, bi ganbarek funtzio organikoa betetzen dugu: laborantzaren ordezkapena Estatuko botere publikoaren aurrean eta beren garapenaren kudeaketa. Ofizialki, Ipar Euskal Herriko laborantzaren ordezkaria Paueko Laborantza Ganbera da. Guk biek errekonozimendu berbera izatea nahi dugu. Alabaina, ez dugu nahi Ipar Euskal Herriko laborariak ordezkatzen dituen ganbara bakarra izan dadin. Ganbara ofizialekoek gu Paueko Laborantza Ganberaren aurka antolatu ginela erran dute beti. Orain, berriz, gu erakunde publikoa garela eta laborantza guztia ordezkatu behar dugula diote. Guk gure lekua atxiki nahi dugula diogu, biak beharrezkoak direla, maila eta eskubide berdinak ukanik bakoitzaren berezitasunak lantzen segitzeko.

Orain zuen lanaren ezagutzaz gain, ardura osoa zuena izatea  nahi dute?

Ofizialki ez, baina eguneroko praktikak bestela erakusten digu. Adibidez, Hego Lapurdin ur kalitatea pilotatzeko komite bat ari da lanean. Elkargoaren presidenteak komite horretan nor ariko den galdetzean, ez du ganbara bakarra dela esaten. Praktikan onartu gaituzte.

Zein da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen egoera gaur egun?

Ez gara gure beharretatik urrun. Abiadura eta maila onean ari gara, behar dugun mailatik %90 inguruan. Gazteen beharrei buruz lan franko egin dugu, baina segidarik ez duten etxaldeak hobeto zaindu behar ditugu. Baserrietako transmisioa azkartu nahi dugu. Agro-ekologiaren sailean areago sakondu nahi dugu 2017an. Adibidez, laborari berriak hurbildu zaizkigu formakuntza saioetara. Laborantza eredu zehatz bati lotua dira gazteak, pestizida gutxiago erabili nahi dute, defentsa naturalak garatzeko moduez interesatuta daude.

Laborantza Ganbarak 18 langile ditu egun. Gehiago behar al du?

Aitzina egiteko langile pare bat gehiago baino ez dugu behar. Egiturak ongi funtzionatzen badu eta laborariak inplikatzen badira, Ganbararen martxa eta bere lan sailak laborariekin batera finkatzea dugu gure xede, ez soilik beraiekin, baina haiek funtsezko oinarria izanik. Bulego lanetan inplikatzea baitezpadakoa da, horrek lan asko eskatzen dio laborariari, baina finean, garrantzizkoena kudeaketa politikoa laborarien esku izatea da. Horrek, noski, eskatzen du ganbarako langileen eta laborarien arteko elkarlana ongi finkatzea eta koordinatzea. Azken ardura laborarien esku izatea nahi dugu. Ganbarak ez badu funtzionatzen ez dadila langileen hutsengatik izan, laborarien arduragabetasunarengatik baizik.