"Klima aldaketaren aurkako borroka klase borroka ere bada"
Mikel Gomezek Sukar Horiaren izenean mintzatu du, trantsizio ekologiko justua helburu duen kolektiboa. Trantsizio ekologikoaren inguruan dituzten proposamenak aztertu aurretik krisi energetikoaren inguruko zertzeladak eman ditu. Izan ere, garai baten amaieraren hasieran gaudela azpimarratu du: energia merke eta ugariaren garaia, hain zuzen. “Gurea inoizko energia gehien kontsumitzen duen belaunaldia da. Kontsumitzen den energia gehiena petroliotik dator, alde handiz. Eta, gaur gaurkoz, petrolioa ordezkaezina da. Aldiro-aldiro soluzio magiko moduko bat saltzen digute, baina petrolioak ez du ordezkorik. Askok teknologiaren garapenean jarri dute itxaropena, baina gaur egun ez dago mirari teknologikorik”.
Lurrak bizi duen tenperatura igoeraren ondorioak ere aztertu ditu. “Mendea amaitu aurretik Lurraren tenperatura lau gradutan igo daitekeela diote adituek. Mende amaiera urrutik dagoela ematen du, baina gaur jaiotzen diren umeak ondo-bidean mende amaiera biziko dute. Lau gradu igotzeak ez du esan nahi gaur 12 gradu egiten baditu mende amaieran 16 gradu egingo dituela. Giza gorputzarekin alderatu behar dugu planeta. Zer gertatzen zaigu guri gorputzeko tenperatura lau gradutan igotzen zaigunean? Hor dago erantzuna. Lurraren kasuan, gainera, argi izan behar dugu ondorioak atzeraezinak liratekeela”.
Klima aldaketaren aurkako borroka klase borroka ere badela nabarmendu du Mikel Gomezek. “Planetak guztion oinarrizko beharrak ase ditzake, baina ez du ematen Iparraldeko klase ertain-altuen bizimodua orokortzeko. Guztion beharrak bermatzeko, inoiz ez bezala banatu beharko ditugu baliabide gero eta urriagoak, jabe handiak desjabetuz. Gainera, auzitan jarri behar genuke jabetza pribatuaren eta merkatuaren nagusikeria, eta beharrak asetzeko beste bide batzuk indartu: ondasun komunak, zerbitzu publikoak, kontsumo partekatua... Murriztea eta banatzea buruan, elkarlanerako arrazoi onak ditugu mugimendu ekologistak eta langile mugimenduak”.
“Desadostasunak izango ditugu, noski. Esaterako, industria kutsatzaileak eta azpiegiturak murrizteak lanpostuen galera eragin dezake. Ezin dugu ahaztu, hala ere, bestelako lanpostuak sor daitezkeela baliabideak beste nonbait erabilita. Gainera, gaurko lanpostuek ez dute bide luzerik, oinarri ekologikoa higatuz mantentzen badira. Epe luzea buruan, kontraesana ez da langileen eta ekologisten artekoa, gaurko eta biharko interesen artekoa baizik. Horrela, ekologismoak oso gogoan izan behar luke klase ikuspegia, ingurumenaren izenean neurri erregresiborik ez babesteko; eta langile mugimenduak, aldiz, erne ibili behar luke, enpleguaren izenean txikiziorik ez zuritzeko”.