Langileen eskubideak errespetatzen dituen atez-ateko zabor bilketa baten alde

2012/04/11
ainharaojos.jpg
Ainhara Plazaola, ELAko Ingurumen Saila / ELAk atez ateko zabor bilketa sistema defendatzen du, lan eskubideak eta gaur egun lanean dauden langileen lan baldintzak errespetatuz. Ezagutzen dugun zabor bilketa sistema eraginkorrena atez ateko zabor bilketa da.

Hondakinen kudeaketa Europako Zuzentarauan (2008/98/CE) oinarritu behar da eta honek dio hondakinen kudeaketak hierarkia bat bete behar duela: lehenik hondakin kopurua murriztu, ahal den guztia berrerabili eta ondoren birziklatu. Hondakinak erretzea eta zabortegia azken irtenbideak dira. Hondakin organikoak bereiztuta jasotzea ere exijitzen du.

Atez ateko sistema da helburu hauetara gehien gerturatzen den bidea, hondakinen sorrera gutxitzen baitu eta %80tik gorako  birziklapen tasa lortzen duelako. Lau edukiontziko sistemak edo 5.edukiontziak ez dira %35etik pasatzen. Gaur egun Gipuzkoak arazo bat du: hondakin gehiegi sortzen dugu eta ez daukagu azpiegiturarik sortutakoa modu egokian kudeatzeko, horregatik beste leku batzuetara eraman beharrean gaude.

Baina arazo hau ez zaigu bat-batean sortu, aurreko urteetan egin hondakinen kudeaketa okerrak eraman gaitu honetara. Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala (PIGRUG) horrenbeste defendatzen dutenak egon dira orain arte Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren buru eta ez dute planak zioena bete. Kudeaketa planaren arabera gure hondakinak tratatzeko behar diren azpiegiturak dagoeneko eginak egon beharko lirateke, hauen artean konposta egiteko bi tratamendu planta (horregatik organikoak kanpora eraman behar izan dira, Lapatxek gainez egin duelako). Hondakin organikoak ere bereiztuta jaso behar dira eta hau ere ez dute egin. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia eraikitzea izan du azken urteetan helburu bakar eta ahal zuen guztia egin du hondakinen tratamendu posible bakarra erraustegia zela konbentzitzeko. Egoera muturreraino eramatea nahiago izan dute %80tik gora birziklatzearen apustua egin baino.

Gipuzkoako 34 udalerrik, lehenago Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolak hartutako erabakiari jarraitu diote: beraien herrietan atez atekoa ezartzea.  Gipuzkoa osora atez atekoa zabaltzeko ireki den bidea da jarrera arduratsuena momentu honetan nahiz eta oposizioak arduragabekeria leporatu dien. PPk, PSOEk eta PNVek esaten dutenaren aurka, erraustegia eraikitzea da erabaki arduragabeena.

Gipuzkoarron partaidetza behar duen proiektua da, pertsona guztion konpromisoarekin soilik egingo baitu aurrera. Horregatik herri kontsultak egitea ere bidezkoa ikusten du ELAk, jada Usurbilen 2010ean egin zen bezala, non atez ateko zabor bilketa sistema indarturik atera zen. Baina herri kontsulta hauek ezin dira komeni denean bakarrik eskatu, atez atekoa ezartzeko galdeketa egin behar bada 4 edukiontzi edo 5 edukiontziko sistema ezartzeko ere egin beharko litzateke. Aurreko urteetan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan egon zirenek herri kontsultak eskatzen dituzte, baina beraiek erraustegia bultzatzea erabaki zutenean ez zuten galdeketarik egin. Beraz erraustegia nahi dugun galdetzeko ere galdeketa egin beharko litzateke, eta nola ez, lurraldea hormigoiez betetzen duten azpiegiturei buruz herritarrei galdetzeko ere: AHT, Pasaiako Portua, Lurralde Antolaketako Planak,...

Azpiegitura handien atzean interes ekonomiko pribatuak daudela ez da berria, eta erraustegia egitea eskatzen dutenak interes hauek babesten ari dira. Horregatik ELAk exijitzen die behingoz herritarron interesak babestea, eta ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik iraunkorra den eta lanpostuak sortzen dituen atez ateko zabor bilketari ez diezaiotela boikotik egin. Ez Gipuzkoatik ,ez beste administrazioetatik ere.

ELA eragile sindikal bat da. Atez ateko sistema defendatzen dugu baina ez edozein preziotan. Usurbilgo kasuan, atez ateko sistema kudeatzeko kontrol ekonomiko eta politikotik kanpo geratzen zen enpresa publiko berri bat sortzeko asmoa salatu genuen.

ELArentzat ezinbestekoa da gaur egun zabor bilketa lanak egiten dituzten langileen eskubideak errespetatzea eta lanpostuak mantentzea. Subrogazioaren onarpena ezinbestekoa da gure babesa emateko. Atez atekoa defendatzen dugu, baina lan eskubideekin, gardentasunarekin eta kontrol ekonomiko eta politikoarekin.