Adegik ez du jada esku ikusezinean sinisten

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz fundazioa
Benetan da paradigma aldaketa bat. XVIII. mendean Adam Smith ekonomilariak esku ikusezina kontzeptua sortu zuenetik, kapitalismoak ideia bera matxakatu baitigu behin eta berriz: zuk lan egin ezazu zure interes propioen alde, ez pentsatu besteengan; besteei laguntzeko intentzioarekin ekiten duzunean inefizientziak sortzen ari zara, eta luzera, guztiontzat okerragoa izango da; eta zure interes propioaz ari garenean, zure interes material hutsez ari gara, kontsumoaz eta erosokeriaz (erosi hau, erosi hura, bidaiatu hona, bidaiatu hara, erlaxatu, ez kezkatu, eman ezazu pelotazoa, aberastu kolperik jo gabe, zuk ahal duzu); zure egoismo hori, merkatuaren esku ikusezinak, elkartasun eta onura sozialean bihurtuko du.
Jakina, ideia eta praktika horiek borrokatuak eta gezurtatuak izan dira urte luzez, baina Thatcher eta Reaganen iritsierarekin eta Berlineko murruaren eraisketarekin, ideia hauek izurrite bat bezala zabaldu dituzte Mendebaldean, eta ondorioz, Euskal Herrian. Honek, ordea, onurak gutxi batzurentzat soilik ekarri ditu, patronalarentzat, besteak beste.
Beste askok, ordea, elkartasunean, antolakuntza kolektiboan eta konpromiso militantean sinisten dugu eta, korrontearen kontra bada ere, hortik dihardugu borrokan guztion onerako. Norbera ezin baita ongi egon gainerakoak ongi egon gabe; pertsonek, beharrizan materialez gain, behar sozial, emozional eta espiritualak baitiugu. Eta erne, guztion onerako borroka hau, ez da etereoa.
Lehen aipatu dudan kultura neoliberal hegemonikoa botere ekonomikoak eta politikoak sustatu dute azken hamarkadetan, patronalaren onura propiorako. Beraz, borroka hau patronalaren interesen aurkakoa da. Orduan, zergatik hitz egiten dut paradigma aldaketa batetaz? Adegik, itxuraz behintzat, esku ikusezinean sinisteari utzi diolako. Ikus dezagun:
Gipuzkoako patronalak dio absentismoa asko handitu dela. Hitz hori nahita erabiltzen dute, gure buruan irudi jakin bat txertatzeko: alfer bat, kolpe zorrik jo gabe bizi nahi duena, lanera joan gabe kobratzen jarraitu nahi duena, aprobetxategi bat. Hain justu kapitalismoak sustatu duen subjektua: bila ezazu zure interes propioa, egon lasai, onura soziala merkatuaren esku ikusezinak ekarriko baitu.
Absentismo datu horietan, ordea, baja medikuak, baimen desberdinak (guraso-baimenak, zaintza-baimenak, ezkontza- edo izatezko bikote-baimenak…), ordu sindikalak eta beste hainbat eskubide sartzen dira. Beraz, ematen dituzten datu horiek inola ere ez dute islatzen sudurraren puntan jarri zaiolako lanera joan nahi ez duten langileen kopurua. Besteak beste, langile oso gutxik egin dezaketelako hori ondorio larririk jasan gabe eta enpresek tresna guztiak dituztelako horrelakorik gertatzen denean zigorrak jarri eta kaleratzeak egiteko.
Dena den, erabiltzen duen diskurtsoa entzunda, badirudi kapitalismoak sortu duen subjektua gustukoa duela Adegik besteen enpresetan, baina ez beraienetan. Hortaz, agian ez gara paradigma aldaketa batetaz ari, kapitalismoaren kontraesanetaz baizik. Nik nire langileei ahalik eta gutxien ordaindu nahi diet, baina gainerako enpresek beren langileei ahalik eta gehien ordaintzea nahi dut, nire produktu edo zerbitzuak eros ditzaten. Nik indibidualismoa, kontsumismoa, hedonismoa (konpromiso eza) sustatu nahi dut jendartean jendea nire pribilejioen kontra kolektiboki antola ez dadin, baina nire enpresan langileek duten konpromisoa handitu nahi dut.
Ongi iruditzen zait Adegik esku ikusezinean sinisteari utzi eta langileek enpresarekiko duten konpromisoa handitzeko plan bat egitea. Ez dakidana da planaren izenarekin asmatu ote duten: Nago. Niri erakutsi zidaten norbaitek lanera deitzen dizunean “non zaude?” galdezka, ez dela inolaz ere “lanean nago” erantzun behar. Lantokian bai, baina egonean zaudela iradokitzen duzulako…
Harira. Ondo dago langileak balio indibidualetatik harago, proiektu kolektibo batean parte hartu eta konprometitzea. Ezinbestekoa da. Baina hemen lehen galdera bat datorkit burura, eta garrantzitsua da: Adegik langileei konpromisoa eskatzen dien proiektu kolektibo horrek, enpresa horrek, zer helburu du? Zer bilatzen du Adegik enpresarekiko langileen konpromisoa handitzearekin? Langile guztion onura, ala enpresaren jabeena?
Eta bigarren galdera: estresa, antsietatea, arrisku psikosozialak, lan istripuak, lan-gaixotasunak eta istripu hilgarriak nola udaritzen ari diren ikusita, soldata bat irabazteko langileak osasuna eta bizitza galtzera iristen badira, eska dakieke hori baina konpromiso handiagorik? Konpromisoa ez al zaio beste aldeari eskatu behar? Langileen osasunarekiko, bizitzarekiko eta ongizatearekiko konpromiso handiagoa?
Erne ibili! Agian Adegik, Nago planarekin, buelta eman nahi baitio Adam Smith-en esku ikusezinaren kontzeptuari: konprometitu zaitez kolektiboarekin gutxi batzuek onura atera dezaten. Beraiek bai aprobetxategiak!