Bananeroen borroka
Xabier Irastorza, Manu Robles Arangiz fundazioko kidea. Artikulua Landeia 247 aldizkarian argitaratu da.
Hondurasen lur hartu eta berehala azaldu zidaten Idalmi, Anibal eta Marcelak: “AEBek goitik behera kontrolaturiko herrialdea da gurea. Dena esportaziora bideratua dago, elikadura, ehungintza eta meatzaritzako transnazional erraldoien neurrira egindako industria, lan eta zerga erregulazioa dugu, erabateko prekarietatean diharduen esku lan merkea. Eta horretarako iparamerikarrek beraien mendeko gobernu titereak ezartzen dituzte, erositako agintariak, eta narkotrafikanke eta maren esku uzten dute lurraldearen kontrola. Administrazio eta polizia bera ere horren mende dago, ustelkeriak jota”.
Hondurasi buruz ari dira, baina aberastasun natural, lehengai ugari eta erregai iturriak dituen beste herrialde askori buruz ere ari zitezkeen.
“Banana errepublika” deitu zion O. Henry idazleak. XX. mende hasieratik aurrera. Kolonialismo eta inperialismo kapitalista zuri eta patriarkalak bere egin duen kontzeptu eta praktika.
Egitura honen menpe, zerbitzura eta kontura bizi da 14 familiek osatzen duten Hondurasko oligarkia. Egitura ekonomiko kolonial honetako enpresaburuek “15-35 urte bitarteko eskulana besterik ez dute nahi”, dio Anibalek, Fotssieh sindikatuko Idazkari Nagusiak. 35 urtetik aurrera “ez zara desiragarria enpresarientzat”. Horrek azaltzen du lan egiteko moduan dauden herritarren hamarretik zortzik ekonomia informalera jo behar izatea bizirauteko. Herrialdeko jabetza eta aberastasunaren %90 atzerriko transnazionalen eta bertako oligarkiaren esku dagoen bitartean, herritarren gehiengoa pobrezian, enplegu oso prekarioekin edo gutxieneko diru sarrerak lortzeko bere kabuz aritzera dago kondenatua, gobernuak erregularizatu nahi ez dituen jarduera ezberdinetan.
Langileen %80 ekonomia informalean
Testuinguru honetan sortu zen 2001ean Fotssieh, Hondurasko ekonomia sozial eta informaleko langileen sindikatua. Denetarik egiten dute: nekazal produktuak, ogia, gozoak, jaki prestatuak, errepide ertzeko jantokiak, zapatak, jantziak, bitxi eta apaingarriak, poltsak, informatika zerbitzuak, argazki zerbitzuak, hezkuntza, erizaintza, kale salmenta... %80 emakumeak. Ia denek etxeko lanak, zaintza eta erreprodukzio lanekin bateratzen dituzte, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko jarduera hauek. Nimiak esaterako, 67 urterekin, Down sindromea duen bere alaba ere berarekin jarri du lanean. Honi gehitzen zaio, emakume hauetariko asko bortxatu eta erail egiten dituztela. Bai kalean, baita etxean ere.
2014 geroztik, gu ere, ELA, gure esku dagoen bultzadatxoa ematen saiatzen gara. “Garapena eta Elkartasuna Euskal Herrian” funtsa osatzeko gure afiliazio kuotetatik bideratzen den %0,7 horretatik finantzatzen ditugu, Quebeceko CSN sindikatua eta Alternatives erakundearekin batera, errealitate honetan bizi diren Hondurasko emakume eta langile hauei laguntzeko programak.
Oraingoan ordea, laguntza gehigarria eskatu digute. Sindikatua antolatzen eta zabaltzen ari diren heinean, ELAk sindikalismoa ulertu eta garatzeko duen modua eta antolakuntza eta ekintza sindikala gauzatzeko moduak beraien sindikatuko zuzendaritza kide eta antolatzaileekin lantzea, alegia. 2018an gure kongresuan izan ziren Marcela, CSN sindikatuko eta Alternativeseko kidea, eta Idalmi, Fotssiehko koordinatzaile eta lider aparta, eta konbentziturik daude ELAren eredua eta praktika sindikala oso baliagarri izan daitekeela beraientzat.
Sindikatuaren independentziaren garrantzia
Horrela bildu gara Fotssiehen federatuta dauden toki eta errealitate ezberdinetako sindikatu eta komunitateetako antolatzaileekin.
Azalduriko ustelkeria testuinguruan, sindikatuaren autonomia politiko eta ekonomikoak garrantzia berezia hartzen du. Urteetan, borrokatzaileak izan diren sindikatu eta mugimendu sozialetako kideak botere egiturek erosi eta indargabetu izan dituzte. Eta, azken urteetan, ezkerreko alderdi politikoek beraien egiturak hustu dituzte.
2009ko estatu kolpearen ondoren, sindikatu eta mugimendu sozialek bultzatuta indartzen joan den ezkerreko alderdien sorrerak eta aliantzek aldaketa historikoa ekarri du. 2021 hauteskundeetatik, lehen aldiz, ezkerreko gobernu bat da nagusi.
Hasierako ilusioa, ordea, itzaltzen hasi da. Mesfidati eta kritiko dira gobernuarekiko Fotssiehko arduradun gehienak. “Botere ekonomikoarekiko adeitsuegia izaten ari da gobernua, politikak apenas aldatu dituzte eta sindikatuen eta mugimendu sozialen aurkako hainbat neurri hartzen ari dira” dio urterik gogorrenetan Hondurasko sindikatu borrokalariena izan den CUTHeko Idazkari Nagusi izan den Baquedanok. Iritzi berekoa da Nora, Tegucigalpako 1.200dik gora kale saltzaile biltzen dituen sindikatuko burua: “Ilusio handia piztu zigun gobernu berriak, baina gure egoera hobera aldatuko duten neurri zehatzak hartzen ez badituzue kalean izango gaituzue” esan berri dio Xiomara Castro lehendakariari, berarekin izandako bilera batean. Horrelako jokaerekin ezkerra banatzen aritzeaz salatu omen zuen Lehendakariak.
Gobernuek eta botere ekonomikoek erositako ezkerreko politikari eta sindikalistekin eskarmentu handia dute eta sindikatu indartsu eta independentea nahi dute. ELAren autonomia politiko eta ekonomikoaren zutabe nagusiak beraiekin lantzerakoan oso argi dute antzeko bidetik jo nahi dutela. Trebakuntza saio amaieran argi esan zuen esklabo afrikarren eta Karibeko indigenen nahastetik sortu zen Garifunen komunitateko lider nabarmena den Letik: “Gutariko bakoitzak bere inguruan dituen ekonomia informaleko ekintzaile eta saltzaileak afiliatu beharrean gaude, komunitate bakoitzean sindikatua zabaltzen arituko diren lider berriak aurkitu eta hauek kide berriak egin ditzatela”. “Eta norbaitek uste badu hilean 20 Lempirako kuotarekin (0,83€) sindikatu indartsu eta autonomo bat sor dezakegula, jai dugu!”, azpimarratu du Idalmik egin dugun saio bakoitzaren amaieran.
Bananeroen ondorengoak antolatzen ari dira. Badute beharra, nahia, jakinduria eta antolatzeko gaitasuna. Modu xumean bada ere, elkarbanatu nahi dugun bidea da. Ez da zalantzarik elkar aberasten eta indartzen gaituela. Gora “Banana errepublikak”! Gora bananeroen ondorengoen borroka! Bada gurea ere.