(Argitalpena) Quebec-eko ezkerraren berrosatzea eta sindikalismoaren paper politikoa

2024/02/06
quebe.jpg
Thomas Collombat eta Xavier Lafrance dokumentuaren egileek, Quebec-eko ezkerrean agertu aldaketa berrien lehen azterketa bat, bi zatitan, proposatzen dute lan honetan. Sindikalismoak esfera alderdikoiarekiko harremanean duen paper politikoa galdezkatzen dugu lehenik, ikusteko zein neurritan lagundu duen Quebec Solidaire-ren (QS) indar hartzean eta honek zein neurritan hunkitu duen. Ondotik aztertzen dugu QSren sortzea eta sendotzea, ez bakarrik arlo sozial eta arlo nazionalaren arteko harremanaren berrartikulazio testuinguruan, baina baita mendebaldeko ezker alderdikoiaren birmoldaketa mugimendu zabalago baten azalpen bat bezala. Horretarako, lehen zatian aurkeztua den ekonomia politiko kritiko ikuspegi bat hartzen dugu. Hunkituak diren eragile desberdinen birkokapen historiko sakona egin behar dugu horretarako.

Thomas Collombat eta Xavier Lafrance. Artikulu hau Recherches sociographiques aldizkariaren 2022ko lehen seihilekoan argitaratu zen frantsesez.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Artikulu honek Quebec-eko ezkerraren azken aldakuntzei buruzko lehen azterketa bat proposatu du, eta bereziki alderdi eta sindikatuen arteko harremanaren bilakaerari buruzkoa. Bilakaera ulertzen da, bai erakunde sindikalek, eta bai sortzen ari den ezkerreko Québec Solidaire alderdiak, alderdien eta sindikatuen arteko harremanaz duten ikuspuntua kontutan hartuz, eta hau Quebec-eko sistema partidistaren eraldaketa sakon batek markatutako testuinguru batean, 2018ko hauteskunde probintzialen argitan. Ekonomia politikoaren ikuspegi kritiko batetik lantzen da osotasuna, alderdi eta mugimendu sindikalen “politikaren” eta “sozialaren” arteko erlazioa eta erakunde partidista eta sindikalen artean, horrek eragindako prozesu, gogoeta eta tentsioak problematizatzen dituena. Testuinguru historiko batean (sindikatuek PQrekin eta NPDrekin duten harremanaren bilakaera) eta espazio zabal batean (Europako Ezkerreko Alderdi Berrien bilakaera) kokatzen da azterketa, urruntasun konparatibo bat ahalbidetzeko eta gure aztergaiaren bilakaera berria hobeki mugatzen laguntzeko, Quebec-eko testuinguru garaikidean.

Emaitzak abiapuntua besterik ez dira oraindik eta sakondu egin behar da. Mugimendu sindikalaren atal bakar bati eskainia zaio azterketa, eta oraingoz Quebec-eko hiru eskualdetan baizik ez dira bilduak izan
aurkeztutako datuak. Azterketa sakon bat egiteko, sindikatuen mugimenduen estaldura zabalagoa eta sakonagoa burutu beharko da, baina, era berean, ikerketaren datuen bilketa alderdietara zabaldu beharko da
ere, Québec Solidaire-ko eragileekin elkarrizketak eginez, besteak beste. Abiapuntu badira ere, etorkizuneko beste ikerketa batzuetarako lanhipotesi gisa erabil daitezkeen zenbait ondorio proposa daitezke.

Oro har, eta praktikan, QSk agertzen duen NPGen mugimendu sozial eta sindikalekiko harremana maiz estu gelditzen da. Alderdi horiek hartutako “estrategia bikoitzarekin” lotutako dilema da horren arrazoia. Batetik, boterera hurbiltzen saiatzen dira, beren sinesgarritasuna gobernu arduratsuaren alderdi potentzial gisa eraikitzen saiatuz, zentro-ezkerreko
hautesleria erakartzeko, eta, bestetik, oposizioko alderdi gisa eraikitzen saiatzen dira parlamentuz kanpoko borroka bazter nahasleen bidez, instituzioek desilusionatutako eta alderdi politikoetan bere burua kokatzen ez duen biztanleriaren zatiaren sostengua lortzeko. Dilema horren ondoriozko zailtasunen erakusgarri da, NPGek koalizio gobernuetan parte hartzeak edo laguntzeak, askotan hauteskunde sostenguak erortzea eta gizarte mugimenduetatik aldentzea dakarrela, alderdi horiek zuzenean edo zeharka austeritate-politikak gauzatzen parte hartzen duten bitartean, eta, horrela, sinesgarritasuna galtzen dutela oinarrien aurrean. Honek gogorarazten digu NPDek Kanadako hainbat probintziatan azken hamarkadetan eratutako gobernu ezberdinen esperientzia. QSk gaur egun hedatzen duen estrategiak, alderdiak parlamentuz kanpoko kanpaina propioak abiaraztea eta alderdikoak ez diren erakundeenmobilizazioekiko distantzia pixka bat mantentzea ekarriz, agian, alderdiarentzat garrantzitsua izaten jarraitzen duen arazo bat konpontzea baino gehiago honen saihestea du helburu. Sortu zenetik, alderdiaren garapenerako erronka bat da erakunde sindikalekin harreman sendoago bat ezartzea, besteak beste. Horrek eragina du QSren hauteskunde garapenean eta parlamentuz kanpoko garapenean. Lehenik eta behin, QSk bultzatutako kanpainak masifikatzeko eta irabaziak lortzeko zailtasuna planteatzen da, Quebec-eko gizartean askoz ere handiagoa eta estrategikoki kokatuagoa den mugimendu sindikal batera hurbildu ezean. Gero, ezkerreko alderdi baten sinesgarritasun elektoral eta programatikoaren arazoa planteatzen da, oraindik gehiengoaren babesa lortzen ez duen mugimendu sindikal baten boz eramailea izan nahi baitu.

Sindikalismoak, bere aldetik, berriz ere erakutsi du ez dela eragile sinple edo uniformea. QSren eta bere azken arrakasten aurreko jarrera, zentralen arabera ez ezik, zentralen baitan ere aldatzen da, hauetan
kontraste garrantzitsuak ikusten baitira kokapen geografikoaren edo erakunde motaren arabera, besteak beste. Azaldu ditugun aurretiazko datuak ikusirik, badirudi QSri adierazi sostengua askotan inplikazio
politiko aktibora bideratuagoak diren metropolia eskualdean eta egitura sindikal interprofesionaletan biltzen dela. Bestalde, delegatuen eta haien erakundeen arteko jarreren aldeak berresten du egitura sindikal bat bideratzeak ez duela bermatzen, nahitaez, afiliatuen atxikimendu masibo edo gehiengoarena lortzea. Talde baten posizioa talde horren baitan dauden joeren isla bada, eta, horren truke, nolabaiteko eragina badu kideengan, dena den, egokitasuna ez da perfektua izango, eta ez dago gehiengoaren erabakiarekin bateratzerik.

Era berean, ideia horren arabera, sindikatuek alderdiekin duten harremana biziki estrategikoa da. Izan ere, azken hauek ez dute alderdien “beharrik” beren programa politikoa zehaztu edo gidatzeko. Jendarte
eztabaida zabalak sortzen dira erakunde sindikalen barnean bertan, eta erakunde horiek beren aliantzei buruz gogoeta egiten dutenean eremu alderdikoian, kidetasun ideologikoak eta eraginkortasun politikoa uztartzea da benetako xedea. Zentzu horretan, “hautetsontzien alderdiak”, gutxienez, “kalekoak” bezainbesteko balioa du langile mugimenduaren gogoeta estrategikoetan. Azken batean, PQ ez bada gehiago jaun eta jabe, izan ahal den gisara, Quebec-eko espazio aurrerakoian, batez ere erakunde sindikalen baitan, agerikoa besterik ez da ohartzea hegemonia berririk ez dela marrazten hemendik edo handik. Badirudi sostengu sindikalen aniztasuna eta autonomia beharrezkoak direla eta QSri hainbat sektoreengandik babes zabala adierazten bazaio ere, alderdi politikoen eta mugimendu sindikalen arteko artikulazioaren erronkak bere horretan dirau.