Fracking ez! Ez Araban ez inon!
Ainhara Plazaola, ELA ingurumena eta Fracking ez Araba Plataformako kidea
Gas hau lur azpian metro askora aurkitzen da eta bera ateratzeko teknikak ere, fracking edo fraktura hidraulikoa deiturikoak, kalte handiak eragiten ditu. Fraktura hidraulikoa lortzeko ura (%98) eta sustantzia kimiko ezberdinen (%2) nahasketa bat presio bidez lur azpian sartzen dute lurrazpiko geruzetan dagoen gasa ateratzeko. Erabiltzen den ur kopurua izugarria da eta sustantzia kimiko horiek portzentai txiki bat izan arren kopuruz oso handia da. Sustantzia hauek akuiferoetara filtratzea denbora kontua da, eta ingurumenean zein giza osasunean kalte konponezinak eragiteko arrisku larria dakar. AEBn jarduera honekin izan duten esperientziak erakutsi du akuiferoak eta lur azaleko ura kutsatu egiten dela. Ateratzen den gasaren zati bat gainera atmosferara isurtzen da berotegi efektua areagotuz eta airea kutsatuz. Fracking-ak beraz inguruko populazioaren osasunean eragin larriak sortuko ditu. Baina beste kalte batzuk ere ekarriko ditu: lur-mugitzeak, habitataren suntsiketa, kutsadura akustikoa, lokatz toxikoen gainazal-putzuen eraketa, nekazaritzarako lurrak galtzea,...
Energia enpresa handiek mundu osora zabaldu nahi dute jarduera hau eta dagoeneko 30 herrialdetara iritsi dira, tartean Euskal Herrira. Araban, lur azpian dagoen gasa aztertzeko bi putzu irekitzeko baimena lortu dute. 100 milioi euro kostako diren azterketa putzu hauek Gasteizko udalerrian daude kokatuta, baina herrialde osora zabaldu nahi dituzte; are larriagoa litzateke azterketa hauen ondoren benetan gasa ateratzen hasiko balira, ehunka putzu beharko liratekeelako gasaren ustiaketarako.
Datorkigun arazo larri honen aurrean, dagoeneko Araban plataforma bat sortu da Fracking Ez Araba deiturikoa, non ELAk parte hartzen duen. Talde honen helburuetako bat gas mota honek ekarriko dizkigun kalte larriak gizarteari azaltzea da. Baina baita administrazio ezberdinei proiektua geldiaraztea exijitzea ere. Teknika honen erabilpenaren eraginaren inguruko ziurtasun zientifikorik ez dagoenez, europar legedian jasotzen den Ardura Printzipioa bete dadin eskatzen dugu. Kasu honetan, gainera, ingurumen inpaktu azterketarik egin gabe putzuak martxan jartzeko baimena eman diete, beraz printzipio hau urratu egiten da. Printzipio hau jarraituz, Frantziak eta Herbehereak fracking-a debekatu dute jada.
Ez ohiko gasaren ustiaketa oso kutsakorra eta arriskutsua izateaz gain, atzera pausu bat da energia ereduaren aldaketan. Gure energia kontsumoa modu esanguratsuan murriztu eta erregai fosilen erabilera alde batera utzi behar dugu energia berriztagarrien mesedetan. Inbertsioak eta esfortzuak energia kontsumoa gutxitu eta berriztagarriak garatzeko bidean egin behar dira. Ez ohiko gasa ateratzeko proiektua defendatzen dutenek energia burujabetasuna, lanpostuen sorrera eta aberastasuna goraipatzen dute. Baina prezio altuegia dauka mota honetako garapenak. Energia iturri berriztagarriekin ere hau posible izango litzateke: lanpostuak sortzen dira, sektore garbiak garatzen dira, aberastasuna dakar,... Eta batez ere benetako energia eredu iraunkorra da ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik; ez ohiko gasaz ezin daiteke berdina esan. Ez ohiko gasaren azterketan eta ustiaketan inbertituko diren milioiak berriztagarrien garapenean eta energia kontsumoaren murrizketan inbertitu behar dira.
Larunbatean denok Gasteizera!