Manu Robles-Arangiz
Manu Robles-Arangiz gaztetatik sindikalista izanik, ELAren sorreran parte hartu zuen. Euskal nazionalismoaren buruzagi historikoetako bat izan zen. Bere bizitza Euskal Herriko langile-mugimenduari eman zion.
Lanbidez tipografoa zen, eta 1908an egin zen Euzko Alderdi Jeltzalearen kide. 15 urte besterik ez zituela, 1911n ELA-SOVen sorreran parte hartu zuen (Solidaridad de Obreros Vascos-Euskal Langileen Alkartasuna). Urtetan Euzkadi egunkarian lan egin zuen. ELAren Euzko Langile argitalpenaren zuzendari izan zen 1919 eta 1933 bitartean, eta “Aberri” joeraren kidea, jeltzaleen artean sortu zen zatiketa independentistakoa, alegia.
1924an Argentinara erbesteratu zen, Primo de Rivera diktadorearen aurkako idatzien ondorioz jazarri baitzitzaizkion. Buenos Aireseko portuan zamaketari lana egin zuen, eta gero bertako La Razón egunkarian hasi zen. Aurrerago Tarbesera (Frantzia) joan zen bizitzera, Luisa Bernaola y Salcedo emaztearekin batera, eta Le Sillon egunkarian jardun zen. 1927an itzuli zen erbestetik Bilbora, eta etena egin zuen bere bizitza militantean, bere familiari eta zaletasunei (antzerkia, literatura eta antzinako historia) emana. Tarte horretan melodrama historiko bat idatzi zuen, baina hau ez zen estreinatu.
1929an ELAk Eibarren egin zuen Kongresuan hitz egin zuen, eta beronen itxiera hartu zuen bere gain. 1931. urtean Bilboko barrutian Gorteetarako Diputatu hautatu zuten indar estatutisten zerrendan. 1933an eta 1936an ere berriz hautatu zuten. Gasteizen 1933ko apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean izan zen ELAren II. Kongresuan mahaiburu izan zen eta Konfederazioaren lehendakari izendatu zuten, behin-behinean, berak hala nahi zuelako. Haatik, 1936ko altxamendu faxistak eta ondoren erbesteratu beharrak karguan frankismoaren amaiera arte jarraitzera derrigortu zuen.
1936an Errepublikaren aurkako estatu-kolpea gertatu zenean Manu ELAko organoa zen Lan-Deyaren zuzendari zen. Manuel de Irujo eta beste militante askok kolpearen kontra agertu zuten jarrera argia erabakigarria izan zen EAJk Errepublikaren aldeko leialtasunari eusteko. Erbestera joan zen eta Comité de Ayuda a los Vascos izenekoa sortu zuen. Gerra amaitu zenean Lapurko Beskoitzera joan zen bizitzera eta frantses Erresistentziaren "Alsace-Lorraine" sarearekin lan egin zuen.
Erregimen frankistaren aurkako agitazioa indartzeko Bilbora itzuli zen 1952an, baina hurrengo urtean atxilotu eta Martutenen espetxeratu zuten. 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina nazioarteko presio politiko eta sindikalak askatzea eragin zuen. 1960an Beskoitzera itzuli zen.
ELAk 1976an bi saiotan banatuta egin zuen III. Kongresuan, 60etako hamarralditik Hego Euskal Herrian antolatzen ari ziren militante gazteen alde egin zuen; arduradun berriok koordenatu ideologiko berriekin zetozen, jeltzale historikoengandik urrunduta. Kongresu hartan Robles-Arangiz lehendakari hautatu zuten, baita 1979an berrautatu ere. Lapurdin hil zen 1982an.
Idazle lan ugaria utzi zuen: kronikak, artikuluak, edota ¿Socialismo o Comunitarismo? liburua, Bilbon 1976an argitaratu zena. ELA sindikatu sozialista gisa definitzearen aurka zegoen (hain zuzen, gure Printzipioen Adierazpenak jasotzen zuena), baina III. Kongresuan izan zuen “porrot” ideologikoa alde batera utzita, militante sindikal berrien aitortza eta maitasuna jaso zuen; militanteok ere frankismoaren gau luzearen ostean 1911ko bultzada bera hartu zuten beren gain: klase-sindikatu abertzalea eraikitzea, euskal konfederazio sindikal sozialista, independente eta internazionalista.
Manuk III. Kongresuaren hasieran esandako hitzak argigarriak dira: “Ziur nago gure hirugarren kongresutik aterako den argi fokua askorentzat izango dela zuzi iraunkorra, zeinak argituko dituen orain arte izan zitzaketen erabaki ezin eta zalantza asko”.