Nafarroan ‘Aldaketaren 10 urte?’ jardunaldia

2026/01/27
AZALA.jpg
Hamar urte igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik kanporatua izan zenetik. ‘Aldaketaren gobernua’ deitutakoa osatu zen 2015ean, Geroa Baiko Uxue Barkos presidentea buru, eta 2019ko hauteskundeetan hartu zuen presidentetza Maria Chivite PSNko kideak. Aldaketa hori gertatu den edo ez baloratzeko unea da.

Horregatik, ‘10 urte UPN gabe. Gauzatu gabeko aldaketa’ txostena osatu du ELAk esparruz esparru, eta hori oinarri hartuta, mahai ingurua antolatu zuen 2025eko urrian Iruñeko Katakraken honako gonbidatuekin: Patxi Zamora (kazetaria eta Kontuz! elkartea), Amaia Zubieta (militante feminista), Ruben Lasheras (UPNA eta pobreziaren ikerlaria), Iker Narbona (Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista), Ainara Gorostiaga (Torturaren Sarea) eta Pablo Llorente (Sustrai Erakuntza).

Jarraian dituzue bakoitzaren hitzartzeak.

Iker Tubia (euskaraz): “Nafarroako Gobernuak ez du euskararen normalizazioa helburu nagusitzat”

Euskararen auziaz jarduteko hartu zuen hitza Iker Tubia kazetariak eta LABA espazioko kideak. Euskarak Nafarroan urratsak egin dituela dio, baina hainbat erronka jarri ditu mahai gainean. Horien artean, Nafarroako Gobernuaren marra gorriak irauli eta jendearengana gerturatzeko premia.

 

Amaia Zubieta (euskaraz): “Greba feministaren ondoren, oso mingarria izan da erantzun politikoa”

Nafarroako mugimendu feministaren ibilbideaz aritzeko parte hartu zuen Amaia Zubieta militante feministak. Aurrerapausoak jaso eta herritarren erantzuna txalotu arren, deitoratu du erakundeen greba feministaren osteko erantzuna, besteak beste.

 

Ainara Gorostiaga (euskaraz): “Nafarroan 1.403 tortura kasu egon dira”

Torturaren auziaz jarduteko hartu zuen hitza Ainara Gorostiaga Torturatuen Sareko kideak. Aldaketa gertatu arte, ezin zen torturaz hitz egin. Orain, ikerketari esker, Nafarroan 1.403 kasu azaleratu dira, Gorostiagak azaldu duenez.

 

Rubén Lasheras (gazteleraz): “Migranteek prekarietatea ‘lapurtzen’ digute”

Rubén Lasheras UPNAko irakasle eta pobreziaren ikerlariak egin zuen hamar urteotako argazkia, eta ondorioa ez da xamurra: okerrera egin du Nafarroako pobreziak.

 

Pablo Llorente (gazteleraz): “Garraio publikoa sustatu beharrean, AHT bultzatu dute”

Sustrai Erakuntza elkarteko Pablo Llorentek ingurugiroko balantzea egin zuen. Aldaketa gutxi ikusten ditu, abiadura handiko trenaz gaindi, berriztagarrien edo makro abeletxeen proiektuek aurrera jarraitzen dutelako, besteak beste.

 

Patxi Zamora (gazteleraz): “Eliteei min handia egin genien izen-abizenekin izendatu genituelako”

Patxi Zamora kazetari eta Kontuz! elkarteko kideak atzera begiratu, eta lortutakoaz hitz egin zuen. Baita antolatu eta eliteei aurre egiten jarraitzeko beharra azpimarratu ere.