Jane McAlevey: “Mobilizazioa ona da, baina egoerak aldatzeko eta garaipen handiak lortzeko gehiengoa aktibatuko duen antolakuntza lana behar dugu”

2024/07/30
McAlevey.jpg
Uztailaren 8an hil zen Jane McAlevey, sindikalista, militante sozial, hezitzaile, estratega eta antolatzailea. 59 urterekin zendu zen minbizi larri baten ondorioz. Bere bizitzari eta bere irakaspen nagusien inguruan Democracy now! saioan 2024ko apirilaren 23an egin zioten elkarrizketa duzu ikusgai hemen.

ELAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak bere bizitza eta lanari jarraipena egin izan diote, bereziki azken urte hauetan. Organizing For Power, nazioarteko langile eta sindikalistentzat antolaturiko trebakuntza programan parte hartu izan dugu, bere lan bat ere itzuli eta argitaratu dugu: “Unions Organizing in the Fight for Democracy", “Antolakuntza sindikala eta demokraziaren aldeko borroka”. Eskura duzue web orrialdean. Bere irakaspenak gurera egokitu eta baliagarri egiten ere saiatzen ari gara.

Oraingoan, aitortza eta omenaldi moduan, 2023ko apirilaren 23an, “Democracy now!” saioan egindako elkarrizketa mamitsua dakarkizugu. Bertan ordu bete baino gehiagoz, bere bizitzaz, AEBetako langile-klasearen egoeraz, mugimendu sindikalaz, antolakuntza eraikitzearen beharraz eta bere bizitzako irakaspenez aritu zen. Hori guztia, minbizi hilgarri baten ondorioz, bere bizitzako azken uneez disfrutatzen ari zela jakitun.

Disfrutatu, militantzia, antolakuntza gakoz eta bizi irakaspenez beteriko testigantza honekin.

 

Elkarrizketa honetan, McAlevey-k bere bizitzako ibilbideaz eta langileen eskubideen aldeko borrokaz dihardu eta, era berean, bere gaixotasunaren eta gertu duen heriotzaren inguruko esperientzia pertsonala eskaintzen du. Testigantza hunkigarri bezain bikaina.

McAlevey sindikalista eta militante soziala izan da urte askoan. Langileen antolakuntzari eta negoziazio kolektiboari buruz hainbat liburu idatzi ditu. Hala nola

Sindikatuen boterearen eraikuntzaren gako nagusiak eta langileen parte-hartzea areagotzeko estrategiak aztertu ditu bere lanetan eta bere militantzian. Bere borrokak hainbat garaipen ekarri ditu, besteak beste, elkarrizketa honetan hizketagai den AEBko Chattanooga Volkswagenen fabrikako sindikalizazio prozesua eta UAWren (United Auto Workers) kide izateko langileen bozketa historikoa.

Elkarrizketan, McAleveyk bere aktibismoaren hasierak gogoratzen ditu. Ikasle mugimenduaren parte hartzeak izan zuen garrantzia, apartheidaren aurkako borroka, ekologiaren aldeko militantzia. Esperientzia horiek bere antolakuntza metodoak eta estrategiak garatzen lagundu zioten. Hor ikasitako asko dira, ondoren, langile mugimenduan erabilgarri gertatu zaizkionak.

McAleveyrentzat langileen gehiengora iristeko estrategiak garatzea ezinbestekoa da lorpen garrantzitsuak lortzeko. Mobilizazioaren planteamenduak, jada ados daudenak batzea eta mugi araztea ez da nahikoa gauzak sakon aldatzeko. Beraien taldeetan liderrak diren pertsonak, sarritan urrun edo hasiera batean gurekin ados egon ez daitezkeenak gureganatzea eta gehiengo oso zabalak antolatzea funtsezkoa da. Hori izan da bere lan militantearen ardatza azken 20 edo 25 urteetan.

Sindikatuen ezinbesteko lana da langileak entzutea, gaitzea, itxaropena piztea eta antolakuntza eta borrokarako tresnak ematea.

Sindikalistak, aktibistak eta langile xumeak gaitzeko, trebakuntza saio eta programa erraldoiak garatu eta eraman ditu aurrera (Organizing For Power, O4P). AEBetan eta mundu osoan ia 40.000 pertsona trebatzera iritsiz.

2009tik, ordea, bere militantzia lana utzi gabe, minbiziaren aurkako borrokan aritu da buru belarri. Honetan ere eredugarri izan da McAlevey. 2024Ko uztailaren 8an, mieloma anizkoitz baten ondorioz, zendu zen arte.

Hemen duzu elkarrizketa osoaren transkribapena. Merezi du!