Garaipenaren hasiera baino ez da izan

2019/11/14
elorrio karaokea.png
Elorrioko garbikuntzako langileek euren soldata %20 igotzea lortu dute bost hilabeteko grebaren ostean

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbikuntzako emakumeek ireki zuten bidea. Bederatzi hilabetez greban izan ziren, eta borroka luze eta eredugarri baten ostean soldata-arrakalarekin amaitzeko urrats handiak lortu zituzten.

Bide horri jarraikiz, hainbat dira bide beretik joko duten gatazkak. Horien artean, Elorrioko udal eraikinen garbiketaz arduratzen diren emakumeak. 2018ko apirilaren 29an greba mugagabeari ekin zioten, emakume izate hutsagatik jasotzen duten bazterketari aurre egin eta garbiketa lanak egiten dituzten gizonen aldean zuten soldata-arrakala murrizteko. Azkenean, urriaren 7an euren aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen akordioa sinatu zuten: lan-karga handiari aurre egin ahal izateko lanaldiak luzatzea, kategoria igoerak, lanaldi partzialak hobetzea... Guztira, langileek kolektiboaren soldata %20,76 igotzea lortu dute.

Ane Zelaia Zerbitzuak federazioak Gernika-Durangon duen arduraduna da. Lortutako akordioaren garrantzia azpimarratzen du, gatazka osoan zehar langileek izan duten jarrera goraipatuz. “Akordioa posible izan da langileen mobilizazio eta borrokarako gaitasunari esker. Nabarmentzekoa da langileen arteko batasuna, hasieratik argi izan baitute garaipena borrokatuz eskuratuko zutela”.

Lan gatazka hau bost hilabetez baina gehiago luzatu da. Asko ikasi dutela aitortzen du Zelaiak. “Tamalgarria da bidezkoak ziren lan-baldintzak eskuratu ahal izateko gatazka bost hilabetez luzatu izana. Borroka honek agerian uzten du Administrazioak azpikontratatutako esparruan grebak ezinbestekoak direla, hain zuzen, azpikontratazio sistemak berak bultzatzen dituen miseriazko baldintzak gainditzeko”.

Bost hilabeteko greba bat gauzatzea ez da gauza makala. Langileen mobilizazioa eta borrokarako gaitasuna ezinbestekoa da, baina horretaz gain sindikatu indartsu baten babesa.

“Soilik greba kutxak ematen duen sostengu ekonomikoari esker posible da bost hilabete baina gehiago irauten duen gatazka bati eustea. Hau begi-bistakoa da, baina badago aipatu nahiko nuken beste faktore bat. Oso garrantzitsua izan da denbora guzti honetan grebalariak babestuak sentitu izana. ELAko delegatu eta militanteen babesa jaso eta sentitu dute, eta herritar askok ere euren babesa adierazi diete. Esaterako, Elorrioko Gaztetxeko kideek euren aldarrikapenak babestu dituzte. Oso garrantzitsua da bizitzaren edozein esparrutan babesa sentitzea, eta horrelako borroka batean zer esanik ez”.

Elorriokoa garaipen handia izan da, baina ez bakarra izango. Garaipenaren hasiera baino ez da hau. “Soldata arrakalaren kontrako borroka beste eremu batzuetara zabalduko dugu. Ziur naiz epe ertain-laburrean gisa honetako albiste on gehiago ere izango ditugula”.

Akordioa Ubik-en, besteak beste %32ko soldata igoera lortu ostean

Hemendik aurrera Ubik-eko langileek %32 gehiago irabaziko dute urtean, 18.000 eurotik 23.947 eurora pasata. Lanaldia txikiagoa izango dute; urtean 1.742 ordutik 1.645 ordura pasako dira, 97 gutxiago. Orain arte aitortuak ez zituzten hainbat plus ere jasoko dituzte; adibidez, igandeetan lan egiteagatik, disponibilitateagatik edo antzinatasunagatik.

Lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak, baina baita norberaren bizitzarekin zerikusia duten hainbat gauza izango dituzte etorkizunean. Egutegia jasangarriagoa eta ordenatuagoa izango da, asteburu gehiago libratzeko aukera izango dutelarik. Eta uda garaian opor gehiago izan ahalko dituzte. Hau gutxi balitz, lanaldien egonkortasuna bermatuko dituen hainbat klausula ere lortu dituzte, bajen ordainketan hobekuntzak jasotzen dira eta akordioaren jarraikortasuna blindatuta izango da.

Lan eta bizi baldintzen hobekuntza nabarmen hau ez da zerutik etorri den miraria, kulturaren arloan lan egiten duten hainbat gazte prekariok zortzi hilabetez aurrera eramandako greba baten emaitza da.

Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegian lan egiten duten bitartekariez mintzo gara. Langile hauek greba mugagabea hasi zuten 2018ko abenduaren 22an, Tabakalerak prekarietatera kondenatu nahi zituela salatzeko. Azkenean, abuztuan aurreko paragrafoetan aipatutako akordio bikaina lortu zuten.

Borroka eredugarria izan da Ubik-eko langile hauena. Makina bat ekimen gauzatu dituzte euren egoera salatu eta zerbitzu honen kudeatzaileei –Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– zein lizitazioaz arduratzen den enpresari –Sedena S.L.– akordio bat exijitzeko. Azkenean, gazte hauek argi utzi dute kolektibo desberdinen elkarlanarekin, eta sindikatuaren antolakuntzarekin, lan baldintza duinak posible direla.