Jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen gida praktikoa
Deskargatu Jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen gida
Hala ere, ez da komeni bertan goxo geratzea, lortutako eskubideak aski direlakoan, bereziki emakumeen kasuan, are gehiago feminismoaren goraldiarekin batera eskuinaren eta eskuin muturraren hedapena ere indar hartzen ari den garaiotan.
Gida hau jaiotzagatik eta adingabeak zaintzeko dauden prestazioen eskuliburu praktiko bat da. Berez, informazioa eskuratzeko baliabide praktikoa da, baina, era berean, izan diren aurrerapausoak ere jasotzen dira modu sinbolikoan eta errealean.
Aurrerapauso garrantzitsu horien adibide eta erakusle dira, besteak beste, honako hauek: 2019/04/01etik aurrera, amatasun- eta aitatasun-prestazioak bateratu eta parekatu egin dira (gurasoen sexua edozein izanik ere) prestazio bakar batean, jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioan, hain zuzen; onartu egin da guraso-baimenak besterendu ezinak direla eta, beraz, auzitan jarri dira rol eta familia-eredu tradizionalak; gaztelaniazko testuan lehen “langileak” hartzen ziren onuradun, eta orain “pertsona langileak” aipatzen dira, edota erditze terminoaren ordez jaiotza jarri da.
Hizkuntza ez da zerbait ezdeusa eta hutsala, batez ere iruditeriak aldatu nahi baditugu eta biztanleriaren erdia baztertzen duen kultura matxistarekin apurtzea helburu bada.
Hori bai, berdintasuneko mekanismo formal horiek izan ditzaketen arriskuei ere arreta jarri behar diegu, eta haien eragina erlatibizatu behar dugu; izan ere, genero-berdintasunaren arloan hartu diren unean uneko neurriek eta izan diren aurrerapauso puntualek ez dituzte konpontzen sakoneko eta egiturazko arazoak, hala nola zaintzen krisia.
Funtsezkoa da zaintzen sistema publikoa berrantolatzea, eta aurrerantzean ere, agenda politikoaren aldarrikapen nagusietako bat izaten jarraitu behar du, aldaketa egiazkoa eta feminista lortuko badugu. Gaur egun, ez dago bizitzaren etapa guztiei arreta egokia emango dion zaintzen azpiegitura publiko eta osorik, eta gabezia handiak ditugu, adibidez, zero eta hiru urte arteko haurrei babes publikoa emateko zerbitzuei dagokienean.
Jabetzen gara, orobat, horrelako neurriek zatitu egin dezaketela langile klasea: batzuk eskubideekin eta beste batzuk gabe, neurri horiek eskura ditzaketen herritarrak soldatapeko biztanle-talde jakin batekoak eta baldintza sozio-ekonomiko jakin batekoak izango direlako. Nor egon daiteke soldatarik gabe hamasei astez? Alde horretatik, lana da oinarrizko eskubide sozialak eskuratzeko iturri nagusia, eta enpleguaren esparru horretan soldatapeko eta batez ere soldatarik gabeko biztanle asko baztertuta geratzen dira.
Era berean, arrakala nabarmena zabaldu daiteke sektore publikoko eta sektore pribatuko langileen artean. Gogoan izan EAEko administrazio publikoko langile funtzionarioen guraso-baimenen iraupena hamazortzi hilabetekoa dela.
Espero dezagun ez dela irudi moratua eskaintzeko beste tresna edo zuritze-neurri bat izango.