Hego Euskal Herriko 2015erako aurrekontuen balorazioa

2015/04/09
azala azterketak 32.png
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko 2015eko aurrekontuek bide ezberdina egin dute, EAEkoak onetsi baitira; ez, ordea, Nafarroakoak. Hala ere, bi aurrekontuek antza handia dute, hala nola gastu publikoa murriztu izana eta zorra ordaintzea gastu sozialaren aurretik jarri izana.

Azterketak 32, 2015ko martxoa

Behin eta berriz esan dugu hala Urkulluren Gobernuak nola Barcinarenak tarte handia dutela gastu publikoa handitzeko; esate baterako, gastuan dagoen aldea gero eta handiagoa da gure inguruko herrialdeekin alderatuta, baina horixe da krisiari bidezko irtenbide soziala emateko modu bakarra, krisia babes soziala suntsitzen ari baita.

Txosten honetan gastu publikoaren bilakaera izan dugu aztergai, eta nazioartean gertatzen denarekin alderatu dugu, eta horrek agerian jartzen du zer-nolako lehentasunak dituzten egiazki Hego Euskal Herriko Gobernuek. Horixe da Gobernuen politika aztertzeko modu nagusia, hau da, aztertu dugu zertara bideratu duten nagusiki diru publikoa, hots, oinarrizko beharrak asetzera edota zorra ordaintzera. Arrazoi hori bera dela eta, Nafarroako Gobernuko Aurrekontu Proiektua ere izan dugu aztergai, hau da, Parlamentuak atzera bota zuen huraxe.

(...)

EAE: ondorioak

2009ko eta 2015eko urtealdien artean, 900 milioi eurotan igo da Eusko Jaurlaritzak zor publikoan gastatuko duen dirua. Epealdi horretan bertan, 722 milioi euroko murrizketak egin dira osasunean (242 milioi), hezkuntzan (362 milioi) eta etxebizitzan (188 milioi), BPGarekiko. Datuek gezurtatu dute
Gobernua behin eta berriz esaten ari dena, hau da, murrizketak ez direla aplikatzen ari. Aplikatzen ari dira, eta horren ondorioz, osasun edo hezkuntza arloko sistema publikoen kalitateak behera egin du, eta, gora egin dute, aldiz, pobreziak eta gizarte babesik ezak.

Zorra handitu izan ez balitz, 900 milioi horiek aski ziratekeen Eusko Jaurlaritzaren osasun, hezkuntza eta etxebizitza arloko murrizketak eragozteko (aipatutako 722 milioi horiek), eta oraindik ere dirua sobran zegokeen, adibidez bateragarritasunaren inguruko diru-laguntzei aurre egiteko, edo gizarte kanporaketaren aurkako politika espantsiboa egiteko, eta ez murrizkorra, egungoa bezalakoa.

Eusko Jaurlaritzaren zorraren sorburua zerga politika bidegabea izan da, politika horren ondorioz baliabide publikoak gainbehera etorri baitira; beraz, beharrezkoa da zorraren zilegitasunari buruzko gogoeta egitea, bai eta haren itzulketari buruzkoa ere.

Baina Eusko Jaurlaritzaren murrizketak ez daude soilik zorra handitu izanarekin lotuta. Izan ere, gastu publikoa 1.200 milioi eurotan murriztu da, 2009ko urtealditik hona. Hau da, zorraren ordainketa alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak 300 milioi eurotan murriztu du gastu publikoa.

Foru Ogasunek, gainera, 5.585 milioi euro biltzeari utziko diote 2015ean, gastu fiskalengatik. Horrek esan nahi du progresibotasun zalantzakorreko desgrabazio mota, salbuespen, etab. horiek aplikatuko ez balira, dirusarrerak egungoak baino % 56 handiagoak izan litezkeela.

Horrenbestez, baliabide publikorik eza, gastu soziala murriztea bezala, aukera politikoa da, hots, Eusko Jaurlaritzak egin duen hautua, EAEko Foru Ogasunekin batera (EAJk, EH Bilduk eta PPk gobernatuak). Jarrera politiko hori are larriagoa da egungoa bezalako abagune ekonomikoan, inoiz baino beharrezkoagoak baitira presio fiskal handiagoa eta gastu sozial handiagoa. Beraz, ezinbestekoa da aurrekontu politika eta zerga politika errotik aldatzea.

(...)

Nafarroa: Erreforma fiskalaren gaineko balorazioa

Erreforma fiskal hau erabat da onartezina. Alde batetik, errenta altuei eta kapitalari zergak jaitsi zaizkie, eta zerga sistema bidegabeago baterantz jo da. Bestetik, ez da inolako neurririk hartu iruzur fiskalaren aurka egiteko. PSNk beste behin ere erakutsi du bere zerga politika UPNrena eta PPrena bezalakoa dela; hasieran, ez zuen bat egin Barcinaren Gobernuak aurkezturiko proposamenarekin, gai honetan bestelako jarrera izango zuelakoan, baina gerora, PSNk proposaturik onetsitako erreformaren muina berbera da; hori bai, are kostu handiagoa eragingo du diru-kutxa publikoetarako.

(...)