Arriskua hazten den tokian, itxaropena ere hazten da

Malika Peyraut, Alda elkarteko bozeramailea
[Artikulu hau "Alternatives Non-Violentes" aldizkariaren, 2025eko abenduko 217. zenbakian argitaratu zen frantsesez]
Krisiaz hitz egitea ez da apatiaz hitz egitea. Euskal Herriko bi adibidek argi eta garbi erakusten dute hori. Alde batetik, ELA sindikatuaren historia berezia: frankismo garaian eta ondoren berrantolaketa sakona egin ondoren, gaur egun bere burua antikapitalista, ekologista, antiarrazista eta transfeministatzat duen Hego Euskal Herriko klase-sindikatu nagusi bihurtu dena. Bestetik, berrikiago, Ipar Euskal Herrian auzo eta ingurune xumeetako biztanleen eskubideak defendatzeko sortutako Alda elkartearen ibilbidea. Bi esperientzia horiek, testuinguru desberdinetan garatu badira ere, irakaspen komun baliotsuak eskaintzen dituzte, eta aurre egiten diote ezkortasunari zein amore emateari.
ELA: klandestinitatetik gehiengoa izatera
2023an, Hego Euskal Herrian egoitza duen ELA sindikatuak Europako grebarik luzeena eraman zuen aurrera farmazia produktuen banaketan diharduen Novaltia enpresan: hiru urte eta zortzi hilabete iraun zuen grebak. Euskal Herriak espainiar estatuko biztanleriaren % 5 baino ez badu ere, ELAk estatu osoan egindako greben % 50,36 biltzen ditu. Presio-gaitasun handi horrez gain, nabarmena da bere afiliazio ahalmena: gaur egun 104.000 afiliatu ditu, lurraldeko soldatapeko langileen ia % 10. Datu horiek Frantziako errealitatera ekarriz gero, CGTk 2,5 milioi afiliatu baino gehiago izango balitu bezala litzateke. Eta hori guztia egiten du, kongresuz kongresu, bere burua antikapitalista, transfeminista, ekologista, antiarrazista eta erradikal moduan berresten duen klase sindikatu batek.
Edgar Morinek aipatzen duen "arriskua dagoen tokian, salbatzen gaituena ere hazten da" Hölderlin poetaren esaldiak ezin hobeto irudikatzen du ELAren ibilbidea. 1911n sortu zenean, Elizaren doktrina sozialean eta klaseen arteko harmoniaren ideian kokatzen zen, klase-borrokan baino gehiago. Lehen bi hamarkadetan, sindikatuak jarduera ugari garatu zituen —ekintza sindikala ez ezik, kooperatibak, mutualitate profesionalak, laguntza soziala eta bestelakoak—, eta 50.000 afiliatu ingurura iritsi zen Francok estatu-kolpe militarra eman eta gerra zibila piztu zirenerako.
ELAren konpromisoa zuzena izan zen demokraziaren defentsan: kide askok frontean galdu zuten bizia edo fusilatuak izan ziren; beste asko kartzelara, erbesteratzera edo isiltasunera kondenatu zituzten. Erabateko klandestinitate testuinguru hartan —Marxen testu sinple batekin harrapatua izatea heriotzarekin zigortua izan zitekeenean—, sindikatuaren biziraupena ez ezik, eraberritze sakona ere antolatu zen. Diktadura betean, gaur egungo komunikabideen irismenik gabe, talde txiki eta klandestinoetan, frankismoa kolokan jartzea ezinezkoa zirudien garaian, sindikatuko militanteek trebakuntza eta antolakuntza landu zituzten. Lan horren eta eraldaketa erradikalaren ondorioz ezarritako printzipioek azalduko zuten ondoren etorriko zen arrakasta.
1976an, Franco hil eta urtebetera, ELAk bere III. Kongresuan Euskal Herriko langile guztiei irekia den sindikatu nazional gisa berretsi zuen bere nortasuna: klase-sindikatu sozialista, internazionalista eta alderdi politikoekiko independentea. Une horretan hartu zituen bere etorkizunerako erabakigarriak izango ziren antolaketa erabakiak.
Lehenengoa, autonomia ekonomikoaren aldeko apustua egitea izan zen, afiliatuen kuotetan oinarrituta. Gaur egun, kuota horiek ELAren aurrekontuaren % 93 dira. Garai hartan askok arriskutsuegitzat jo zuten erabaki baten bidez, ELAk langile-sindikatu baterako nahiko kuota altua ezarri zuen (gaur egun hilean 27 euro ingurukoa). Horri esker, Europan parekorik ez duen erresistentzia-kutxa sortu zuen: greba erabakitzen denean, afiliatutako grebalariek lanbide arteko gutxieneko soldataren % 105etik % 210era bitarteko ordainsaria jasotzen dute. Tresna eraginkorra da patronalaren aurrean, badakielako langileek hilabeteak, baita urteak ere, greban eutsi ahal dituztela.
Beste erabaki estrategiko bat izan zen antolaketa-eredu konfederal baina zentralizatuaren alde egitea, immobilismoa saihesteko eta sektore jakin batzuek beren interes partikularren arabera sindikatua baldintzatu ez zezaten. Eredu horri esker, ELAk eraldaketa sakonak bultzatu ditu eta tradizionalki sindikalgintzatik urrun egon diren sektore prekarioetara iritsi da: oso feminizatutako lan-arloetara eta migratutako langile asko dituztenetara, hala nol,a hoteletako gelako langileak edo kale-garbiketako enpresetakoak.
Alda: entzunak ez direnen ahotsak entzunaraztea
Hizkuntza bera, beste testuinguru bat. Pirinioen iparraldean, Ipar Euskal Herrian, Manu Robles-Arangiz Fundazioko militanteek —ELAri lotua dagoen erakundea, nahiz eta ELAk Iparraldean sindikatu gisa jardunik ez izan— eta Bizi elkarte ekologistako kideek diagnosi bera partekatzen zuten. Alde batetik, elkartasunaren egitura tradizionalek, hala nola elizek edo sindikatuek, indarra galdu dutela, hamarkadetako neoliberalismoak ahulduta; bestetik, etsipenak, bizi-baldintzen okertzeak eta mespretxutu eta baztertuak izatearen sentipenak erantzun erreakzionarioen hazkundea elikatzen ari direla.
Testuinguru horretan, bi eralundeetako militanteek apustu argi bat egin zuten: ekintza kolektiboari berriro sendotasuna emango zion erakunde berri bat sortzea, jendearen kezka material eta premiazkoenetatik abiatuta. Horrela sortu zen Alda, 2020ko urrian, Covid-19aren krisi betean, mobilizazio sozialak ia erabat geldirik zeudenean.
Hala ere, hilabete gutxiren buruan, Aldak interes handia sortu zuen eta Ipar Euskal Herriko erakunde militante nagusietako bat bihurtu zen, aurretik zegoen behar sozial baten adierazgarri. Auzoetako eguneroko bizitzaz eta beharrez mintzo den bere paperezko aldizkariaren 41.000 ale banatzen dira doan lurraldeko auzo herrikoi guztietan. Auzo taldeak sortu dira Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan, herritar xumeen eskubideen defentsarako eta elkartasuna ehuntzeko estrategiak lantzeko. Aldak Baionan, Hendaian edo Donibane Lohizunen dituen bulegoetan, boluntario-taldeek astero artatzen dituzte lan-mundutik kanpoko eguneroko arazoekin jotzen duten pertsonak. 2024an, Aldak 900 pertsona eta familia lagundu zituen, garaipen ugarirekin.
Oinarrizko lan horri esker, Aldak lurraldeko joera sakonak hautemateko gaitasun berezia eskuratu du. Horrela identifikatu zuen etxebizitza zela herritar xumeen artean kezka gehien sortzen zuen arazoa, eta gai horren inguruko kanpainak martxan jarri zituen. Aldaren indargune nagusia banakako borrokak borroka kolektibo bihurtzeko duen gaitasunean datza: pertsona askok injustizia edo arazo bera jasaten dutenean, mobilizazio kolektiboa antolatzen da, presio instituzionala, ekintza mediatikoak, bortizkeriarik gabeko desobedientzia zibila eta estrategia juridikoak uztartuz, arazoaren erroari heltzeko.
Horrela, bost urte baino gutxiagoan, Aldak etxebizitzaren arloan egiturazko garaipen garrantzitsuak lortu ditu, besteak beste:
- Euskal Hirigune Elkargoan asmo handiko araudi bat ezartzea, ohiko etxebizitzak Airbnb motako turismo-ostatu iraunkor bihurtzea galaraziz.
- Frantziako Asanblea Nazionalean Echaniz-Le Meur legea onartzea, “Airbnb-ren aurkako lege” moduan ezagutzen dena.
- Alokairuen gaineko kontrol sistema ezartzea. Prefetak frantziar estatuan sekula ikusi gabeko mekanismo bat martxan jartzea, iruzurrezko alokairu kontratuen aurka
- Etxebizitza sozialeko parkean etxeak trukatu ahal izateko etxebizitza poltsa bat sortzea.
«Itxaropena gauzak alda daitezkeenaren ustearekin elikatzen da. Horregatik, Aldak bere garaipenak ikusarazteko ahalegin berezia egiten du», M. P.
Egunerokotasuneko sindikalismoa
Bi adibide horietan gorpuzten diren ekintza sindikal klasikoak zein eguneroko arazoetan oinarrituriko sindikalismoak indargune bera dute: eskubideen banakako defentsa eta borroka kolektiboak uztartzea.
Alde batetik, ideologia hutsez mugimendu batera hurbilduko ez liratekeen pertsonek erakunde militante baten atea jotzea ahalbidetzen du horrek. Eta bertan, hasierako arazo zehatzari irtenbide bat baino askoz gehiago aurkitzen dute: elkar laguntzako komunitate bat, ekintza kolektiboaren eraginkortasunaren froga praktikoa, alegia. Batzuetan, gainera, patatak zuritzeko boluntarioen txanda baten bueltan, lurraldean beharrezkoa litzatekeen eraldaketa ekologiko eta sozial sakonari buruzko eztabaida politikoan murgiltzeko aukera dute.
Eta bestetik, jardun horrek garaipen ugari lortzea ahalbidetzen du, egoera indibidual askori konponbidea eskainiz. Izan ere, itxaropena gauzak alda daitezkeenaren esperientziatik elikatzen da. Horregatik, Aldak bereziki zaintzen du bere garaipenen ezagutaraztea; ELAk ere urtero argitaratzen du bere garaipenen urtekaria: lau egunean behin garaipen bat 2022an, 114 garaipen 2023an. Bainuontzia kendu eta dutxa bat jartzea lortzen duen adineko pertsonatik hasi eta maizterrekin nagusikeriaz jokatzen duen etxejabe baten aurkako epaiketa irabazten duen familiara arte, tartean Airbnb bezalako multinazional baten gehiegikeriei lurralde oso batek muga jartzen diolarik. Txikiak zein egiturazkoak izan, garaipen horiek guztiek beste askoz handiago bat eraikitzen dute: etsipenari aurre egitea eta antolatuz gero dena alda daitekeenaren ideia desblokeatzea.
